Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako hondartzetan hondakinen bilketa %34 jaitsi da urte hasieratik

Gipuzkoako hondartzetan hondakinen bilketa %34 jaitsi da urte hasieratik

Udako hilabeteetan, ekaitzen ondorioz, hondakinak %17 igo dira hondartzetan.

2023/09/15
Balance playas 2023

Ontzi arinen gaikako bilketa aldiz %35 hazi da iazko datuekin alderatuz, paperontzi trinkotzaile berriei eta herritarren lan bikainari esker.

Jasangarritasun Departamentuak 2 milioi euro bideratu ditu Gipuzkoako hondartzetako garbiketa eta segurtasuna indartzeko, eta, horren ondorioz, hondartzak garbiago daude eta paperontziak ere bai.

Ekaitz-zaparradek ere Gipuzkoako hondartzetako uraren kalitateari sei aldiz eragin diote.

Karabela portugesak 44 ziztada eragin ditu eta 14 aldiz itxi behar izan da hondartzaren bat uda honetan. Zarautz eta Getaria izan dira udalerri kaltetuenak.

Hondartzetan % 30 pertsona gutxiago erregistratu dira eta erreskateen kopurua % 15 jaitsi da. Zarautz izan da hondartzarik kaltetuena  olatuengatik, eta bertan egin dira erreskate gehien.

NIK hondartzak aplikazioa kontsultak egiteko tresna erreferente bihurtu da hondartzara joateko asmoa duen edonorentzat eta aurtengo udan, 70.000 kontsulta baio gehiago eduki ditu.

José Ignacio Asensio:  "Itsasoak ekaitzen  ondorioz hondakin asko ekarri baditu ere, nabarmendu nahi dut herritarrek ingurumen erantzukizun handia erakutsi dutela beren hondakinak behar bezala bereizteko orduan". "Garai honetarako oso ohikoak ez diren ekaitzek eragina izan dute erabiltzaileen jaitsieran, uraren kalitatean eta udako hilabeteetan itsasoak ekarri dituen hondakin eta alga kopuru handian".

Gipuzkoako diputatu nagusiordeak, José Ignacio Asensiok, Gipuzkoako 2023ko hondartza denboraldiaren itxiera datuak argitaratu ditu, Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariarekin batera. Uda, klimatologikoki ezegonkorra izan da, lau bero bolada eta urte-sasoi honetarako egokiak ez diren denborale ugari izan dira, eta horrek "zuzeneko eragina izan du hondartza-denboraldiko adierazleetan, hala nola pertsona kopuruaren beherakada esanguratsuan, uraren kalitatearen gorabeheretan eta udan itsasoak ekarri dituen hondakin eta alga kopuru handian".

Izan ere, urtarrilaren 1etik hona %34 jeitsi da hondakin bilketa, baina, ekainaren 1etik 176.700 kilogramo hondakin bildu dira, aurreko urteko denboraldian baino % 17 gehiago. Nabarmendu behar da bereziki igo direla egur-tonak ( % 40), baita errefusa ere ( % 20 baino gehiago), bereziki ekaitzen ondorioz itsasoak dakartzan hondakinen ondorioz. Hondarribiko kasua nabarmendu behar da; izan ere, udan % 175 hazi da hondakinen bilketa, Bidasoa ibaian Bera inguruan izandako uholdeen ondorioz. Gertakaria ekainean izan bazen ere, uda osoan marea bizien edo zaparrada bortitzen ondoren, itsasoak hondakin asko ekarri ditu Kai-Zahar hondartzara. Orion, ekainaren amaierako denboraleek ere hondakinen kopuruaren igoera handia eragin dute,  % 12koa. Zumaian, berriz, % 11koa izan da igoera eta horren eragile abuztuan jasotako alga kopuru handia izan da, 20.000 kilogramo inguru bildu baitziren.

