Gipuzkoako landa-lurren digitalizazio osoa abian da
Gipuzkoako landa-lurren digitalizazio osoa abian da
Markel Olanok Zegaman ezagutarazi du programa aitzindari hori, 10 urtean landa-lurzoru osoko lursailen mugak digitalizatzea aurreikusten duena; lurralde-oreka bultzatzeko ekimenak ere partekatu ditu.
Gipuzkoako 9 udal lanean ari dira dagoeneko beren landa lurrak digitalizatzen, Foru Aldundiaren laguntzarekin, iaz lursailen mugak zehazteko eta eguneratzeko abian jarritako laguntzen bidez, horrela lursailen kartografia digitala ahalbidetzeko. Ataun, Olaberria, Orexa, Mendaro, Zumarraga, Azkoitia, Abaltzisketa, Legazpi eta Zegama dira lan horiek egiten ari diren lehenengo udalerriak, eta Foru Aldundiak gastuen erdia hartuko du bere gain; orain arte 173.000 euroko ekarpena egin du. Urtero emango diren laguntza horien bidez, Aldundiak hamarkada bateko epean lortu nahi du Gipuzkoako landa lur guztien kokapenak GPS bidez geoerreferentziatuta egotea. Ekimen instituzional aitzindaria da, bai EAEn, bai estatuan.
Gaur Zegamara egindako bisitan, Markel Olano diputatu nagusiak Joseba Izagirre alkatearekin izan duen lan topaketan, proiektu honek Goierriko herri horretan izan duen bilakaera ezagutu du, izan ere, Zegama aitzindarietako bat izan zen proiektuan, 2019an jarri baitzen abian. Izagirrek jakitera eman duenez, orain arte 2.000 hektareatan osatu da prozesua, eta dokumentazioa jabeei helarazi zaie alegazioak jasotzeko, eta, ondoren, emaitzak katastroan sartzeko. Bigarren fasean, gainerako lursailak kartografiatuko dira, erdia gutxi gorabehera; lan horiek esleitu dira eta Foru Aldundiak 30.000 euroko diru laguntza emango du horretarako.
Izagirrek positiboki baloratu du proiektua eta “nahitaez” egin beharreko lana zela azpimarratu du. “Ez dakigu lursailak non hasten eta amaitzen diren. Informazioa galdu egiten da belaunaldi batetik bestera, eta katastroan dagoena, Udalean daukaguna edo jabeek dutena ez da beti bat etortzen. Prozesu hau amaitzen dugunean, informazio guztia ordenatuta, adostuta eta euskarri digitalean jasota izango dugu”.
Olanok, bestalde, Zegamako Udalaren “proaktibitatea” nabarmendu du, eta adierazi du udalen eta lurjabeen laguntza “ezinbestekoa” izango dela proiektu honetan. "Aldundiak eraldaketa digitalaren alde egiten duen apustua landa eremura ere hedatu nahi dugu. Ekimen horri esker, lurjabeentzako nahiz erakunde publiko guztientzako informazio baliotsua izango dugu eskura. Landa lurrak digitalizatuta, datu base eguneratu bat izango dugu, eta horrela, errazagoa izango da Gipuzkoako landa ingurunea kudeatzea eta sustapen eta plangintza politika eraginkorrak ezartzea, oinarri sendo eta berritzailea dugula”.
Gipuzkoako lurren % 90 landa lurra da, eta historikoki lursail horiek baserriari lotuta egon dira; hala ere, azken hamarkadetan, Gipuzkoako gizartea kaletarragoa bihurtu da, eta horrek lursailen eta haien mugarrien gaineko ezagutza galtzea ekarri du. Egoera horretaz jabetuta, eta ondorengo belaunaldiei informazio osoa eta argia helarazteko asmoz, Aldundiak 2021ean ekimen hau jarri zuen abian, Gipuzkoako landa lurretako sailen mugak digitalki jasotzeko. Olanok aurreratu duenez, prozesua hamar urtean amaitzea espero dute, eta, horretarako, Aldundiak 3 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du (300.000 euro urtean). Udalerri bakoitzak gainerako % 50a jarri beharko du, eta proiektuak ez die inolako kosturik ekarriko lursailen jabeei.
