Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gure Esku Dago-ri emandako diru laguntza baliogabetzen duen epaia errekurrituko du Aldundiak

Gure Esku Dago-ri emandako diru laguntza baliogabetzen duen epaia errekurrituko du Aldundiak

Foru bozeramalearentzat, Batzar Nagusien burujabetzari eta herritarren borondateari eraso egiten dio erabakiak

2016/01/15
Imanol Lasa, Gobernantzako diputatua, prentsaurrekoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du errekurritu egingo duela 2014an Gure Esku Dago herri plataformari emandako 100.000 euroko diru laguntza berreskuratzera derrigortzen den epaia. Sententziak onetsi egiten du bere garaian Euskadiko Gobernu Ordezkaritzak Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien aurka aurkeztutako administrazioarekiko auzi errekurtsoa. Bertan, foru erakundeak herri ekimenaren alde eta bere lana “bultzatu eta babesteko” emandako diru laguntza errekurritu zuen Estatuko ordezkaritzak, Imanol Lasa foru bozeramaleak azaldutakoaren arabera.

Epaiak aipatutako diru laguntza baliogabetzen du. 2014ko aurrekontuen barruan onartu zen, abenduaren 23ko 9/2013 Foru Arauaren bidez, irabazi asmorik gabeko erakundeen jarduera bultzatzeko zuzendutako laguntzen kapituluetako batean. 2014ko maiatzaren 8ko foru dekretuaren bidez gauzatu zen Gure Esku Dago-ri zegokion diru ekarpena.

Ildo horretan, Lasak gogorarazi du diru laguntza aurreikusten duten aurrekontuak “gehiengoz” onartu zirela Batzar Nagusietan –beraz, lege dira-, eta diru laguntzak berak batzarretako orduko bi indar politiko nagusien -EH Bildu eta EAJ- oniritzia ere bazuela. “Kanpo instantzia bat, burujabea den ganbera baten erabakitzeko gaitasuna eta eskumenak ari da urratzen kasu honetan. Gure desadostasuna agertu nahi dugu, eta salatu nahi dugu ere modu guztiz demokratikoan, gehiengoz, Batzar Nagusietan hartutako erabakiari egiten diola eraso erabaki honek. Hau da, Gipuzkoarron herri borondatearen ordezkaritzarekiko erasoa da”.

  

2181