Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako zerga bilketa metatua %0,3 jaitsi da otsailera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %0,3 jaitsi da otsailera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2018an baino 1,9 milioi euro gutxiago batu ditu

2019/03/14

Zerga bilketa metatua %0,3 jaitsi da Gipuzkoan otsailera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira, 652 milioi euro batu dira, hau da, 2018an baino 1,9 milioi euro gutxiago. Bilakaera azaltzen dute, alor positiboan, Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) eta zerga bereziek izandako hazkundeek. Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergan jazotako jaitsierak aipatu behar dira.  
Ogasun eta Finantza foru diputatu den Jabier Larrañagak adierazi duenez, urteko lehen hilabetetako zerga bilketa ez da batere adierazgarria izaten. “Zenbatekoak pasa den urtekoen oso antzekoak dira baina, hala ere, kontuan izan behar dugu kanpaina nagusiak uda partean izaten direla eta, beraz, oraindik oso goiz dela edozein irakurketa egiten hasteko”, esan du. Foru diputatuak gogoratu du pasa den urtea “errekorrekoa” izan zela eta “aurtengoan ezohizko urte horrekin” egin beharko direla konparaketak. “Exijentzia handiko urtea izango da, baina gogotik egingo dugu lan helburuetara iristeko”, esan du.    
Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 19 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%6,1). Behera egin dute, bere aldetik, ondare irabazien gaineko atxikipenek, 13 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%88,3). Kapital higikorren eta higiezinen etekinen atalean, bere aldetik, 1,5 milioi euro (+%15,3) eta 0,1 milioi (+%1,8) gehiago batu dira, hurrenez hurren. Hala ere, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza negatiboa da, pasa den urtean baino 4 milioi gutxiago batu dira eta (-%1).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 0,6 milioi euro gutxiago bildu ditu: sarrera gordinak 3,1 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketek ere 2,5 milioi eurotan egin zuten behera. Azkenik, BEZari dagokionean, Aldundiak kudeatzen duen zatiaren zerga bilketa metatua %7,4 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 16,2 milioi euro gehiago: 0,7 milioitan murriztu dira sarrerak (-%0,2), eta itzulketek ere 16,9 milioitan egin dute behera (-%22,6). 

  

2174