Gipuzkoan % 12 elikagai gutxiago erreskatatu dira aurten: "Azken minutua" programa soberakinen murrizketari egokitzen zaio, eta familia kalteberenei laguntzen jarraitzen du
Gipuzkoan % 12 elikagai gutxiago erreskatatu dira aurten: "Azken minutua" programa soberakinen murrizketari egokitzen zaio, eta familia kalteberenei laguntzen jarraitzen du
Gipuzkoan % 12 elikagai gutxiago erreskatatu dira aurten: "Azken minutua" programa soberakinen murrizketari egokitzen zaio, eta familia kalteberenei laguntzen jarraitzen du
Fruta Landetxak eta Natra Oñatik aitorpen berezia jaso dute "Azken minutua" programan izandako lankidetza nabarmenagatik, eta Gipuzkoan elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan erreferente gisa sendotu dira.
Aurten 925.000 kilo erreskatatuko direla aurreikusita, Elikagaien Bankuak lurraldean 20.000 pertsona ingururi laguntzen jarraitzen die, eta enpresa laguntzaileen elikagai-dohaintzetako aldaketetara egokitzen ari da, ibilbideak eta hitzarmen berriak zabaltzearen eta B PLANA programa nazionalean parte hartzearen alde eginez.
Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen esparruan eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuko Bilketa Handiaren atarian, "Azken minutua" programak 2024an 925.000 kilo elikagai erreskatatzea aurreikusten du, hau da, % 12 gutxiago, aurreko urtearen aldean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta erakunde laguntzaileen arteko lankidetzari esker lortu da bolumen hori, eta ahalegin handia da Gipuzkoan kalteberatasun-egoeran dauden familiei laguntzen jarraitzeko, nahiz eta elikadura-soberakinen kudeaketan erronka berriak egon.
Azken bi urteetan, Gipuzkoako Elikagai Bankuak ikusi du erakunde laguntzaileek emandako elikagai-kopuruak behera egin duela, elikagaien aprobetxamenduan kontzientzia handiagoa izatearen ondorioz. Joera hori gizartearentzat positiboa bada ere, denok elikagaien alferrik galtzea saihesteko konpromiso handiagoa dugula adierazten baitu, Elikagai Bankuarentzat produktuen harrera txikiagoa da. Egoera horretara eta merkataritza-kateetako soberakinak kudeatzeko protokoloetan izandako aldaketetara egokitzeko, Elikagaiak Alferrik Galtzeari buruzko Lege berriari aurrea hartuta, Elikagaien Bankua hitzarmen berriak ezartzen, ibilbideak zabaltzen eta B PLANA programan parte hartzen hasi da. Plan horrek enpresa ekoizle eta elikagai-banatzaileen soberakinen kudeaketa maila nazionalean koordinatzen du. Baterako ekimen horiei esker, datorren urtean berreskuratutako milioi bat kilo elikagai baino gehiago lortzea espero da.
Ekitaldian, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok Gipuzkoako Elikagai Bankuaren eta enpresa laguntzaileen lana aintzatetsi dute, eta diplomak eman dizkiete "Azken minutua" programan nabarmendu diren guztiei. Aurten, Natra Oñati eta Frutas Landetxa bereziki aintzatetsi dira, etengabeko ekarpen nabarmena egin dutelako.
Eider Mendozak azpimarratu du beharrezkoa dela Gipuzkoa "komunitate arduratsu, berdinzale, orekatu eta bidezko" gisa eraikitzen jarraitzea, "pertsona guztien ongizate integrala” zaintzen duena. Zeregin horretan, gaineratu duenez, Elikagaien Bankuak "funtsezko" ekarpena egiten du, enpresa laguntzaile guztiekin batera, eta azken horien "konpromiso eta zentzu soziala" goraipatu du. "Zuen lanak erakusten digu komunitate kohesionatu bat eraikitzen jarraitzea, pertsona ahulenak kontuan dituena, guztion lana dela. Erakundeen, enpresen eta elkarteen arteko elkarlanak abiarazitako ekimenen eragin positiboa biderkatzea dakar", gaineratu du.
José Ignacio Asensiok, bestalde, honako hau adierazi du: "Jasangarritasun Departamentutik lanean jarraitzen dugu elikagaien alferrik galtzearen eraginaz ohartzen den gizarte solidarioago bat sustatzeko. Elikagaien Bankuarekin eta erakunde laguntzaileekin batera egindako ahalegina funtsezkoa da alferrik galtzen diren elikagaiak gehien behar dutenengana iritsiko direla bermatzeko. Erronka horrek, neurri instituzionalak ez ezik, gizarte osoaren inplikazioa ere eskatzen du, eta Gipuzkoan frogatu dugunez, elikagaien alferrik galtzearen aurkako borrokan eta familia kalteberei laguntzean aurrera egiten jarrai dezakegu. Eskerrak eman nahi dizkiegu elkartasun- eta konpromiso-sare hori osatzen duten erakunde guztiei, haien laguntzarik gabe ezin izango bailitzateke funtsezko lan horrekin jarraitu".
"Azken minutua" programa
"Azken minutua" programari dagokionez, 757.842 kilo elikagai sartu dira gaur egun, eta urtearen amaieran 925.000 kilo izango dira, hau da, aurreko urtearen aldean % 12 gutxiago.
2009az geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin batera lanean aritu da "Azken minutua" programa gauzatzeko. Programa horren bidez, Elikagaien Bankuak merkataritza-erakunde laguntzaileen eta elikagaiak ekoizten dituzten enpresen soberakinak jasotzen ditu; izan ere, dagoeneko saltzeko gai ez badira ere, kontsumigarriak izaten jarraitzen dute. Soberakin horiek elikagai freskoak dira, eta Gipuzkoako Elikagai Bankuak zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboei laguntzen dieten erakundeei banatzen dizkie.
Saritutako enpresak
Aurten honako enpresa laguntzaile hauek aitortu dira: Uvesco, Mercadona, Alcampo, Angulas Aguinaga, Patateros Solidarios, Carrefour, Casa Eceiza, Brioche Pasquier Recondo, Urkabe Benetan, Aldi, Goenaga Esnekiak, Super Amara, Lurrarte, Interal, Kaiku Km 0 eta Txogitxu.
Erakunde horien eta Gipuzkoako gizarte osoaren baterako ahaleginari esker, "Azken minutua" programak funtsezko tresna izaten jarraitzen du elikagaiak aprobetxatzeko eta alferrik galtzearen aurka borrokatzeko, lurralde solidarioagoa eta jasangarriagoa sustatuz.
2748