Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako zerga bilketa metatua %4,6 hazi da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %4,6 hazi da azarora arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2017an baino 193 milioi euro gehiago batu ditu

2018/12/13

Zerga bilketa metatua %4,6 hazi da Gipuzkoan azarora arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira, 4.335 milioi euro batu dira, hau da, 2017an baino 193 milioi euro gehiago. Igoera azaltzen dute, sarreren atalean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Sozietateen gaineko Zergak eta Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) izandako bilakaera positiboak. Aitzitik, eragin negatiboa izan duten kontzeptuen artean, nabarmentzekoa da Estatuarekiko doikuntzak jaitsi izana da, bai BEZan zein zerga berezietan. 
Ogasun eta Finantza foru diputatu den Jabier Larrañagak zerga bilketak urte osoan zehar izaten ari den bilakaera positiboan jarri du azpimarra: “Oso urte ona izaten ari da aurtengoa, eta gure lurraldeko ekonomiak bizi duen une gozoaren isla da hau”. Esan duenez, hobekuntza hainbat adierazletan agertzen da, esaterako enpresen salmenetan edota enplegu eta soldaten gorakadan. Ondorioz, zerga bilketa hazten ari da. Hala ere, gogoratu du oraindik ere hilabete falta dela urtea ixteko, eta abenduan “lan asko egin behar dugu, urte osoan zehar izan dugun bilakaera berretsi eta urtea helburuak betez itxi ahal izateko”.  
Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 78,5 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%5,6). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenek, 13,3 milioi euro gehiago bildu baitira (+%45). Kapital higikorren eta higiezinen etekinen atalean, bere aldetik, 2,2 milioi euro (+%4,9) eta 0,9 milioi (+%3,7) gehiago batu dira, hurrenez hurren. Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 123,9 milioi gehiago batu dira eta (+%8,2).
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 26,1 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 33,9 milioi euro igo dira, eta itzulketek ere 7,7 milioi eurotan egin zuten gora. Zerga berezien atalean, Hidrokarburoen gaineko Zergaren bilketa 17,8 milioi eurotan hazi da (+%5,8), eta Tabakoaren Laboreen gaineko Zergak 4,8 milioi eurotan egin du gora (+%4,6).
BEZari dagokionean, Aldundiak kudeatzen duen zatiaren zerga bilketa metatua %12,9 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 144,7 milioi euro gehiago: 75,9 milioitan hazi dira sarrerak (+%5,5), itzulketak 22,6 milioitan igo (+%4) eta lurraldeko arteko doikuntzak 91,5 milioitan hazi dira (+%30,1). Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzen atalean, zerga bilketa 158,2 milioitan murriztu zen BEZean eta 13,4 milioi eurotan zerga berezietan. 

  

2108