Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako mugikortasun departamentuak garraio publikoaren erabileran zentratzen ditu mugikortasunaren europako asteko jarduerak, ibilgailu pribatuaren erabilera masiboaren aurrean

Gipuzkoako mugikortasun departamentuak garraio publikoaren erabileran zentratzen ditu mugikortasunaren europako asteko jarduerak, ibilgailu pribatuaren erabilera masiboaren aurrean

Aurtengo ekimenen helburua garraio publikoa eta mugikortasun jasangarri eta justuko beste aukera batzuk sustatzea da, ibilgailu pribatuaren neurrigabeko erabileraren aurrean. MUGIrekin garraio publikoetan bidaiatzearen aldeko sentsibilizazio-kanpainekin – Tarifen %50eko beherapenarekin orain indarrean dauden deskontu handienekin – Lurraldebus eta Mugi balioa nabarmentzen da, gipuzkoarrak mugi daitezen eta konektatuta egon daitezen, lurraldea kohesionatuz.

2022/09/15
Rafaela Romero y Ander Iturri

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Rafaela Romerok, irailaren 16tik 22ra bitartean Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea dela-eta Gipuzkoan egingo diren jarduerak aurkeztu ditu prentsaurrekoan. Aurten ere, lurraldeak bat egin du Europako ekimenarekin, haren bidez hiri-mugikortasun iraunkorrari buruz sentsibilizatzeko, garraio publikoa eta garraio-irtenbide garbi eta adimendunak sustatzeko, bai eta jardunbide egokiak eta neurri iraunkorrak garatzeko ere.

Europako Batzordeak 2022ko kanpainarako aukeratu duen leloa "Konexio Hobeak" da, eta hogeita bigarren edizioan herritarren eta zenbait lekuren arteko sinergiak sustatu nahi ditu, leku horiek esperientzia eta sormena eskaintzen baitute hiri mugikortasun jasangarriari buruzko kontzientzia sortzeko. Pertsonak, lekuak, garraio publikoa, plangintza eta politikak dira "Konexio Hobeak" lema bultzatu nahi duten bost zutabeak. 

Diputatuak, bere hitzaldian, ekimen honen garrantzia nabarmendu du, edizio honetan bereziki kritikoa den testuinguru batean: •          Rafaela Romerok: "Gipuzkoarrok konexio onenak ditugu konektatzeko eta elkartuta egoteko, gure lurraldean dabiltzan autobus eta trenetan, gure bidegorrietan, eta gure hiri eta herrietako kaleetan. Garraio publikoaren erabilera nagusia, zalantzarik gabe, gure kaleak kutsaduraz eta zirkulazio-kaosez betetzen dituen ibilgailu pribatua neurriz kanpo eta bereizi gabe erabiltzea baino aukera hobea da. Ez dezagun ahaztu, gainera, prezioen eta erregaien igoeragatik pertsonak eta familiak pobretzen ari diren une honetan, MUGIrekin garraio publikoan bidaiatzea ekonomikoa dela, lurraldearentzat eta gure herritarrentzat osasungarria izateaz gain”.

  • Emakume gidariak!: Lurraldebusen emakidetan gidari gisa lan egiten duten emakumeei zuzendutako ekintza da, eta emakumeen papera balioztatzea du helburu, sektore horretan % 25 baino ez baitira. Emakume gidariak eta haien karrera profesionalak eta bizi esperientziak ardatz izango dituen ekintza izango da. Horretarako, zazpi emakume gidari bildu ditugu, aste honetan zehar bideo baten eta markesina kanpaina baten protagonista izango direnak, eta, gainera, irailaren 21ean, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean, ekitaldi berezi bat egingo dugu Irungo Oiasso Museoan, beti aitortzen ez den ahalegina eskertzeko eta ikusarazteko.

  • Prest jarri zure bizikleta MUGIrekin! Hirugarren urtez jarraian, abian jarri da ekimen hau. Hari esker, MUGI txartelaren erabiltzaileek beren bizikleta doan berrikusi eta erabiltzeko prest jarri ahalko dute Mugikortasun Jasangarriaren Astean, ekimenean parte hartzen duten edozein dendatan.Berritasun gisa, aurten, autobus-eszenatoki batek Gipuzkoa zeharkatuko du mugikortasunaren astean, interesa duten herritarrei "bizikletak tuneatzeko" aukera emateko, mekanikarien eta artista bisualen eskutik. Ekimenean parte hartzen duten pertsona guztiak sari hauen zozketan sartuko dira:

- 50 euroko 2 bonu, atxikitako edozein dendatan bizikletarako materiala erosteko.

- 2 bizikleta.

 - 20 euroko 60 karga MUGI txartelean.

  • Landa mugikortasuna:Ekimen honen helburua da hiriguneetatik eta oinarrizko zerbitzuetatik urrun bizi diren pertsonen komunikazioa hobetzea. Horretarako, proba pilotu bat jarriko da abian, zerbitzu horien orduarekin bat datorren taxi bat eskatu eta MUGIren ibilbidearen prezioan ordaindu ahal izateko. Ekintzak helburu hauek ditu: landa mugikortasuna indartzea, garraio publikoa indartzea eta ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna gutxitzea. Taxibusaren zerbitzu pilotu hori mugikortasunaren astetik kanpo egingo da, Debarrena eskualdean.

  • Nordic Walking: Mugikortasunaren astetik kanpo, Nordic Walking-eko bi irteera antolatuko dira Oiartzunen eta Arrasaten; elkarlanean arituko dira, batetik, Caritas Oiartzungo irteeran; eta, bestetik, Sasoibide eta Nagusilan elkarteek Arrasatekoan. Gainera, urrian irteera bat antolatu da Errenteriako jubilatuentzat, haien neurrira egindako ibilbidearekin eta udalerriko elkarteekin lankidetzan.

  • Tailerrak: Urtero bezala, lurraldeko hainbat herritan bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak antolatuko dira, tokian-tokiko udalekin lankidetzan, besteak beste Tolosako, Pasaiako edo Bergarako udalekin.  Aurten, berrikuntza gisa, bizikletak konpontzen ikasteko ikastaro bat antolatuko da Tolosan. Bertan, "Zehar-Errefuxiatuekin" elkarteko kideek parte hartuko dute, eta parte hartzaileek ikastaroaren zati praktikoa egiteko erabili duten bigarren eskuko bizikleta jasoko dute.

  • Gipuzkoako bira: Departamentuak ekainean aurkeztu zuen ekimenarekin jarraitzen du, bidegorriak eta bizikleta eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko eta zabaltzeko jarduerekin. Geldialdiak Eibarren (irailak 17-18), Zumarragan (irailak 24-25), Andoianen (urriak 1-2) eta Azpeitian (urriak 8-9) izango dira. Horietan guztietan, informazio zehatza eskaintzen da bide berde eta bidegorriei, bizikleta-mekanikako doako tailerrei eta bizikleten material birziklatuarekin egindako eskulanei buruz.

"Bizitza bueltan dator eta garraio publikoa bizitza da" lelopean, publizitate kanpaina bat ere jarri da martxan, garraio publikoaren zerbitzuak duen balioa azpimarratzeko, Gipuzkoako mugikortasun ereduaren funtsezko pieza baita. Kanpaina prentsa, irrati, tokiko telebista, markesina eta sare sozialen bidez iritsiko da jendearengana.

  

3119