Gipuzkoako foru Ogasunak zergadunei 299 milioi euro itzultzea aurreikusten du 2015eko Errentaren kanpainan
Gipuzkoako foru Ogasunak zergadunei 299 milioi euro itzultzea aurreikusten du 2015eko Errentaren kanpainan
Gipuzkoako foru Ogasunak zergadunei 299 milioi euro itzultzea aurreikusten du 2015eko Errentaren kanpainan
Foru erakundeak komunikazio ekintzak jarri ditu abian era pedagogikoan azaltzeko zerga-bilketaren bidez jasotako dirua nora bideratzen den
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko zergadunei 299 milioi euro itzultzea aurreikusten du 2015eko Errentaren aitorpenaren kanpainan eta, estimazio berdinaren arabera, 173 milioi bilduko ditu. Horrela, kanpainaren saldoa -125 milioi eurokoa izango da, pasa den urtekoa 5 milioi eurotan hobetuz. Aitorpenen ia %75 (280.000 aitorpen) Ogasunak zergadunei itzultzera izango direla espero da, eta gainerako %25 (95.000 aitorpen) ordaintzera.
Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga; Ogasuneko foru zuzendaria, Jokin Perona; eta Zerga Kudeaketako zuzendariordea, Yolanda Dominguez, Donostian agertu dira gaur kanpainaren nondik-norakoen berri emateko. Betiere aurreikuspenen arabera, 375.000 aitorpen aurkeztuko dira 2015eko Errentaren baitan eta ia %60a autolikidazio proposamenen bitartez aurkeztea espero da.
Larrañagak, aurkezpenean, kanpainan lanean dabiltzan Ogasuneko 120 langileen lanaren kalitatea eta esperientzia nabarmendu ditu. “Iruzur fiskalaren aurkako jarduketak gaurkotasun osoa duen egun hauetan, nabarmentzekoa da pertsona hauen lana saiakera honetan lehen iragazkia izango dela datozen asteetan”, esan du foru diputatuak. Zerbitzuaren kalitatearen adierazle gisa, pasa den urteko kanpainan 29.747 telefono dei jaso zirela azaldu du Larrañagak (zailtasun ertain edo handiko kontsultak eta proposamenak onartzeko), “eta 44 ezik beste guztiak lehenengoan erantzun ziren”.
Foru diputatuak zerga-bilketaren garrantzia gogoratu du zerbitzu publikoen sistema jasangarri egiteko. “Hau ez da lehiaketa bat ea nork biltzen diru gehiago, baizik eta arreta helburuetan jarri behar dugu, zertarako ari garen jasotzen baliabideak: dugun ongizate mailari eutsi eta nola egin sistema jasangarri denboran”, azaldu du. Bere hitzetan, Aldundiaren apustua ekonomia sustapenean datza, kalitatezko enplegu eta aberastasun sortzaile gisa. “Hemendik lortuko ditugu zerbitzu sozialei eusteko behar ditugun baliabideak eta, honen bitartez, gizarte ezberdintasunen murrizketan eragin”, adierazi du.
Alderdi komunikatiboan, eta ideia hau gizarteratzeko asmoz, jarraipena emango zaio aurreko urteetan hasitako ekimenari eta Ogasunak bidaltzen duen aitorpenaren likidazioarekin bakoitzarekin diru-bilketan jasotakoa nola banatzen den azaltzen duen infografia banatuko da. Diputatuak azaldu duenez, gainera, Aldundiak panel informatiboen erakusketa ibiltaria antolatuko du, Errentaren kanpaina martxan den bitartean herriz-herri ibiliko dena eta erakundeak baliabideak nora bideratzen dituen grafikoki islatzen duena. Azkenik, etxez-etxe banatuko den Guztion Gipuzkoa aldizkariaren lehen aleak ere Aldundiak dirua programaz-programa nola banatzen duen azalduko du.
Errenta
Kanpaina hil honetan bertan jarri da abian: apirilaren 6tik aurrera foru Ogasuna autolikidazio proposamenak bidaltzen ari da gipuzkoarren etxeetara eta, pasa den astelehenetik, posible da onarpena ematea, bai telefonoz zein Internet bidez. Aurtengoan, Peronak azaldu duenez, 250.611 autolikidazio proposamen bidali dira, pasa den urtean baino 11.800 gehiago (+%4,9). Guztira, 302.725 zergaduni eragiten die. Foru zuzendariak datuaren garrantzia azpimarratu du eta esparru honetan urtetik urtera ematen den hobekuntzak zergadunen erosotasunean eta zerbitzuaren kalitatean duen eragin zuzena azpimarratu ditu.
Errenta mekanizatuari dagokionez (bulegoan bertan Ogasuneko langileen laguntzarekin egiten da), gaurtik aurrera posible da aitorpena egiteko hitzordua hartzea eta astelehenetik aurrera bulegoak martxan izango dira. Autolikidazio proposamena jaso dutenek baina ados ez daudenei, berriz, asteartean irekiko zaie bulegoetan hitzordua eskatzeko epea. Peronak azpimarratu duenez, aurtengo Errentaren kanpainan ez dago berritasun nabarmenik araudiaren ikuspegitik eta aurreko urteko tarifak mantentzen direla gogoratu du.
ERRENTA 2015 | 2014 | Aurreikuspena 2015 |
Itzultzera | 299.350.123 | 298.700.000 |
Ordaintzera | 168.488.342 | 173.400.000 |
Guztira | -130.861.781 | - 125.300.000 |
Aberastasuna eta Fortuna Handiak
Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko zergari dagokionez, 2,7 milioi gehiago jasotzea aurreikusten da, hau da, 61,7 milioi euroko diru-bilketa. Puntu honetan nabarmentzekoa da araudiak aurkezten dituen berritasunak, 6/2015 Foru Arauaren onarpenaren eraginez: ekonomia jarduerari lotutako elementuak eta enpresetako partaidetzak salbuetsita geratu dira, tarifa berriak daude eta ondasun higiezinen balorazioa aldatu da. Aldaketa hauen ondorioz, aitorpen kopurua jaitsi egingo dela aurreikusten da, baina zergadunek ordaintzen duten batez bestekoa igo. Beraz, ez da espero aldaketak inpaktu negatiborik izango duenik diru-bilketan.
ABERASTASUNA 2015 | 2014 | Aurreikuspena 2015 |
Aitorpen kopurua | 8.055 | 7.125 |
Batez beste ordaindu beharrekoa | 7.322 | 8.659 |
Zenbatekoa guztira | 58.979.348 | 61.700.000 |
2500