Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gordailuak Errenteriako Jantziaren Zentroko mila pieza hartu, kontserbatu eta zabalduko ditu

Gordailuak Errenteriako Jantziaren Zentroko mila pieza hartu, kontserbatu eta zabalduko ditu

Pieza hauek balio handia dute gure historia eta gure bizimodua ezagutzeko

2018/02/23

Denis Itxaso: «Aldundiaren egitekoa da kultur ondarea kontserbatu eta zabaltzea, eta pieza hauek ezin ukatuzko balioa dute gure historia eta gure bizimoduaren nahiz sorkuntzen bilakaera ezagutzeko».

Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Ramon Garcia Errenteriako Jantziaren Zentroko arduradunak prentsaurrekoa eman dute, Aldundiaren eta Zentroaren arteko akordioaren berri emateko. Azaldu dutenez, akordio honen bidez Jantziaren Zentroko 997 pieza Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora (Gordailua) pasako dira, komodatu formula baliatuz. Izan ere, Gordailuaren xedea da euskal kulturarako interesekoak diren bildumak gorde eta zabaltzea: ikus arteetakoak, arkeologikoak, etnografikoak nahiz ondare industrialekoak. Prentsaurrekoan Ion Collar, Errenteriako kultur zinegotzia ere izan da.

Iraultza Taldea, berriz, Euskal Herriko eta munduko jantzi bilduma garrantzitsu baten jabea da. Bildumaren funtsa osatzen duten jantzi horiek ikusgai egoten dira, Errenteriako Jantziaren Zentroan egiten diren aldi baterako erakusketetan. Orain, elkarteak 997 pieza lagako dizkio Gordailuari: emakumezkoen 690 jantzi, gizonezkoen 182, 46 oinetako eta 79 oihal. Guztiak XVIII, XIX eta XX. mendeetakoak. Emakumezkoen 42 janzki oso eta gizonezkoen 7, eta beste hainbat pieza, hala nola txalekoak, lebitak, brusak, jakak, uniformeak, kapak, txaketak, kapelak, gerruntzeak, kankanak, pololoak, mantoiak eta soinekoak. Apaiz arropak ere badaude, eta umeenak: kapota, bataio arropa eta bainujantzia esaterako. Beste hainbat pieza: ligak, xistera kutxa, polainak, eskumuturrekoak, begiztak, botoiak, eskularruak, toga, kortseak, eskuzorroak, mitoiak, lebita, gerruntzea, jipoia, estola, mantelina, gerruntzearen haga, xala, parpaila, polisoizko armazoia, lumazko apaingarria, beloa, poltsa, zapatak garbitzeko hautsa, artilezko sokak, zurezko moldeak eta hainbat oihal, hala nola izarak, toallak, sehaska arropak, estola, trapua, manta, aldareko oihala, tximeleta begizta, parpailak eta enkajeak.      

Kontuan hartuta bilduma honen bokazio publikoa eta erakusgai ez dauden funts askok Gipuzkoaren ondarerako duten garrantzia, eta aintzat hartuta Gordailua dela ehunezko funts horiek gordetzeko baldintza onenak betetzen dituen ekipamendua, Aldundiak erabaki du ia 1000 pieza horien kargu egitea, eta Gordailuan hartzea, bertan gorde eta zaintzeko.

Iraultza taldea arduratuko da informazio guztia digitalizatzeaz, Gordailuak bere katalogoan sar dezan, eta elkartea bera arduratuko da, baita ere, jantziak gordetzeko beharrezkoak diren kutxa bereziak eskuratzeaz. Akordio honen hasierako iraupena bost urtekoa da, baina luzatu daiteke. Piezak lagapenean utzi daitezke, edo lekuz aldatu daitezke, aldi baterako, ahalik eta zabalkunde handiena eman nahi baitzaie.

«Aldundiaren egitekoa da kultur ondarea kontserbatu eta zabaltzea, eta pieza hauek ezin ukatuzko balioa dute gure historia eta gure bizimoduaren nahiz sorkuntzen bilakaera ezagutzeko. Horregatik, biziki interesgarria iruditzen zaigu pieza hauen kontserbazioaz eta ahalik eta zabalkunde handiena emateaz arduratzea», azaldu du Itxasok.

Jantziaren Zentroak jantziaren bilakaera ezagutzeko gonbita luzatzen digu, mendeetan zehar bidaiatuz, Euskal Herriko janzteko moduaren eta modaren historia ezagutzeko. XVII. mendeko udal eraikin batean kokatzen da Zentroa, eta bisitariei aukera ematen die janzkerak mendeetan zehar izan duen bilakaera ezagutzeko. Horretarako, jendaurreko lau espazio daude.

Beheko solairuan harrera eta aldi baterako erakusketetarako aretoa daude. Lehenengo solairuko areto txikian ikus-entzunezko labur bat ikusi daiteke, Jantziaren Zentroa nola sortu zen azaltzen duena. Bigarren solairuan, berriz, Euskal Herriko janzkera herrikoia dago ikusgai. Azkenik, hirugarren pisuan, jantziek XVIII. mendetik XX. mendeko hogeiko hamarkadara arte izan duten bilakaera ikusi daiteke.

Prentsaurrekoan bi jantzi erakutsi dituzte: bata 1860koa, Baionakoa, eta bestea 1896koa, Donostian erosia baina Bilbon josia, etiketan «Casa Confección Simeón Sobrevilla de la Calle Correo» jartzen baitu.

 

Gordailua

Itxasok gogorarazi du Gordailua zerbitzu aitzindaria dela. Ekipamendu modernoenak ditu, eta 170.000 pieza arkeologiko, etnografiko, historiko nahiz artistiko biltzen ditu. Bere helburua da ondare hori guztia kontserbatzea eta dagokion balioa ematea, etorkizuneko belaunaldiei uzteko. Irunen kokatzen da, eta hileko azkeneko ostiraletan bisitatu daiteke, gaikako bisita gidatu batekin. Bisitak 17.00etan dira gaztelaniaz, eta 18.00etan euskaraz, eta horietan ikusi daiteke zer bide egiten duen pieza batek Gordailura iristen denetik, eta zer teknika eta prozedura erabiltzen diren behar bezala kontserbatzeko.

 

2018ko lehen seihilekoko programa

Urtarrilak 26  Sagardoa.

Otsailak 23 Inauteriak, parranda baino gehiago

Martxoak 23 Paleolitoko artea

Apirilak 27 Pazkoa: ogia, arrautzak... eta txokolatea

Maiatzak 25 Armarriak, armarik gabe

Ekainak 22 Udako solstizioa: suaren eta uraren gaua

Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, 943 555 520 telefonora deituz edo gordailua@gipuzkoa.eus helbidera idatziz. Talde bat osatuz gero, bisita beste orduren batean edo asteko egunen batean egin daiteke, euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez. Bereziki egokia da ikastetxeek bisitatzeko.

 

  

1442