Foru Aldundiak udalentzako diru laguntzen deialdia egingo du urtero, eta lantalde bat jarriko da martxan, lanak egiteaz arduratuko den enpresak, udalak eta Aldundiak osatua. Lursailen jabeek zehaztuko dituzte lursail mugakideekiko behin betiko mugak. Adostasunik ez badago, bitartekaritza egingo da, eta akordiorik lortzen ez bada, mugarri horiei buruzko informazioa eguneratu gabe geratuko da. Mendira joan eta kokalekuen puntu zehatzak GPS bidez jasoko dira. Jasotze topografikoa doitasun dezimetrikoz egingo da, mugarriak eta beste puntu interesgarri batzuk identifikatuz. Muga lerroaren ibilbidea egingo da eta posizio puntuak hartuko dira mugaren izkinetan. Akordio bidezko altxaera horrek katastroko lursailen % 90 hartu beharko du gutxienez. Ondoren, lokalizazioak GIS (Geographical Information System) programara eramango dira.
Lurralde oreka – Landagipuzkoa
Bisitan, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Aldundiko landa eremuko foru arduradunek ere parte hartu dute, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Landagipuzkoa programaren barruan Zegaman egindako gainerako jarduerak. Zehazki, Internet 2.500 biztanletik beherako udalerrietan zabaltzeko Aldundiak 2018an abian jarritako programari esker dagoeneko banda zabal ultra-azkarreko Interneteko konexioa duten 61 baserrietako batera joan dira. Udalerriko beste 13 baserrik 2023an izango dute baliabide hori. Urte horretan, Gipuzkoako landa inguruneko etxe guztietan hedapen prozesua amaituta izatea aurreikusten du Foru Aldundiak. Orain arte 4,83 milioi inbertitu ditu horretarako.
Horrez gain, ludoteka eta Gazte Leku zerbitzuak hartuko dituen lokal berriaren lanen bilakaera ikusi ahal izan dute, programa honen barruan Aldundiaren 100.000 euroko laguntza jaso duen beste proiektu bat baita. Orain arte udalaren lokaletan espazio fisiko berean ematen ziren bi zerbitzuak bateratzea ahalbidetuko du, eta baita instalazioak handitzea ere. Alkateak jakinarazi duenez, lan hauei esker, herritarrentzako ekipamenduak hobetuko dira, eta bi fasetan egin dira: lehenengoan, fatxada berritu zen, eta dagoeneko amaituta dago; bigarrenean, lokalen barrualdea egokitzen ari dira eta lanak oso aurreratua daude. Guztira, 308.000 euroko inbertsioa egin da. Azkenik, Aldundiaren laguntzarekin berritutako landa bideetako bat ikustera joan dira: iaz Altzibar-Errotan egin ziren lanak, eta 2019an, Gosategin eta Iruetxetan, 55.000 euro inguruko foru ekarpena eginda. Aurreko legealditik, landa bideen 300 kilometro baino gehiago berritu dira.
Olanok azpimarratu duenez, “lurraldeen arteko kohesioa eta oreka aktibo bat dira, berdintasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. Gipuzkoa ezin da ulertu bere landa ingurunerik gabe. Landa inguruneko herri eta udalerri txikiak gure nortasun ezaugarrietako bat dira, gure funtsaren parte dira, eta, beraz, haiei laguntzen jarraituko dugu, horrela, bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko. Herri eta eskualde indartsu eta dinamikoak nahi ditugu, ezinbestekoak baitira Gipuzkoa berdeago, sozialago eta lehiakorrago bat eraikitzen jarraitzeko. Gure helburua da hiri eta herrietakoekin homologagarriak diren zerbitzuak eta ongizate maila bermatzea, biztanleriari eusteaz gain, landa ingurunea toki erakargarria eta lehiakorra izan dadin bai bizitzeko eta bai lan egiteko”.
3639