Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzako Departamentuak ia 4 milioi euro bideratuko ditu aurten lankidetzarako laguntzetara

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzako Departamentuak ia 4 milioi euro bideratuko ditu aurten lankidetzarako laguntzetara

Goizane Álvarez: “Euro bakoitzaren atzean erantzukizuna, konpromisoa, gure inguruan gertatzen denarekiko sentsibilitatea dago, eta, azken batean, itxaropena eta aukerak sustatzen ditugu”.

2024/04/25
Ayudas

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak ireki berri du Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako (GGKE) lankidetzako dirulaguntzen deialdia, 3.992.217 euroko aurrekontuarekin. Laguntza horiek egoitza Gipuzkoan duten GGKEentzat dira. Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 24an izango da, 14:00etan eta eskatutako dokumentazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dute (https://egoitza.gipuzkoa.eus ), “dirulaguntzen atarian” sartuz.

Gaur goizean Foru Jauregian egin den prentsaurrekoan, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatu Goizane Álvarezek azaldu duenez, lankidetzarako laguntza plan hau “gizarte kontratu bat da, gipuzkoarrok mundu bidezkoago bat eraikitzeko dugun akordioa». Deialdian parte hartu dute, ere, Ana Priede Nazioarteko Lankidetzako zuzendariak, Andrea Amantegi Giza Eskubideen teknikariak eta Haurralde Fundazioko komunikazio arduradunak eta Gurutze Aizpurua, Mundu Bakean programaren Garapen Proiektuen koordinatzailea. Bi GGKE hauek iazko laguntza deialdiari esker jaso zuten finantziazioa: Haurralde Fundazioa Afrikan proiektu bat egiteko eta Mundu Bakean, aldiz, Guatemalarako.

Álvarezek bere hitzaldian esan duenez Lankidetza Departamentua erreferente izateko lan egiten ari da, bai bidegabekeria- edo ahultasun-egoerak ikusarazteko, bai proiektuak, ekintzak eta ekimenak bultzatzeko, ia lau milioi euroko aurrekontu handiarekin eta errealitateak eraldatzeko helburuz. “Euro bakoitzaren atzean erantzukizuna, konpromisoa, gure inguruan gertatzen denarekiko sentsibilitatea dago, eta, azken batean, itxaropena eta aukerak sustatzen ditugu”. Horregatik, lankidetza lanaren garrantzia aldarrikatu du, etengabeko politika publiko sozial gisa.

2023. edizioa: 51 GGKE eta 67 proiektu 11 herrialdetan

51 GGKEk 2023ko edizioko lankidetzarako laguntzak eskuratu zituzten, eta 14k dirulaguntza lerro bat baino gehiago. 103 proiektu aurkeztu ziren eta 67 jarri ziren martxan. 2023ko partida berdina izan zen lankidetzarako laguntzetarako: 3.992.217 €. Gipuzkoako lankidetzak 11 herrialdetan lan egin zuen batez ere, eta kanpo-ekintzako proiektuetarako diruz lagundu diren 44 proiektuetatik 20 Guatemalan, Mexikon, Indian, Senegalen eta Etiopian garatu dira. 14 GGKE horiei dirulaguntzen %46 esleitu zitzaien, eta hauek izan dira erakunde laguntzaileak: Egoaizia, Alboan eta Bakerako Lankidetza Batzarrea, bakoitza 3 proiekturekin. Gainerakoak, erakunde bakoitzak bi proiekturekin, honako hauek dira: Medicus Mundi, Mundubat, UNRWA, Itsas Salbamendu Humanitarioa, UNICEF, SETEM Hego Hazea, Calcuta Ondoan, Mundu Bakean, Nazioarteko Elkartasuna, Mugen Gainetik eta Bakea eta Duintasuna. Hegoaldeko herrialde eta herri pobretuentzako 18 proiektutara bideratu dira dirulaguntzak, Afrikara izan ezik. 12 gizarte-eraldaketarako hezkuntzarako proiektuetarako eta 12 sentsibilizazio-proiektuetarako. 68 proiektuetatik 11 larrialdiko laguntzetarako ziren, 8 Afrikako proiektuetarako eta 7 ekimen edo ekintza humanitarioetarako.

