Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoarrek 36 proiekturen artean aukeratu beharko dute Aurrekontu Irekien bigarren fasean

Gipuzkoarrek 36 proiekturen artean aukeratu beharko dute Aurrekontu Irekien bigarren fasean

1.541 herritarrek 2.398 proposamen aurkeztu zituzten, pasa den udaberrian egin zen partaidetza arloko ekimen honen lehenengo fasean.

2022/09/12
Eider Mendoza foru bozeramailea eta Mikel Pagola partaidetza zuzendaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022-2023ko Aurrekontu Irekiek gaur hasiko dute bere bigarren fasea. Hemen, herritarrek aurreko fasean proposatu dituzten ideietatik eratorritako 36 proiekturen artean aukeratu beharko dute gipuzkoarrek eta, ondoren, Aldundiak bi milioi euroko inbertsioa egingo du bozka gehien jasotzen dituzten ekimenak gauzatzeko. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak azaldu duenez, udaberrian egin zen ekimenaren lehenengo faseak “oso emaitza onak” utzi ditu, 1.541 herritarrek 2.398 proposamen egin baitituzte. “Orain, bigarren fase honetan, Aldundia kalera botako da, eta herriz herri eta plazaz plaza ibiliko gara, gipuzkoarren kezkak eta beharrak entzuten eta proposatu dituzten 36 proiektu hauen arteko lehiarako bozkak jasoz”, azaldu du.

          Mendoza gaur goizean agertu da hedabideen aurrean, ekimenaren berri emateko. Berarekin egon da Mikel Pagola, Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria.  “Gobernantza foru diputatu bezala, niretzako oso berezia da deialdi hau aurkeztea; departamentuan egiten dugun ekimen berezienetakoa da, eta herritarrekin aurrez aurre egoteko aukera ematen diguna. Nabarmendu beharrekoa da baita ere ekimenaren transbertsaltasuna: departamentuko mugak aspaldi gainditu zituen, eta gaur gaurkoz etxe guztiaren ekimena da”, adierazi du foru arduradunak, ekimena Aldundiak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan kokatzen dela gogoratuz.

Mendozak azaldu duenez, pasa den legealditik ari da Aurrekontu Irekien ekimen ezberdinekin lanean Gipuzkoako Foru Aldundia. Aurten, berritasun nagusietakoa da biurteko proiektua dela: 2022 eta 2023. Proiektua udaberrian jarri zen martxan eta orduan, apirilaren 26tik maiatzaren 20ra egin zen lehenengo fasean, sake librean eskaini zitzaien herritarrei beraien proposamenak egiteko aukera. “Herritarren erantzuna oso ona izan da: 2.398 proposamen jaso ditugu, 1.541 lagunek hartu dute parte, eta 88 udalerrietatik jaso ditugu proposamenak. Lehen faseari buruz egiten dugun balorazioa, beraz, oso ona da”, adierazi du.

Azken hilabeteetan, lehenengo fasean herritarren egin dituzten proposamen hauek guztiak aztertu eta Aldundiko teknikariek “forma” eman diete, proiektuak identifikatu eta osatuz. 36 proiektu aurre aukeratuko dira eta orain, bigarren fasean, 36 proiektu horien artean aukeratu beharko dute herritarrek: zehazki, herritar bakoitzak 10 aukeratu beharko ditu. Gaurtik hasi eta urriaren 7ra bitartean egingo da fase hau, eta lau parte hartzeko modu daude: gipuzkoa.eus/partaidetza webgunearen bidez; postaz etxean jasoko den txartelen bidez; Aldundian eta udaletako informazio bulegoetan parte hartze txartelak utziz; edota herritarrekin aurrez aurre topaketetan bozkatuz. Azken puntu honetarako, bigarren fase honetan karpa bat ibiliko da herriz herri, eskualde guztiak bisitatuko dituena. “Fase honetan bozkatuen suertatzen diren proiektuak izango dira Aurrekontu Irekien laguntza lerroaren bitartez finantzatuko direnak eta, guztira, 2 milioi euro bideratuko ditugu honetara”, esan du Mendozak.

Fase hau amaitu ostean, urri erdian, parte hartze prozesu guztiaren emaitzak jaso eta gizarteratuko dira, eta herritarrek aukeratu dituzten proiektuak martxan jarriko dira. “Beraz, herritarrei parte hartzera animatzea besterik ez zaigu geratzen. Arestian esan bezala, ilusio berezia egiten digun ekimena da Aurrekontu Irekiena, herritarrentzako partaidetza bide zuzen eta zabala baita. Eta, udazken honetan, gainera, berriro ere kalean egongo gara; are bereziago egiten du honek ekimena”, nabarmendu du Mendozak.  Amaitzeko, gogoratu du pasa den urteko prozesuan, fase guztietan, 7.000 lagunek hartu zuten parte, eta 2022-2023 Aurrekontu Irekien erronka zenbateko hori hobetzea dela.

