Gizarte kohesioa indartzearen alde egin du diputatu nagusiak, “totalitarismoen aurkako txertotik onena”
Gizarte kohesioa indartzearen alde egin du diputatu nagusiak, “totalitarismoen aurkako txertotik onena”
Gizarte kohesioa indartzearen alde egin du diputatu nagusiak, “totalitarismoen aurkako txertotik onena”
Gipuzkoak lehiakortasunaren eta kohesioaren alde egiten duen apustua aldeztu du, eta hemen Europari ekarpena egin diezaiokeela esan du.
Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok herritar guztien aukera berdintasuna bermatu eta gizarte kohesioa indartzen jarraitzearen alde lan egiten jarraitzeko deia egin du. Bere ustetan, hau da “korronte xenofobo eta ultren, totalitarismoaren aurkako txertorik onena”. Datorren igandean, maiatzak 9, Europako Eguna ospatzen da eta, honen harira, Olanok esan du intolerantzia dela gaur gaurkoz proiektu europarrak duen mehatxurik larrienetakoa. “Gipuzkoa, lurralde bezala, Europarekin guztiz lerrokatuta dago. Gure apustuaren zutabe nagusiak lehiakortasun eta gizarte kohesioa dira, mugaz gaindiko ikuspegia daukagu, Europako esperientzia aurreratuekin konektatuta gaude… Eta uste dut, lurralde bezala eta herri bezala, desberdinkeriaren kontrako borrokan erreferente bilakatuz, gure ekarpena egin diezaiokegula Europari”, aldeztu du.
Diputatu nagusiak gaur goizean Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den ‘Totalitarismoaren txertoa Europan ote dugu?’ jardunaldian hartu du parte, Europaren Egunaren harira antolatu dena. Bertan, aditu ezberdinek Europarekin lotura duten gaurkotasuneko gai ezberdinak jorratu dituzte. Honela, Nerea Magallon Zuzenbidean doktoreak Europako gobernantzaren erronkak eta Garapen Jasangarrirako Helburuei buruz jardun du; Carmen Salcedo Valentzia Unibertsitateko irakasleak, giza eskubideei buruz; Maria Jose Sanz biologian doktoreak aldaketa klimatikoari buruz jardun du; Maite Alonso Jaurlaritzako sailburuorde ohiak hezkuntza erronkak izan ditu hizpide; Leyre Arrieta Historia Garaikidean doktoreak Euskadik Europan duen parte hartzea aztertu du; eta azkenik, Arola Urdangarin Akitania Berria, Euskadi, Nafarroako Euroeskualdeko zuzendaria mugaz gaindiko lankidetzaz aritu da.
Olanok, bere hitzaldian, Robert Schumanek duela 71 urte adierazpenaren zita bat mahai gaineratu du: “Europa ez da bat-batean eta obra oso bat bezala egingo. Ekintza konkretuen bidez egingo da, elkartasuna de facto eragingo duten ekintzen bidez, alegia”. Honen harira, Europa “pausoz pauso” eraikitzen jarraitzearen beharrean jarri du azpimarra. Beste ustetan, momentu honetan ageri diren mehatxu nagusiak dira demokrazia liberalaren gainbehera, gizarte desberdintasunak handitzen ari direla eta COVID-19aren pandemia, “Europarentzat sekulako stress froga” izaten ari dena.
Arlo honetan, diputatu nagusiak bat egin du Europak pandemia osteko agertokirako ezarri dituen irizpideekin. “Etorkizunak berreskuratze berdea, digitalizazioa eta ikuspegi soziala izan behar ditu hizpide. Guk ere, Aldundia bezala, aldezten dugun ereduak irizpide hauen alde egiten da, eta oinarri gisa ditu jarduera ekonomikoa bultzatzea, honen eskutik gizarte kohesioa handitzeko eta, honela, desberdinkeria gutxiago izateko”, nabarmendu du, gogoratuz foru erakundearen helburu estrategiko nagusia dela Europa mailan desberdinkeria gutxien duten lurraldeen artean kokatzea.
“Une zailak bizi ditugu, baina norabideari eutsi behar diogu. Pandemiaren eta txertaketaren eboluzioak markatuko du urtea eta, bitartean, gure konpromisoa geure apustuari eustea da: lehiakortasuna eta gizarte kohesioa oinarri dituen apustua”, adierazi du. Horretarako, Etorkizuna Eraikiz proiektuak oinarri duen elkarlanari eustearen garrantzia aipatu du eta, honela, Gipuzkoa bezala eta Euskadi bezala Europari “ekarpena” egiteko konpromisoa adierazi du.
1934