Gipuzkoako gobernantza eredu kolaboratiboa aztertuko dute nazioarteko adituek
Gipuzkoako gobernantza eredu kolaboratiboa aztertuko dute nazioarteko adituek
Erakunde eta herritarren arteko konfindantza berreskuratzeko abian jarritako esperientzia aurreratuak aztertuko dituzte UPV/EHUko Udako Ikastaroek
Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Etorkizuna Eraikiz egitasmoak berekin ekarri duen gobernantza eredu berria aztergai izango dute datorren hilaren 6an nazioarteko hainbat adituk, UPV/EHUko Udako Ikastaroetan. Hala jakinarazi dute gaur egindako prentsaurrekoan Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko zuzendariak, Imanol Lasak, eta Diputatu Nagusiaren Kabineteko buruak, Xabier Barandiaranek. Herritarrekiko harremanak landu eta herri politikak garatzeko modua “dagoeneko eraldatzen ari da praktikan”, bi ordezkariok bat etorri direnez.
“Gobernantza eredu kolaboratibo hori, gizartearekin etengabeko hartu-emanean eta esperimentazio aktiboan oinarritua, sendotzen ari da eta nazioartean erreferentzia diren adituekin aurrerapen horiei buruzko kontrastea egiteko aukera eskainiko digute Udako Ikastaroek. Alor honetan praktika aurreratuenak dituzten lurraldeen artean bere lekua egiten ari da Gipuzkoa eta oso garrantzitsua da kontraste eta kolaborazio sareak josten jarraitzea kanpoko ordezkariekin”, azaldu du Imanol Lasak.
Etorkizuna Eraikizen lehen emaitzak dagoeneko “neurtu daitezke” eta erakusten digute “bide egokia” ari garela jorratzen, foru bozeramailearen ustez. Bere esanetan, horren lekuko da lurraldeko “agenda politiko berria”, zeinen bitartez “iraganeko eztabaidak gainditu diren, XXI. mendeko gizarte aldakor honek ekarri dizkigun desafioei aurre egiteko garaia zabalduz”. “Egiten ari garen hori garrantzitsua da, baina egiteko moduak ere garrantzia handia du; esperimentazio eta sormen kolektiboa daude, hain zuzen ere, agenda berriaren oinarrian eta, horri esker, gizarte antolatuarekin lankidetzarako eta komunikaziorako lan esparru berriak ari dira sortzen”, osatu du.
Lasak gogoratu duenez, langileen partaidetza eta kontziliazioaren alorretan Etorkizun Eraikiz programak martxan jarritako programa pilotoek, zuzenean eragin dute jada 4.000 lagunen eguneroko bizitzan. Lurralde Garapeneko Laborategiaren sorrera eta etorkizuneko sektoreetan egindako apustuak ahaztu gabe –zibersegurtasuna, zahartze osasuntsua, elektromugikortasuna, aldaketa klimatikoa eta gastronomia digitala. “Horietan guztietan gizarte antolatuarekin harremana etenik gabea izaten ari da eta, gisa orretan, hiritargoak zuzenean eragiten du garatzen ditugun politiketan”, adierazi du.
Balio publikoa
Erakundeen eta gizartearen arteko harremanak garatzeko “konfidantza” ezinbestekotzat jo du Xabier Barandiaranek. “Politikatik urruntzea, hiritargoaren eta ordezkari politikoen arteko arrakala, sakondu egin da azken urteotan, hain justu ere konfidantza horretan haustura bat egon delako. Erakundeon balio publikoa berreskuratzea, gizartean eragiten duten konfidantza, munduko gobernantza eredu aurreratuenen arreta erakarri duen gaia da”, azpimarratu du.
Ikastaroan elkartuko diren adituek balio publiko hori sortzeko gakoak izango dituzte aztergai, beti ere gizartearen konfidantzan eta parte hartze aktiboan oinarritutako gobernantza aktiboa sortzea helburu. “Gobernantza eredu berri baten sorrera ez da bigarren mailako helburua Etorkizuna Eraikiz programan, bere bihotzean kokatzen den gaia baizik. Horren ondorioz, interes berezia dugu kontzeptu hauetan guztietan sakondu eta puntako esperientziekin kontrastatzeko”, laburbildu du.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Gipuzkoako UPV/EHUko kanpuseko errektoreordeak, Agustin Erkiziak, zabalduko dute hilaren 6an Miramarren Gipuzkoa Saiakuntza Politikoa: Etorkizuna Eraikiz ikastaroa. Mundu mailan gobernantza kolaboratiboaren alorrean autoritate nagusietako bat da John M. Bryson, Plangintza eta Harreman Publikoen katedraduna Hubert H. Humphrey Harreman Publikoen Eskola –Minnessota Unibertsitatea– eta berak zabalduko du ikastaroa Nola balio publikoak entzute sozialari laguntzen dion hitzaldiarekin.
Brysonez gain, St Mary Unibertsitateko Karen Sanders irakasleak ere hiritarrei entzuteko eredu berrietan sakonduko du, Populismo garaietan gizarteari entzutea ponentzian. Ondoren, Minessotako Unibertsitateko Barbara Crosby irakasleak aztertuko du Zenbait jenderi erantzuten: ondasun erkiderako balore erabakigarriak aurkitzen gaia. Amaitzeko, Maria Jose Canelek, Komunikazio Politikokoa eta Sektore Publikoko katedraduna Madrilgo Complutensen, Boterea gizartearekin partekatzea ikasitako ikasgaiak hitzaldia eskainiko du eta Xabier Barandiaranek berak Etorkizuna Eraikizen izandako esperientzia praktikoak aztertuko dituzte. Gobernantzako diputatu Imanol Lasaren interbentzioak itxiko ditu ikastaroko edukiak.1646