Proiektuak

36 proiektuei dagokionez, arlo ezberdinetan banatzen dira. Kultura eta aisiaren esparruan 2 proiektu daude: Gipuzkoako talentu gaztea sustatzea (200.000 euro) eta Gipuzkoako ondarea zaharberritzea (200.000 euro). Gizarte politikaren alorra da esanguratsuena, 8 proiektu baititu: gizarte bazterketako osasun mentalari buruzko sentsibilizazio kanpaina (50.000 euro), familiarik gabeko gazteentzako prebentzio programa eta komunitate jarduerak (50.000 euro), etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxe plazak irekitzea (200.000 euro), kontsumo hasiberrien, eskola porrotaren eta portaera arazoen prebentzio programa (50.000 euro), nahasmendu mentala duten adingabeei arreta emateko eguneko zentroa (75.000 euro), gaixotasun mentala duten pertsonak gizarteratzea (150.000 euro), desgaitasuna duten pertsonen gaitasun juridikoa babestea (50.000 euro) eta lan aukerak bazterketa jasateko arriskuan dauden emakumeentzat (50.000 euro).

Ingurumenaren arloan, 4 proiektu aurreikusten dira: ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen sarea (200.000 euro), energia transformazio komunitarioko Gipuzkoako bulegoa sortzea (200.000 euro), Gipuzkoako ibai arroak, hondartzak eta itsasertzak garbitzea (200.000 euro) eta Aldundiaren jarduerari lotutako karbono aztarna konpentsatzea (200.000 euro).    Landa-mundua eta mendien kasuan, beste 4 proiektu proposatzen dira: mendi publikoak garbitzea eta mantentzea (200.000 euro), basoak bertako espeziekin basoberritzea (200.000 euro), landa inguruneko bide homologatuak egokitzea (100.000 euro) eta elikadura jasangarria eta osasungarria sustatzeko ekimenak (200.000 euro).

Euskararen arloan, bere aldetik, 5 proiektu proposatu dituzte herritarrek: Galtzaundi egunkaria digitalizatzea (50.000 euro), gizartean euskararen ulermena zabaltzea (100.000 euro), lantokietan euskaraz lan egitea (100.000 euro), euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko bekak (195.000 euro) eta kirolaren eremuan euskara sustatzea (100.000 euro). Bere aldetik, mugikortasuna eta garraioaren arloan  beste 3 proiektu proposatzen dira: bizikleta bideen erabilera partekatuari buruzko gida (50.000 euro), bizikletak elektrifikatzeko dirulaguntzak (200.000 euro) eta foru bidegorrietan hiri-altzariak, pixatokiak eta iturriak jartzeko dirulaguntzak (200.000 euro).

Gazteria eta kirolaren kasuan, 5 proiektu jasotzen dira: udalekuetarako eta udako jardueretako plazak gehitzea (200.000 euro), aisialdi osasungarrirako alternatibak gazteentzat (200.000 euro), gazteentzako topaguneak sortzea (200.000 euro), udalaren kirol zerbitzuak handitzeko eta hedatzeko dirulaguntzak (200.000 euro) eta herritarrentzako sarbide libreko kirol instalazioen eraikuntza bultzatzea (200.000 euro). Bestalde, ekonomia, enplegua eta turismoan 3 proiektu aurkezten dira: denbora bankuak martxan jartzea (135.000 euro), gaitasun humanistiko eta sozialak sustatzea enpresen iraunkortasunean (200.000 euro) eta gazteek sustatutako enpresa proiektu berriak finantzatzea (200.000 euro). Azkenik, berdintasuna eta aniztasunaren esparruan proiektu bat proposatzen da, kirol ekipamenduen erabilera genero ikuspegitik (50.000 euro), eta bide azpiegituretan beste bat, motorzaleak babesteko sistemak instalatzeko azterketa (70.000 euro).

Etorkizuna Eraikiz

Aurrekontu Irekien ekimena Etorkizuna Eraikiz foru programaren aterkipean kokatzen da. Eta, Mendozak gaineratu duenez, Etorkizuna Eraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur gaurkoz bultzatzen duen proiekturik “interesgarri eta mamitsuena” izango da. “Politika egiteko modutan aldaketa bat egin nahi dugu Etorkizuna Eraikizen bitartez, administrazioa eta herritarren artean azken urtetan sortu den arrakala gainditu edo, behintzat, murrizteko. Horretarako, gobernantza eredu berri baten alde egiten ari gara: elkarlaneko eta irekia”, esan du foru arduradunak. “Denon artean, gizarte antolatuari eta herritarrei hitza eman eta parte hartzeko bideak irekiz, Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzen eta eraikitzen ari gara Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez: hausnarketa partekatu baten bitartez, biharko erronka eta desafioak identifikatzen ari gara. Behin arazoa identifikatuta, gaurtik hasten gara lanean, esperimentazioaren bidez, biharko arazo horiei erantzunak emateko”, adierazi du.

Testuinguru horretan, Gobernantzako diputatuak esan du Aurrekontu Irekiak “funtsezko erreminta” direla, herritarrei zuzen-zuzenean irekitzen baitie parte hartzeko bidea. “Herritarren partaidetza kudeaketa publikoan txertatzeak herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du.     Izan ere, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da”, azaldu du. Mendozaren ustetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da bizi ditugun garai hauetan partaidetzaren bidea zabalik izatea: “Esku artean ditugun erronkak sekulakoak direlako; eta erantzunetan eraginkorrak izateko, guztion inplikazioa behar dugulako. Beraz, argi dago zergatik jarraitzen dugun partaidetzaren aldeko apustuarekin”.

  

2658