Gipuzkoan % 8,5 igo da «azken minutua» programarako elikagaien dohaintza
Gipuzkoan % 8,5 igo da «azken minutua» programarako elikagaien dohaintza
Aldundiak eta Gipuzkoako Elikagai Bankuak Casa Eceizaren lana antzatetsi dute, bereziki «azken minutua» programan elikagaiak eman daitezen sustatzeko egin duen ahaleginagatik.
Ingurumen Departamentuak Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin batera abian jarritako «azken minutua» programak aurreikusten du % 8,5 igoko dela erakunde kolaboratzaileek egiten duten elikagai freskoen dohaintza, lurraldean beharrean dauden familien gorakadak eragindako eskaerari aurre egiteko.
Markel Olano: «Gipuzkoa helburu komun batekin konprometitutako lurraldea da: desberdintasun sozialei aurre egitea. Elikagaien Bankua bera eta "Azken Minutua" programarekin kolaboratzen duten entitateak dira gipuzkoar gizartearen sentsibilitate sozialaren eta izaera solidarioaren erakuslerik onenetako bat».
José Ignacio Asensio: «Eskertzekoa da erakunde kolaboratzaileek halako kontzientzia eta elkartasuna adierazi izana pandemiak, inflazioak eta prezioen gorakadak gehien kaltetu dituen familiarik zaurgarrienen beharren inguruan».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatutako Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan, Markel Olano diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteak diplomak eman dizkiete «azken minutua» programaren baitan elikagaiak ematea sustatu duten enpresa laguntzaileei. Oraingoan, Casa Eceiza izan da saritua, bere lankidetzagatik.
Egungo egoera kontuan hartuta -COVID-19ak, Ukrainaren inbasioaren ondoriozko krisiak, inflazioak eta prezioen gorakadak eragindakoa-, ezinbestekoa da azpimarratzea Gipuzkoako Elikagai Bankuaren lana, lurraldean eragile gakoa baita elikagaiak bermatzeko egoera horiek gogor kolpatu dituzten familia zaurgarriei.
Elikagai Bankuak artatzen dituen pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora azken hiru urteetan, izan ere, pandemiaren aurretik 17.663 ziren eta, gaur egun, 20.449, 2019an baino % 18,7 gehiago. Hala ere, 2021aren aldean, aurtengo bigarren eta hirugarren hiruhilekoan % 5,3 egin du behera onuradunen kopuruak, udaberrian eta udan lan jarduera hobetu delako.
Ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiak gogorarazi duenez, “Gipuzkoa helburu komun batekin konprometitutako lurraldea da: desberdintasun sozialei aurre egitea”. “Elikagaien Bankua bera eta "Azken Minutua" programarekin kolaboratzen duten entitateak dira gipuzkoar gizartearen sentsibilitate sozialaren eta izaera solidarioaren erakuslerik onenetako bat. Ekonomiaren moteltzearen ondorioekin bat, zailtasun ekonomikoak bizitzen ari dira familia eta pertsona ugari; testuinguru horretan, erakundeok hartzen ari garen neurriez gain, egoera ahulenean dauden horiek babesteko funtsezkoa da”, gaineratu du diputatu nagusiak. Horregatik, Gipuzkoako herritarrak animatu nahi izan ditu hilaren 25ean eta 26an egingo den Elikagaien Bilketa Handian parte hartzeko.
Bestalde, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eskerrak eman ditu: «lan garrantzitsua egiten dute Elikagai Bankuak, bertako boluntarioak eta zeregin honetan laguntzen duten enpresa, elakrte eta herritar guztiek». Halaber, Asensiok azpimarratu duenez, Ingurumen Departamentuak Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin lankidetzan abian jartzen duen «azken minutua» programa «ereduzko ekintza da eta agerian uzten du gure eragileen elkartasuna, gure lurraldearen kapital sozialaren adierazgarri dena». Ingurumeneko diputatuak gogorarazi duenez, ekimen honek bi helburu nabarmen ditu: «Alde batetik, soberakin horiek bilduta saihesten da hondakin gisa kudeatzea, kostuak aurrezten ditu eta saihesten du produktu horiek alferrik galtzea; bestetik, helburu sozial garrantzitsu bat betetzen du, elikagaiak banatzen dituelako gehien behar dituztenen artean».
«Azken minutua» programa
«Azken imnutua» programari dagokionez, gaur arte 730.000 kilo elikagai sartu dira, eta urte bukera bitarteko proiekzioa da 875.000 kilo izatea; horrek suposatuko luke % 8,5eko gorakada.
2009. urteaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetzan dihardu Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin, «azken minutua» programa gauzatzeko. Programa honen bidez, Elikagai Bankuak merkataritza entitate laguntzaileen soberakinak hartzen ditu. Horiek ezin dira jada saldu, baina jateko moduan daude erabat. Gipuzkoako Elikagai Bankuak elikagai fresko horiek bideratzen ditu kolektiborik zaurgarrienekin lan egiten duten entitateei.
Saritutako enpresak
Alcampo, Aldi Supermercados, Angulas Aguinaga, Auzo Lagun, Carrefour, Eroski, Frutas Landetxa, Goenaga Esniak, Kaiku, Mercadona, Natra Oñati, Pasquier Recondo, Patateros Solidarios, Superamara eta Uvesco.
3237