Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Volver Gipuzkoako zerga erreformaren Foru Arau proiektuaren negoziazio prozesua abiatu da Batzar Nagusietan

Gipuzkoako zerga erreformaren Foru Arau proiektuaren negoziazio prozesua abiatu da Batzar Nagusietan

Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Itziar Agirrek elkarrizketarako eta adostasunerako deia egin die batzarkide talde guztiei, lurraldean planteatzen diren erronka sozial eta ekonomikoei fiskalitatetik erantzuteko.

2025/01/23
Gipuzkoako Foru Aldundia

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza foru diputatuak agerraldia egin du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan, abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluan onartutako erreforma fiskalaren Foru Arau Proiektuaren testua aurkezteko. Defendatu duenez, zerga erreforma proiektua “aukera argia” da Gipuzkoako gizarte osoak “ongizatean hazteko”.

Bere hitzaldian Agirrek, erreforma fiskalaren dokumentuak jasotzen dituen puntuak azaldu ditu. Testu honek 2024ko lehen seihilekoan Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako erreforma fiskalaren inguruko ponentziaren ondorio txostena du oinarritzat. Guztira, nazioko eta nazioarteko 60 adituk baino gehiagok eta lurraldearen idiosinkrasia ezagutzen duten eragileek parte hartu zuten ponentzia horren barruan egindako saioetan, erreforma fiskala beren ekarpenekin aberasteko.

Foru diputatuak adierazi duenez, proiektuak “ponentziaren ondorioen txostenean jasotako gomendioak jasotzen ditu”. Gaineratu duenez, neurri horiek “lurraldearen erronka ekonomiko eta sozialei erantzun nahi diete, epe luzerako begiradarekin eta erronka horiei fiskalitatetik aurre egiteko behar den segurtasun juridikoa emanez”.

Erreforma fiskalaren ponentziaren ondorioen txostenak 11 erronka jasotzen zituen gai hauen inguruan: etxebizitza, demografia, zaintza eredu berria, pentsioen jasangarritasuna, talentuaren erakarpena, lehiakortasuna eta berrikuntza, desberdintasun mailen murrizketa, genero berdintasuna, kontziliazioa, fiskalitate berdea eta tokiko merkataritza. Agirrek azaldu duenez, Foru Arau Proiektuak erronka horiek sei bloke nagusitan biltzen ditu: kontziliazioa eta berdintasuna; etxebizitza eskuratzea, gazteak azpimarratuz; erronka demografikoa eta zahartzea; fiskalitate berdea eta trantsizio energetikoa; aurreikuspen soziala;eta sistema fiskalaren progresibitatea.

Agirrek adierazi duenez, “erreforma bidezkoa eta progresiboa da, gainerako lurraldeekin harmonizatua, gizarte kohesioa zaintzen duena, kolektibo ahulenei eta gazteei arreta berezia eskainiz”. Ildo horretan, foru diputatuak batzarkide talde guztiei dei egin die dokumentua elkarrekin hitz egiteko eta adosteko, izan ere, “ditugun tresnak aprobetxatu behar ditugu, fiskalitatea kasu, modu berritzaile eta positiboan, planteatutako erronkei erantzuteko eta herri gisa aurrera egiteko”. Hala, alde guztien erantzunkidetasuna eskatu du, “jokoan dagoena herritarren ongizate soziala eta ekonomikoa baita”.

Foru diputatuaren hitzaldiak markatu du orain Gipuzkoako Batzar Nagusietan garatuko den negoziazio prozesuaren hasiera. Erreforma Fiskalaren Foru Arau Proiektua udaberrian bozkatzea aurreikusten da. Onartutako neurriek atzeraeragina izango dute, eta 2025etik aurrera aplikatuko dira.

ZERGA ERREFORMARI BURUZKO FORU ARAU PROIEKTUAK PLANTEATZEN DITUEN NEURRIAK

Progresibitatea

Kohesio soziala sustatzen eta euskal zerga sistemaren progresibitatearen ezaugarria indartzen jarraitzeko, PFEZn aitortzeko betebeharra urtean 19.000 eurora igotzen da (2024an 15.876 eurokoa zen Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino handiagoa).

Familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria

Hala, lehen bloke honetan, gizarte kohesioa sustatzen jarraitzeko eta euskal zerga sistemaren progresibotasuna indartzeko, PFEZa aitortzeko betebeharra urteko 19.000 eurora igotzen da (lanbide arteko gutxieneko soldatatik gora, 2024an 15.876 eurokoa baitzen), eta, horrela, errenta txikienen tributazioa hobetzen da.

Foru-arau proiektuak gainera, benetako berdintasun eraginkorra sustatzen duten ekimen fiskalak jasotzen ditu, kontziliazioa hobetuko dutenak, betiere erantzukizun profesionalen eta familiarren arteko bidezko oreka bermatzeko.

Emakumearen diskriminazio positiboaren aldeko apustua egin da, kenkarien eta murrizpenen portzentaje jakin batzuk handituz, emakumeek enpresa eta ekonomia sarean parte har dezaten sustatzeko. Horren adibide da PFEZean emakume ekintzaileentzako % 15eko (% 10etik % 15era) murrizpena finkatzea.