Bestalde, Ana Priede, esan du "Gipuzkoako lankidetzak osasun ona" duela, eta Nazioarteko Lankidetzako zuzendariak ziurtatu du laguntza humanitarioa eta larrialdietakoa oraindik ere kapitulu garrantzitsuenetako bat dela deialdiaren barruan, aurreko edizioetan bezala; izan ere, 400.000 euroko aurrekontua duen partida honen bidez, gatazka armatuen edo hondamendi naturalen biktima diren herritarren berehalako premia dramatikoei erantzuten zaie. Horrez gain, Afrikak leku nabarmena du dirulaguntzen deialdi honetan, kontinente horretako garapenerako lankidetzako proiektuetarako kapitulu “esklusibo” batekin. 400.000 euro aurreikusten dira horretarako.

2024ko lankidetzarako laguntzek bost jarduera mota dituzte: hegoaldeko herrialde eta herri pobretuetako garapen proiektuak, 1.833.817 euroko guztizko aurrekontuarekin (15.000 eurotik 100.000 eurora bitarte proiektu bakoitzeko); Afrikako garapen proiektuak, 400.000 euroko aurrekontuarekin (15.000 eurotik 100.000 eurora bitarteko proiektuetarako); gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak, 600.000 euroko aurrekontuarekin (15.000 eurotik 50.000 eurora bitarteko proiektuetarako); tokiko edo nazioarteko gizarte eraldaketarako ekimen edo ekintza puntualak, 360.000 euroko aurrekontuarekin (20.000 eurora bitarteko proiektuetarako), eta larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntza proiektuak, 400.000 euroko aurrekontuarekin (40.000 eurora bitarteko proiektuetarako).

Bestalde, Giza Eskubideen teknikari eta Haurralde Fundazioko komunikazio-arduradun Andrea Amantegik azaldu duenez, 2023ko edizioan Lankidetza Sailak diruz lagundutako proiektua "integrala" da eta Burkina Fasoko Uagadugu eskualdeko emakumeei zuzenduta dago, kalitatezko BIO etiketa duten barazkiak merkaturatuz ahalduntzeko, eta hori "mugarria" da, eta Eusko Label marka lortu duten Euskadiko proiektuekin parekatu du.

"La Saisonnière tokiko elkartearen eskutik eta agroekologiaren eta gizarte-kohesioaren bitartez, emakumeen enpresa-espirituarentzat, hiru gai oso garrantzitsu lantzen ditugu zeharka. Alde batetik, emakumeen genitalen mutilazioa prebenitzea, tokiko emakumeekin batera neskentzat kaltegarriak ez diren beste praktika tradizional batzuk bilatzea sustatuz; indarkeria matxistaren prebentzioa eta maskulinotasun berriekin lan egitea. Hiru ildo horiek gabe, ekintzailetza hori merkaturatze agroekologikoan bakarrik geratuko litzateke, emakumeen bizitzan benetako aldaketa eraginkorrik lortu gabe. Horiek dira Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako Haurralde Fundazioaren proiektuan lantzen ari diren erronketako batzuk ".

Halaber, Mundu Bakean programaren garapen-proiektuen koordinatzaileak, Gurutze Aizpuruak, Guatemalan indarkeriak dituen ondorio psikosozialei aurre egiteko gaitasunak eta ezagutzak garatzeko eta indartzeko proiektua izan du hizpide, GKE horrek ECAP Ikerketa Komunitarioen eta Ekintza Psikosozialaren Taldearen eskutik egin zuena. Jarduerak "ahultasun handienak" dituzten departamentu eta eskualdeetan garatzen dira, "historikoki" giza eskubideen urraketen eraginpean egon direlako, barne gatazka armatuaren garaian eta ondoren. Komunitate-feminismoaren, kultura-aniztasunaren eta herri-hezkuntzaren ikuspegitik, proposamenak irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak lotu nahi ditu giza eskubideen eta lurraldearen defendatzaileen, jatorrizko herrien, oinarrizko aktibisten, LGTBIQ+ defendatzaileen, emakume-erakundeen, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta komunitate-liderren bizipenekin eta beharrizan zehatzekin, bai eta indarkeriaren eta gizarte-gatazken testuinguruetan ondorio psikosozialak jasan dituzten erakunde sozial eta komunitarioekin ere. Helburua da osasun mentalerako espazio seguruak sustatzea, herritarrek beren oinarrizko eskubideez eta egia ezagutzeko duten eskubideaz jabetu daitezen, erreparazio psikosozialeko prozesurako oinarrizko elementu gisa.

  

1945