Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gurutze Gorriarekin bilera COVID-19ak izan duen bilakaera aztertzeko

Gurutze Gorriarekin bilera COVID-19ak izan duen bilakaera aztertzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du Eibarko Ospitalean birkokatuko duela Gipuzkoako adinekoen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa.

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan elkartu dira gaur goizean Antxon Amunarriz zentroko zuzendariarekin eta COVID-19aren aurkako borrokan lan egin duten osasun langileen ordezkaritza batekin.  Bileran, pandemiaren bilakaera eta Gipuzkoan, batez ere adineko biztanleen artean, izan duen eragina izan dute mintzagai.

          Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, diputatu nagusiak iragarri du Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioa datozen asteetan hasiko dela bertan bizi ziren pertsonak artatzen, krisialdia hasi zenean euren etxeetara edo beste egoitza batzuetara eraman baitzituzten.  Horri dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan birkokatuko du COVID-19ari bereziki zuzendutako zentroa; solairu hori zentro soziosanitario gisa gaitu da duela gutxi, eta 48 plaza ditu guztira.

          Donostiako zentroa erreferentziazko zentroa izan da, eta COVID-19an positibo eman duten Gipuzkoako adinekoentzako egoitzetako erabiltzaileak artatzeko baino ez da erabili. Zentroak 130 plaza ditu guztira, eta lurraldeko hornidura soziosanitario handiena da. Horregatik, Aldundiak, Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin koordinatuta, joan den martxoaren 15ean erabaki zuen, lehenengo kasuak detektatu baino lau egun lehenago, zentroa prestatzea COVID-19an positibo eman duten eta arnas gutxiegitasun ertaina edo larria dutenei egoitzetako erabiltzaileei arreta esklusiboa emateko.

“Funtsezko” baliabidea

Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, zentroak "funtsezko rola" jokatu du egoitza sarean COVID-19ari "eusten" eta, oro har, lurraldean, ospitaleratutako pertsonei arreta "eraginkorra" eskainiz eta guztien "ongizatea eta osotasuna" zainduz; "hori guztia Gurutze Gorriko lan talde osoak une gogorrenetan eta zailenetan egindako lan goraipagarriari esker.  Publikoki eskertu nahi dizuet gaixotasunaren aurkako borrokan egin duzuen ekarpena", azpimarratu du.

Olanok pandemian zehar gertuko pertsonak galdu dituzten familiei doluminak eman dizkie eta haienganako hurbiltasuna azaldu du, eta Gipuzkoako adinekoen arretarako sareak pandemiari eusteko orduan "sendotasunez eta eraginkortasunez" erantzun duela adierazi du. Horretarako, langile guztien lana "ezinbestekoa" izan dela gaineratu du, baita eta erakunde eta eragile sozial guztien eta Osakidetzaren arteko lankidetza ere.

"Adinekoen egoitzak izan dira eta izango dira gure lehentasun nagusia, alegia, bertan bizi diren pertsonen eta langileen ongizatea eta osasuna zaintzea.  Ziklo berri honetan erabakigarriak izango dira prebentzio, aurreratze eta erantzun azkarreko neurriak", laburbildu du diputatu nagusiak, eta osasun agintariek gomendatutako segurtasun neurriak zorrotz errespetatzeko deia egin die herritarrei.

          Guztira 89 adineko artatu dira, eta, gehienez ere, aldi berean, 45 pertsona egon dira ospitaleratuta.  Lehen bi sarrerak martxoaren 23an izan ziren eta azken alta maiatzaren 8an eman zen.  Diputatu nagusiaren hitzetan, helburuak izan dira "ahalik eta ondoen artatzea COVID-19ak egoitza sarean kutsatutako adineko pertsonak, eta horrela, Gipuzkoako osasun sistemak gainezka ez egitea ahalbidetuz", horregatik, "neurri hori hartzen aitzindariak izan gara, nahiz eta ez izan erraza, behar-beharrezkoa izan baita". Era berean, zehaztu du Gipuzkoan gaixotasunaren kudeaketan lankidetza soziosanitarioa "gakoa" izan dela, "kudeaketan izandako aurrerapenaren, elkarlanaren eta bizkortasunaren ondorioz".

          Gurutze Gorriaren zentroak 130 plaza ditu horietatik 73 soziosanitarioak, 32 egoitza plazak eta 25 buru nahasmen larria duten pertsonentzat, eta krisialdia hasi zenean bertan bizi ziren pertsonak nor bere etxera edo lurraldeko beste egoitza batzuetara eraman zituzten; orain, garbiketa eta desinfekzio lan sakonak egin ondoren, datozen asteetan itzuliko dira zentrora oraindik ere arreta soziosanitarioa behar duten pertsonak. 

  

1880