Bestalde, azpimarratu behar da ontzi arinen gaikako bilketa % 35 hazi dela aurreko urtearekin alderatuta, 6.400 kilo izatetik 9.400 kilo izatera igaro baita. Igoera horrek agerian uzten du Gipuzkoako hondartzetan jarri ziren ontziak trinkotzeko 10 paperontziek eragin positiboa izan dutela eta baita ere "herritarrek lan handia egin dutela eta zoriondu egin behar direla. Hondakinak behar bezala bereizi beharraz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea ezinbestekoa da gure itsasoetako hondakinen eta plastikoen arazoei aurre egiteko, eta, beste behin ere, gipuzkoarrek ingurumen-erantzukizun handia erakutsi dute», nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak.

Eguraldi txarrak beste adierazle batzuetan ere izan du eragina, hala nola hondartzetara joan diren pertsonen kopuruan. Hondartzetako erabiltzaile kopurua Bideometriako Foru Sarearen bidez neurtzen da, eta aurtengo udan 940.000 erabiltzaile erregistratu dira, pasa den urtean baino % 30 gutxiago. Jaitsierarik handiena Itzurungo hondartzan ( % 40) eta Zarautzen ( % 36) gertatu da. Beherakada txikiena Debako Santiago (-% 14) eta Orioko Antilla (-% 20) hondartzetan izan zen. Hondarribia (226.746) eta Zarautz (221.557) izan dira jende gehien biltzen duten hondartzak.

Zarautz izan da ere hondartzarik kaltetuena  olatuengatik eta korronte arriskutsuengatik, eta bertan egin dira erreskate gehien.Guztira 75 erreskate egin dira eta 154 pertsona erreskatatu dira. Gipuzkoako hondartzetan, guztira, 200 erreskate egin dira eta 342 pertsona erreskatatu dira, aurreko urtean baino % 15 inguru gutxiago. Nabarmentzekoa da, halaber, erreskate-kopuruak gora egin duela Itzurunen (+%78) eta Zurriolan (+%16).

Ekaitz-zaparraden ondorioz, udako hilabeteetan uraren kalitateak ere gorabeherak eragin ditu uretan, eta zenbait hondartzatan egun batzuetan bainatzea debekatu da.  Sei gertakari erregistratu dira, batez ere ekainaren erdialdean eta abuztuaren amaieran, eta Mutriku eta Zumaiako hondartzak izan dira kaltetuenak. (Saturraranen debekatuta egon da 15 egunez bainatzea data desberdinetan, eta Ondarbeltzen 12 egunez).

Karabela Portugesa marmokak ere hainbat gorabehera eragin ditu Gipuzkoako hondartzetan. Guztira 44 ziztada erregistratu dira; horietatik % 90 Zarautzen eta Getarian izan dira, eta 7 pertsona ospitalera eraman behar izan dituzte. Bandera gorria 14 aldiz jarri da, eta beste 14 aldiz hondartzak itxi behar izan dituzte. Bestalde, azpimarratu behar da 4 hondartzatan egiten dela ostreopsis alga toxikoaren jarraipena, eta 2023ko udan ez dela erregistratu Ostreopsis algak agertzearekin lotutako ondoriorik duen pertsonarik.

Nik Hondartzak aplikazioari dagokionez, Jasangarritasuneko diputatuak adierazi du Hondartzen Mahaian adostutakoari jarraikiz, aforoak kontrolatzeko aplikazioa mantendu dela, «hondartzetan segurtasun eta kalitate indizerik altuenekin egon ahal izatea bermatzeko eta horrela herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko». Abian jarri zenetik, Nik hondartzak aplikazioak milioi bat kontsulta baino gehiago eta 65.000 deskarga baino gehiago izan ditu. "Uda honetan, aplikazioa 2.300 aldiz baino gehiagotan jaitsi da eta 70.000 kontsulta baino gehiago egin dira".  Asensiok nabarmendu duen bezala, «Nik Hondartzak aplikazioa gelditzeko etorri da.  Laugarren urtean, kontsultak egiteko tresna erreferente bihurtu da hondartzara joateko asmoa duen edonorentzat".

  

1426