Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Natura modu erakargarrian ezagutzera emateko hausnarketa egiten ari dira Tabakaleran goi mailako dibulgatzaileak

Natura modu erakargarrian ezagutzera emateko hausnarketa egiten ari dira Tabakaleran goi mailako dibulgatzaileak

Gipuzkoa Naturaldiaren lehenengo edizioa

2016/05/18

Naturaren arloko eta komunikazioaren nahiz sormenaren arloko 54 hizlari parte hartzen ari dira.

Arratsaldean publikoari irekitako saioa egingo da.

Gipuzkoa Naturaldiaren lehen edizio honen barruan egiten den bigarren ekitaldia da, lehena 2015eko azaroan egin baitzen, Tolosan. Oraingoan, adituen hausnarketa bateratua egiten ari dira, naturaren dibulgazioari buruz: zer eta nolakoa izan behar du naturaren dibulgazio kalitatezkoak, nola lagundu dezakete sorkuntzaren eta komunikazioaren munduek,... “Gipuzkoa Naturaldian natura –eta bereziki Gipuzkoakoa- maiatzera eta ezagutzera eramaten gaituzten bide guztiak arakatu nahi ditugu, eta, horretarako, publikoari eta jendeari oro har natura babestu beharra helarazteko biderik egokiena zein den jakin nahi dugu.  Gipuzkoa Naturaldiaren funtsa natura eta naturaren babesa dira. Dibulgazio sortzailea, atsegina eta erakargarria sustatu nahi dugu, askotariko bide, diziplina eta formatuak baliatuko dituena, publiko guztietara iristeko.  Naturaren kontakizun egokia egin nahi dugu, kalitatezkoa, irizpideetan oinarritutakoa, baina espiritu ludikoa ahaztu gabe”, azaldu du Asensiok.

Ingurumen diputatuak esan du “Gipuzkoa Naturaldia proiektu irekia da, naturaren alde zerbait egin dezakeela uste duen orori zabaldua, bai Naturaren babesaren ikuspegitik, bai eta sormenezko dibulgazioaren ikuspegitik ere”.

Asensiok azpimarratu du Departamentutik egin den ahalegina, Donostiara bi arloetako aditu garrantzitsuenak ekartzeko. “Eta emaitza bikaina dela uste dut”, esan du.

NATURAREN eta DIBULGAZIOA ETA SORMENAREN arloetako 54 hizlari parte hartzen ari dira jardunaldian. Lehen mailako adituak dira guztiak, eta haien arteko topaketak aukera emango digu:

  • Gipuzkoa Naturaldiaren edukiari eta hedapenari buruzko irizpideak finkatzeko.
  • Azpimarratzeko eta sustatzeko naturalisten eta sortzaileen/dibulgatzaileen arteko konexioa, naturaren alde egiteko.
  • Arreta erakartzeko, herritarrena oro har eta laguntzera deitutako eragile guztiena (bi munduetako elkarteak, zaletuak eta profesionalak), nahiz erakunde eta komunikabideena, jabetu daitezen natura “kontatu” edo azaldu egin behar dela, ezagutu, apreziatu eta babestu ahal izateko.
  • Naturaldiaren adiskide eta laguntzaileen artean zubia eraikitzeko, Tolosa Naturaldiatik Gipuzkoa Naturaldiara, eta talde hori partaidetza sare handiago batetara irekitzeko.

Ostegun goizean egin den tailer itxian Naturaren dibulgazioari buruzko eztabaidari hasiera eman diote,  alde batetik, Silvia Intxaundorro kazetariak, irratian eta telebistan arituak, eta ETB, Cuatro, CNN+, Cadena ER eta W radio Colombia  programetan ahotsa eta aurpegia jarri dituenak, eta, bestetik, Raúl Castrok, AZTIko itsas ikertzaileak, biodibertsitatean eta kostaldeko kudeaketan adituak. Komunikatzaile baten eta naturalista baten arteko lehen elkarrizketa horren ondoren, parte hartzaileak 6 lan mahairen inguruan bildu dira, naturaren dibulgazio sortzaile eta kalitatezkoarekin lotutako hainbat alderdiei buruz gogoeta egiteko eta arlo horretan sakontzeko. Hausnarketa eragingo duten gaiak izan dira, besteak beste: Naturaren dibulgazioari buruz hitz egiten dugunean, nondik abiatzen gara? Zein da egungo egoera? Gipuzkoa Naturaldiak sormenezko eta kalitatezko dibulgazioa sustatu nahi du. Zer da guretzat naturaren dibulgazio sormenezko eta kalitatezkoa? Gauden lekutik abiatuta, eta Gipuzkoan naturaren dibulgazio sormenezko eta kalitatezkoa bultzatzeko xedez, zein dira eman beharreko urratsak? Zein dira Gipuzkoa Naturaldiatik eman ditzakegun urrats egokienak?

