Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako zerga bilketa metatua %12,6 hazi da abuztura arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %12,6 hazi da abuztura arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2016an baino 328 milioi euro gehiago batu ditu

2017/09/11

Zerga bilketa metatua %12,6 hazi da Gipuzkoan abuztura arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2016ean baino 328 milioi euro gehiago batu dira. Igoera azaltzen dute, sarreren atalean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) eta Sozietateen gaineko Zergaren bilakaera positiboak. Eragin negatiboa izan duten kontzeptuen artean, BEZaren lurralde arteko doikuntzena da aipagarriena.
Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, datuen irakurketa positiboa egin du eta nabarmendu Gipuzkoa oinarri oso solidoaren gainean dagoela urtearen itxierari aurre egiteko. “Zifrak direnak dira, eta joera mantentzen bada, urteko hazkunde helburuak betetze bidean gaude. Hala ere, oraindik bidearen herena falta zaigu, etengabeko lana eskatuko diguten lau hilabete, eta hori dela eta oraindik ere ezin ditugu idiak baino lehen zintzarriak erosi”, ohartarazi du. 
Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 37,1 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%3,7). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenak, 3,4 milioi euro gehiago bildu baitira, eta kapital higikorren etekinen atalean, berriz, 9,2 milioi gehiago batu dira. Horrela, PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 61,5 milioi gehiago batu dira eta (+%6,3).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 61,5 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 37,2 milioi euro hazi dira, eta itzulketak 24,3 milioi eurotan gutxitu. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %4,6 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 35,8 milioi euro gehiago: 49,6 milioitan hazi dira sarrerak (+%5,2), itzulketak 23,5 milioitan murriztu (-%5,6), eta BEZaren lurraldeko arteko doikuntzak 37,3 milioitan murriztu dira (-%25,9). 

  

2531