Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako zerga bilketa metatua %2,7 igo da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %2,7 igo da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2018an baino 115 milioi euro gehiago batu ditu

2019/12/12

Zerga bilketa metatua %2,7 hazi da Gipuzkoan azarora arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 4.450,3 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2018an baino 115 milioi euro gehiago batu dira. Hazkundearen zergati azaltzen dute, batez ere, bi zerga nagusiek izan duten bilakaera positiboek, hazi egin baitira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) zein Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) bilketak. Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, bi zerga hauetan nabarmen igo dira itzulketak, %10etik gora bi kasuetan: PFEZan, amatasun eta aitatasun prestazioen itzulketen eraginez; eta BEZan, esportazioen hazkundea dela eta. 
Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 84,3 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,7). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 66,4 milioi gehiago batu dira eta (+%4). Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek erdibana egiten dira PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: gora egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 7,6 milioi (+%7,9) eta 1,2 milioi (+%2,3), eta behera ondare irabazien gaineko atxikipenek, 14,6 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%34,5). 
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 6 milioi euro gehiago jaso ditu: sarrera gordinak 30,3 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 36,3 milioi eurotan murriztu dira. Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %1,7 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 21,1 milioi euro gehiago: 14,8 milioitan hazi dira sarrerak (+%1), itzulketak 66,3 milioitan igo dira (+%11,4) eta lurralde arteko doikuntzak 72,5 milioi eurotan hazi dira (+%18,3).  
Zerga berezien atalean, bere aldetik, Hidrokarburoen Zergaren bilketa 37,9 milioi eurotan hazi da (+%11,6) eta tabako laboreen gainekoa 2,6 milioi eurotan (+%2,4). Azkenik, Estatuarekiko doikuntzen zerga-bilketaren alorrean, 29,7 milioi euro gehiago bildu dira BEZan eta 10,2 milioi okertu dira zerga berezienak. 

  

2152