Lan horretatik ateratako ekarpenak eta gogoetak baliagarriak izango dira naturaren dibulgazio sortzaile eta kalitatezkoari buruz Gipuzkoa Naturaldiak aterako duen dekalogoa definitzeko, eta baita Gipuzkoa Naturaldiaren etorkizuneko edizioak gidatzeko ere.

Arratsaldean, goizean adituen artean egindako gogoeta publikoari zabalduko zaio. Arratsaldeko ekitaldi hori 19:00etan hasiko da, Tabakalerako Prisma aretoan, eta ekitaldiari emango zaion formatuari esker  jendeak aukera izango du goizean tailerrean parte hartu duten adituekin zuzenean hitz egiteko. Saio hau Koldobika Jauregi artistaren zuzeneko performance batekin hasiko da, Susana Cencillo soinujolearekin batera; ondoren, hitza emango zaie Silvia Intxaurrondori eta Raúl Castrori, beraiek arduratuko baitira naturaren dibulgazioari buruzko eztabaidari hasiera emateaz.

Jardunaldiko parte hartzaileak dira: Joaquin Araujo, Miguel Delibes, Fernando Bernués, Maia Curuchet, Juanjo Díez Fernández, Marcelo Díaz, Jakoba Errekondo, Jacqueline Goffart, Esther Irigaray, Karmelo Anabitarte, Kiko Alvarez, Izaskun Ceciaga, Santi Eraso, Natxo Escobar, Libe Solagaistua, Begoña Zubia, Aitor Lekuona, Maite López de Arbina, Odile Rodriguez de la Fuente, Juan Arizaga, Iñaki Azkarate, Roge Blasco, Aizpea Goenaga, Arantxa Mendiharat, Imanol Biain, Nieves Lazcano, Carlos de Hita, Joxan Auzmendi, José Manuel Cortizo, Alberto Gorriberea, Koldobika Jauregi, Iñigo Mendiola, Begoña Cabaleiro, Iñigo Muñoz, Pedro Cáceres, Koldo Almandoz, Unai Bilbao, Arturo Elosegi, Elena Odriozola, Julia Otxoa, Adolfo Uriarte, Sebastián Alvaro, Luis del Barrio Bazaco, Shole Martin, Garikoitx Murua, Iñigo Martinez, Iñaki Sanz-Azkue, Aitziber Sarobe, Itziar Eizagirre eta Octavio Oruezabal

Naturaldia

Gipuzkoa Naturaldia sorkuntza kolektiboko ekitaldi bat da, publiko guztiei zuzendua, naturaren kalitatezko dibulgazioa sustatzeko Gipuzkoan. Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak antolatzen du, nahiz eta jatorria Tolosa Naturaldian izan. Horrela, Tolosa Naturaldiako espiritua mantentzen du, haren erronkak bere egin ditu, eta urtetan bildutako ezagutza erabiltzen du, proiektu kolektibo berri honi ekiteko. Gainera, Shole Martin, 25 urtez Tolosa Naturaldiako sustatzaile izan dena, lankidetza estuan ibili da Gipuzkoa Naturaldiarekin. Proiektua hazi egin da, 3 dimentsiotan: jardunaldiak hainbat egoitza izango ditu, Gipuzkoan zehar banatuta; hiru urtaroetara zabaltzen da (udazkena, negua eta udaberria); eta naturaren arloko eta dibulgazioaren arloko eragileek nahiz gizarte osoak aktiboki parte hartzea bilatuko du. Horregatik, Gipuzkoa Naturaldiaren lehenengo edizio hau, 2015 eta 2016 urteetan egin dena, geldialdia egin eta hausnarketa kolektiboa egiteko edizioa da, etorkizunera begira oinarri orokorrak ezartzeko.

Ekainean amaituko da trantsizioko lehenengo edizio hau, Donostiako Aquariumen ondorioak aurkezteko egingo den ekitaldian.  Gipuzkoa Naturaldiaren hurrengo edizioa 2016ko udazkenean abiatuko da, eta hainbat ekitaldi izango ditu lurralde osoan zehar. Abiatzeko eta ikasteko edizioa izango da beraz, naturaren dibulgaziorako sorkuntza kolektiboa xede izango duena.                                                                   

  

1714