GK Green Fashionek Moda Jasangarriko liderrak bilduko ditu
GK Green Fashionek Moda Jasangarriko liderrak bilduko ditu
Gipuzkoako GK Green Fashion klusterrak online lehiaketa bat abiatuko du.
Donostia Moda Jaialdia ekainaren 11tik 13ra bitartean izango da aurten, formatu digitalarekin, COVID-19aren ondoriozko testuinguru eta egoera berrietara egokitzeko. Aurten, jaialdiaren helburua izango da tokiko modaren industria ikusaraztea, babestea eta sustatzea.
Moda Jasangarriaren Gipuzkoako Klusterra, GK Green Fashion, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sortu zuen, eta Gipuzkoako 26 eragilek modu aktiboan parte hartzen dute moda jasangarriaren alde. Kluster hori da, hain zuzen ere, Jaialdiaren lehen jardunaldiaren arduraduna, ekainaren 11n. Egun horretarako, GK Green Fashionek bilduko ditu nazio mailako moda jasangarriaren lider nagusiak, " Ondo pasa moda jasangarriari buruz ikasten" " izeneko jardunaldian hitzaldiak emateko. Jardunaldia online egingo da, hau da, zuzenean eta 'streaming' bidez ikusi ahal izango da, www.gipuzkoademoda.com webgune ofizialak, diariovasco.com-en Gipuzkoa de Moda kanalak, Teledonostik eta Teledonosti.tv-k emandako seinalearen bitartez, eta ponentzia edo hitzaldi bakoitzean zuzenean galdetzeko eta parte hartzeko aukera eskainiko da.
Jardunaldia 10:00etan hasiko da, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuaren irekiera saioarekin, eta bere helburua izango da ehungintzaren oinarriak jartzera gonbidatuko duen hausnarketarako gune bat sortzea, susperraldi berdea eta eraldaketa ekologikoa oinarri hartuta, COVID19ak eragindako geldialdiaren ondoren. Asensio foru diputatuaren arabera, "Ezin gara iraganeko normaltasunera itzuli; aitzitik, normaltasun berri bat eraiki behar dugu guztion artean, normaltasun jasangarri bat, non sektore guztiak aldatu behar diren ekologia oinarritzat hartuta. Azken batean, aurrera egin behar dugu Gipuzkoa jasangarri eta klimatikoki neutro baterantz”
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza, GK Green Fashionen bitartez, ehungintzaren sektore tradizionala eraldatzen lagunduko duten politika aktiboak egiten ari da, eredu jasangarri, berritzaile eta zirkular baterantz bideratzeko. Ildo horretan, oso garrantzitsua da Moda Jasangarriko lider nazionalak biltzen dituen jardunaldi hau egitea, "Gure kontsumo-ohiturak aldatzeko beharrarekiko sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta ezagutza zabaltzen laguntzen digulako, tokiko ekoizpen jasangarri hori, ingurunea errespetatzen duen tokiko merkataritza hori sustatuz eta babestuz.
Ekainaren 11ko Moda Jasangarriko Jardunaldiaren programa, praktikoagoa den beste programa batekin osatuko da; hain zuzen ere, Gipuzkoako Moda Jasangarriko marken aurkezpen bat egingo da eta joskintza jasangarriari buruzko bi tailer eskainiko dira.
Programa osoa esteka honetan kontsulta daiteke:
https://www.gipuzkoademoda.com/primavera-verano.php
Green Fashion Quiz lehiaketa
Moda Astearen formatu digitaleko edizio honetan, GK Green Fashionen eskutik datorren ekimen berri bat gehitu da. Green Fashion Quiz online lehiaketa da, Moda Jasangarriaren kontzeptua eta balioa herritarrengana hurbiltzea eta bide horretan diharduten Gipuzkoako enpresak ezagutaraztea helburu duena. "Ondo pasa moda jasangarriari buruz ikasten" izenburupean, lehiaketak 10 galdera planteatzen ditu, eta online erantzun beharko zaie. Lehiaketa ekainaren 4tik 9ra egongo da martxan gipuzkoademoda.com webgunean, eta erantzunak asmatzen dituzten guztiek parte hartuko dute ekainaren 11n, Moda Jasangarriaren Jardunaldian, 13:45ean zuzenean egingo den zozketan. Opariak eta moda jasangarriko Gipuzkoako dendetan erosteko bonoak zozkatuko dira, gure tokiko dendei laguntzeko.
1619