Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako zerga bilketa metatua %26,5 hazi da maiatzera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %26,5 hazi da maiatzera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Foru erakundeak aurreko urtean baino 310 milioi euro gehiago bildu ditu

2021/06/16

Zerga bilketa metatua %26,5 hazi da Gipuzkoan maiatzera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 1.481,2 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2020an baino 310 milioi euro gehiago jasoz. Iaz, apirilean eta maiatzean, zerga-bilketa nabarmen jaitsi zen COVID-19 gaitzaren pandemiari aurre egiteko hartutako erabakiengatik, batez ere aitorpenen atzeraketaren, gerorapenen eta itzulketak indartzearen eraginez. Zati batean, zerga-bilketa jaitsiera hori hurrengo hiletan berreskuratu zen. Hori dela eta, alderaketa homogeneoagoa izan daiteke 2021 eta 2019 urteak alderatzea eta, hau eginda, aurtengo lehen bost hilabetetan duela bi urteko baino 58,2 milioi euro gutxiago jaso dira, hau da, -%3,8ko murrizketa.

            2020 eta 2021 urteen arteko alderaketara itzulita, sarrera gordinak %16,7 handitu dira, eta itzulketak %1,5 murriztu. Zuzeneko zergak %27,3 hazi dira, zeharkako zergak %27,6 eta Estatuarekiko doikuntzak %3,1. Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan atxikipenen atalean 139 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%21,2), zati batean maiatzean izandako ezohizko sarrera batzuen eraginez. Honela, PFEZa bere osotasunean hartuta, %23,3 handitu da bilketa aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 126,4 milioi euro gehiago. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiak 16 milioi euro gehiago jaso ditu: sarrera gordinak 17,1 milioi euro igo dira, eta itzulketak milioi bat eurotan hazi dira.

Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %34,5 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 106,3 milioi euro gehiago: 98,1 milioitan igo dira sarrerak (+%18,8); itzulketek 13,7 milioi eurotan murriztu dira (-%4,7); eta lurraldeen arteko doikuntzak 5,5 milioi eurotan jaitsi dira (-%7,3). Bere aldetik, zerga berezien atalean Hidrokarburoen gaineko Zergaren bilketa %36 igo da, hau da, 29,3 milioi euro gehiago aurreko urtearekin alderaketa; eta Tabako Laboreen gaineko Zerga %26,6 jaitsi da, 13,5 milioi euro gutxiago bildu baitira. Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzetan bilketa metatua, joan den urteko epe beraren aldean, 3,5 milioi handitu da BEZean eta 1,6 milioi okertu da zerga berezietan.

 

  

2218