Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoan da berriz ere Kultur Dealers, mikrokontakizunen eta literatura saltzeko makinen ekimena

Gipuzkoan da berriz ere Kultur Dealers, mikrokontakizunen eta literatura saltzeko makinen ekimena

Kulturako diputatu Denis Itxasok Kultur Dealers ekimenaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur.

2017/04/04
  • Oraingoan bikoiztu egin da saltzeko makinen kopurua (12 ale), Gipuzkoako txoko gehiagotara iritsi ahal izateko.
  • Hala nahi dutenek www.kulturdealers.com webgunearen bidez bidali ahal izango dituzte mikrokontakizunak, eta kaleko saltzeko makinen bitartez banatuko dira hautatutakoak.

Kulturako diputatu Denis Itxasok Kultur Dealers ekimenaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur. Kultura eta Turismo Foru Sailaren ekimen horrek sorkuntza eta pentsamenduko gunea ireki nahi du herritarren artean, kalean bertan agerrarazi eta ikusaraztea xedetzat hartuta. Prentsaurrekoan Slawka Grabowska epaimahaikidea ere izan da; literatur solasaldi bat zuzentzen du ingelesez, eta gainera, literaturaren inguruko jardueren antolatzailea eta blogaria ere bada.

Berritutako saltzeko makinen bidez hautatutako lagunek idatzitako mikrokontakizunak banatuko dira uztailean eta irailean, bai eta idazle ezagunen pentsamendu-testuak eta aforismoak ere.

Mikrokontakizunak 4 hizkuntzatan izango dira: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Mikrokontakizun gehienak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, baina horietako batzuk ingeles eta frantsesera ere itzuliko dira.

Gipuzkoako hainbat tokitan egongo dira ezarrita, jende asko ibiltzen den lekuetan. Makinek bi aukera eskainiko dizkio erabiltzaileari: Fikzioa eta Pentsamendua. «Fikzioa» sailerako, idaztea gustuko duten pertsona guztiei dei egin nahi diegu ekimenean parte har dezaten eta beren lanak www.kulturdealers.com webgunearen bitartez bidal ditzaten. Gaur, hilak 4, irekiko da testuak jasotzeko deialdia, eta ekainaren 15a arte egongo da bidaltzeko aukera.

Kultur Dealers ekimenaren lehen aldian 380 mikrokontakizun aurkeztu zituzten, eta ehun bat hautatu ziren literatur kalitatea aintzat hartuta. Horietatik guztietatik, 31 euskaraz eta 91 gaztelaniaz izan ziren, eta 25 itzuli ziren ingelesera eta frantsesera.

«Handia izan zen parte-hartzaile kopurua, are gehiago kontuan hartzen badugu, batetik, gehienez baimendutako karaktere kopurua, eta, bestetik, testuak onartzeko epea, gehienbat, batere aldekoa ez den garaian izan zela; udan, alegia. Idazle hasiberriek argitaratzeko era berriak abian jarri beharra egiaz badagoela erakusten du horrek, eta horregatik erabaki dugu beste edizio bat antolatzea», esan du Itxasok.

Liburu-saltzaileen gremioak parte hartu zuen iazko edizioan. Ekimenarekin elkarlanean 17 liburu-denda aritu ziren, eta horiek hartu zuten 70 testu askotariko liburuetatik (filosofiakoak, saiakerak, historia-liburuak eta abarrak) hautatzeko ardura.

 

Idatz ezazu zure kontakizuna. Eta topatu gero kalean

Fikzioari buruzko gunerako, idaztea gustuko duten pertsona guztiei mikrokontakizunak bidaliz parte hartzera dei egin die Denis Itxasok. Orijinalak izan beharko dute beti, eta norberak sortuak. Pertsona orok izango du ekimenean parte hartzeko aukera testuak euskaraz edo gaztelaniaz igorriz www.kulturdealers.com webgunearen bitartez. Testuek, gehienez ere, 2.000 karaktere izan beharko dituzte (zuriuneak barne), eta gai librea izango dute.

Deialdiak literatur sorkuntzarako gune izateaz gain, ezagutarazi eta aitortu ere egin nahi du irakurketa-kluben, idazketa-lantegien, blogarien eta abarren lana. Horrelako tailerrek irakurtzea eta sortzea sustatzen egiten duten «lan handia» nabarmendu nahi du Aldundiak.

 

Parte-hartzea sustatzea

Hainbat komunikazio-ekintza izango dira ahalik eta mikrokontakizun kopuru handiena lortzearren. Proiektua gaur aurkeztuko zaie klubei, blogei, liburutegiei, kultur etxeei eta literaturarekin zerikusia duten eragile eta gune guztiei. Arlo digitalean, kulturaren eta literaturaren esparruko pertsona nabarmenekin (tertuliakideak, blogariak zein literaturarekin eta pentsamenduarekin lotutako erakundeak eta eragileak) jarriko gara harremanetan, eta horrez gain, bi kanal ere ireki ditugu Interneten (Facebook eta Twitter) parte hartzea eta edukiak sortzea sustatzearren.

Gainera, Gipuzkoako hainbat gunetan (hotel-establezimendu, denda, liburutegi eta abarretan) displayak ere ezarri ditugu; horrelakoek orri zuriak eta arkatz txiki batzuk edukiko dituzte herritarrak proiektuan parte hartzera animatzearren.

Saltzeko hamabi makina ezarriko ditugu uztailetik aurrera. Makina horiek hilabetez egongo dira kokaleku jakin batean, eta herrialdeko hainbat tokitan txandakatuko dira (20 kokapenetan egongo dira guztira)

 

Testuak hautatzea

Bidalitako mikrokontakizun guztietatik («Fikzioa» saila) bi atal hauek dituen hautaketa egingo da: Hasieran, aurretiko hautaketa egingo du Gipuzkoako idazketa-tailerretako kideek osatutako epaimahaiak. Geroago, epaimahaiaren lehen hautaketa horren ostean, bi idazle ezagunek egingo dute behin betiko hautaketa.

 

Pentsamendu-testuak

«Pentsamendua» deritzon aukeraren barruan, makinek jada argitaratuta dauden hainbat testu edukiko dituzte. Aforismoak, pentsamendu-zati laburrak, filosofia eta abarrak izango dira. Aurten ere liburu-saltzaileen gremioen eta hainbat liburu-dendarekin elkarlanean aritzea espero du Aldundiak.

  

1480