Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako zerga bilketa metatua %12,3 hazi da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %12,3 hazi da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2016an baino 454 milioi euro gehiago batu ditu

2017/12/13

Zerga bilketa metatua %12,3 hazi da Gipuzkoan azarora arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2016ean baino 454 milioi euro gehiago batu dira. Zerga nagusi guztiek bilakaera positiboa izan dute, hala nola, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak, Sozietateen gaineko Zergak eta Balio Erantsiaren gaineko Zergak. Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, datuen balorazio irakurketa positiboa egin du: “Oso zenbaki onak dira eta, hilabete baten faltan, badirudi aurtengo zerga bilketa helburuak beteko ditugula”.  
Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 54,1 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%4). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak eta kapital higikorraren etekinen atxikipenek, 3,8 milioi euro eta 4,4 milioi euro gehiago bildu baitira, hurrenez hurren. Honela, PFEZ bere osotasunean ere hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 81,9 milioi gehiago batu dira eta (%5,7).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 55,6 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 18,8 milioi euro handitu dira, eta itzulketak 36,8 milioi eurotan murriztu. Zerga berezien atalean, 14 milioi eurotan hazi da Hidrokarburoen gaineko Zerga (+%4,7) eta 4,1 milioi euro murriztu da Tabako laboreen gaineko zerga (-%3,8).
Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %3,7 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 39,7 milioi euro gehiago: 71 milioitan hazi dira sarrerak (%5,4), itzulketak 16,6 milioitan murriztu  dira (%2,9) eta lurraldeen arteko doikuntzak 47,9 milioi eurotan gutxitu dira (%13,6). 

  

2012