Gipuzkoaren geroari buruzko mila ekarpen jaso ditu dagoeneko Etorkizuna Eraikiz kapsulak
Gipuzkoaren geroari buruzko mila ekarpen jaso ditu dagoeneko Etorkizuna Eraikiz kapsulak
Lurraldearen etorkizunari buruzko gogoeta parte-hartzailea sustatzen duen egitasmoa Donostian izango da gaurkoan; udazkenean jarraituko du herriz herriko ibilbidean, gipuzkoarren iritziak eta kezkak jasotzea helburu.
Gipuzkoa osoko zortzi herritan geldialdia egin ondoren, Etorkizuna Eraikiz Kapsula Donostiako Gipuzkoa Plazara iritsi da gaur goizean, lurraldearen etorkizunari buruz donostiarren ekarpenak, gogoetak eta kezkak jasotzeko helburuarekin. Orain arteko ibilbidean dagoeneko mila herritar baino gehiagok hartu du parte dinamika honetan, zeinetan bereziki nabarmendu diren pertsona guztientzako lan aukerak sortzearen aldeko mezuak, nahiz ingurumenaren, gizarte politiken, berdintasunaren eta euskararen aldeko proposamen eta iritziak.
Hala jakinarazi du gaur goizean, komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, zeinek, egitasmoak herritarren artean piztu duen “erantzun ona eta indar parte-hartzailea” ikusita, jakinarazi duen udazkenean berriro herriz herriko bidaiari berrekingo diola Etorkizuna Eraikiz kapsulak. “Azken urte eta erdiko bizipenek ere arrasto sakona utzi dute eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu une honetan gipuzkoarren proposamenak, kezkak eta iritziak jasotzea. Etorkizuna Eraikiz, besteak beste, herritarren ekarpenak jasotzeko tresna da, lurralde justu eta lehiakor bat eraikitzeko helburu konpartituan. Gipuzkoarrek dituzten gogoetak, ardurak eta ideiak entzun nahi ditugu eta, dinamika hau, hain justu ere, gizarteak modu aktiboan parte hartzeko bide berri bat zabaltzen du”, adierazi du.
Azken hilabete honetan lurralde osoko eskualdeetan barna ibili da Etorkizuna Eraikiz kapsula, eta zortzi hiri eta herritan kokatu dute (Donostia, Arrasate, Irun, Tolosa, Beasain, Eibar, Zarautz eta Errenteria). Gaur, bigarren aldiz, Gipuzkoako hiriburura iritsi da, udazkenean dinamikari berrekin aurretik egingo duen azken geldialdian. Ekimen honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak herritarrak lurraldearen etorkizunari buruzko hausnartu eta konprometitzera bultzatu nahi ditu. Diputatu nagusiak berretsi duenez, Etorkizuna Eraikiz etorkizuneko erronkei erantzuteko lanean ari da eta ariketa horren “oinarri-oinarrian” dago elkarlaneko gobernantza. Izan ere, Olanoren iritziz, “zertan ari garen bezain garrantzitsua da nola ari garen”. “Denon artean partekatu eta landutako erantzunak eraiki behar ditugu, pandemiak azeleratu dituen desafio eta beharrizanen aurrean. Parte hartze hori sustatzea da hain zuzen ere kapsularen helburua”, gehitu du.
Gipuzkoa plazan instalatu da kapsula eta egun guztian zehar egongo da bertan. Gipuzkoa nolakoa izatea nahiko zenuke 2040an? galdera erreferentzia gisa hartuta, orain arteko ibilbidean hainbat alorrei lotutako erantzunak eman dituzte gipuzkoarrek. Horien guztien artean nabarmentzekoak dira ekonomiari eta enpleguari lotutako proposamenak, zeinak irudikatzen duten industria lehiakor eta berritzaile bati lotutako lurraldea, pertsona guztientzako lanpostuak sortuko dituena. Aldi berean, herritarrek hein handi batean gizarte zerbitzuak garatzen jarraitzea eskatzen dute, bereziki zahartzaroari eskaintzen zaion arretari dagokionez. Bestalde, emakumeen eta gizonen berdintasuna, biolentzia matxistaren aurkako ahalegina eta emakumeek erabaki guneetan duten protagonismoa areagotu beharra aipatzen dute gipuzkoarrek, besteak beste. Datozen urteetan euskararen erabilera indartu eta ingurumenaren zaintzan aurrera pausoak emateko beharraz mintzo dira, baita ere, herritar asko.
“Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du diputatu nagusiak.
Kapsula
Ibilbidearen hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizunari nola erantzuten dion kontatzen du kapsulak. Hau da, modu laburrean, Etorkizuna Eraikiz zer den eta zertan ari den aurkezten zaio, esaterako erreferentziazko zentroen bitartez etorkizuneko gaiei eta herritarren kezkei nola erantzuten ari den erakutsiz. Ibilbidea bukatzeko, bisitariari etorkizuna eraikitzeko euren konpromisoa idazteko eskatzen zaie eta, gero, inprimatu eta bakoitzak bere etxera eramateko aukera dute, kapsula txiki batean gordeta. Honekin batera, kapsularen kanpoaldean photocall bat dago, herritarrei euren konpromisoarekin argazki bat ateratzeko gonbita luzatuz, eta parte-hartzaileak bere helbide elektronikoa emanez gero, argazki hauek Gif formatuan bidaltzen zaizkio.
“Ekimen oso interaktiboa da, jolas moduan planteatu nahi izan duguna, baina sakoneko helburua zein den ahaztu gabe: mundua abiadura bizian aldatzen ari da, etengabeko transformazio prozesu baten erdian gaude, eta Gipuzkoak epe ertain eta luzera dituen erronkak sekulakoak dira. Desafio horiei guztiei aurre egiteko ezinbestekoa da erakundeak, elkarteak, enpresak, ezagutza zentroak… inplikatzea, baina gizartearen beraren inplikazioa lortzea ere funtsezkoa da. Kapsularen bitartez, norabide horretan eragin nahi dugu, kontzientzia sortu nahi dugu gure etorkizuna lantzearen eta eraikitzearen alde lan egiteak duen garrantziaren inguruan”, gehitu du Olanok.
1830