Era berean, gure gizarteko bizikidetza unitateei ikusgarritasuna eman nahi zaie, eta familia unitatearen konfigurazioan berrikuntzak sartzen dira.

Kenkari pertsonal eta familiar berriak, adibidez, hiru urtetik beherako haurrak zaindu ondoren lanera itzultzeagatiko kenkaria (eszedentzia/lanaldi murriztapena), 1.200 eurokoa emakumeentzat eta 1.500 eurokoa gizonentzat (diskriminazio positiboa).

Kenkariak ere jasotzen dira sozietateen gaineko zergan, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko neurri berriak ezartzen dituzten enpresentzat, legez ezarritakoaren gainetik.

Etxebizitza

Etxebizitzaren arloan, errentamendua bultzatzen da, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko pizgarri fiskalak indartuz.

Horretarako, errentatzailearen tratamendu fiskala hobetzen da etxebizitza maizterraren ohiko etxebizitza izatera bideratzen bada, eta ezartzen da handiagoa izango dela alokairuko bitartekaritza publikoa dagoenean edo etxebizitza tentsionatutako eremuetan dagoenean.

Errentarien kasuan, handitu egiten da kolektibo jakin batzuei aplikatu beharreko kenkariaren portzentajea. Gazteen kasuan % 35era igotzen da.

Gazteen emantzipazioa sustatzen da: 1) ohiko etxebizitza eskuratzea errazten da, etxebizitza kontuaren epea 6 urtetik 10 urtera luzatuz; 2) era berean, etxebizitza erosteagatiko 8.500 euroko gehieneko inbertsioa ezabatzen da lehen urtean; 3) handitu egiten dira gazteentzako ohiko etxebizitza alokatzeagatiko eta erosteagatiko kenkariak, eta haien muga igo egiten da 36 urte bete arte; eta 4) gainera, hurrengo 5 ekitaldietan sortutako eta aplikatu gabeko kenkariak aplikatu ahal izango dira.

Era berean, eta zahartutako higiezinen parkea berritzeko helburuarekin, etxebizitza baten jabeak etxebizitza babestua birgaitzeagatiko kenkaria egin ahal izango du (adibidez, irisgarritasun obrak), betiere ohiko etxebizitza alokatzeko erabiltzen bada.

Enpleguko gizarte aurreikuspena bultzatzea (BGAEak)

Pentsio publikoaren osagarritasunean aurrera egiteko, aldundiek enpleguko gizarte aurreikuspen osagarriko lehentasunezko sistemak sustatuko dituzte, eta, horretarako, helburu hori lortzen lagunduko duen zerga esparru berri bat ezarriko dute. Horrela, tratamendu fiskala eguneratzen da, errenta gisako prestazioak kobratzea sustatuz, eta kalitatezko ekarpenak bultzatzen dira, ekarpen handiagoa egiteko pizgarri handiagoak ezarrita.

Fiskalitate berdea: Birgaitze energetikoa, mugikortasun jasangarria eta trantsizio energetikoa

Kenkari berriak ezartzen dira etxebizitzen energia efizientzia hobetzeko obrengatik, bai ohikoa, bai errentan hartutakoa, berokuntzaren eta hozte sistemaren eskaria murrizteko, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa hobetzeko edo eraikinen energia birgaitzea egiteko. % 5eko edo % 10eko kenkariak proposatzen dira PFEZean zero emisioko ibilgailu berriak erosteagatik, eta % 15ekoak karga puntuak ezartzeagatik.

Halaber, sozietateen gaineko zergaren kenkariak, garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza edo ekonomia zirkularra helburu duten proiektuei lotutako inbertsio eta gastuengatik. Energia iturri berriekin lotutako I+Gko kenkariak areagotzea.

Era berean, eta trantsizio berdea bultzatzeko helburuarekin, pizgarri horiek tokiko tributazioan sartzen dira, egungoak handituz.

Produkzio sarea babestea: mikroenpresak eta enpresa txikiak/kooperatibak

Mikroenpresen kasuan, oro har erreforma fiskalak finkatu egiten ditu nekazaritza eta abeltzaintza jardueretan eta salgaien garraioan lehendik dauden forfaitak (justifikatzen zailak diren gastuak), eta artisten erregimenerako % 40ko beste bat ezartzen du. Era berean, mikroenpresentzako forfaita % 15ean finkatu da.

Mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, ezabatu egiten da zerga oinarri negatiboak konpentsatu aurreko zerga oinarri positiboaren % 70eko muga.

Azkenik, berrikuspen fiskal berriak planteatzen duen beste helburuetako bat kooperatibak babestea da. Horrela, etxebizitza eskuratzea errazteko eta babesteko helburu bikoitzarekin, bereziki babestutzat jotzen dira etxebizitzak erabiltzea eta gozatzea xede duten etxebizitza kooperatibak (erabilera lagapeneko erregimeneko etxebizitza kooperatibak).

  

5345