Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Volver Hariberriak, sexu-indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzuak, lurraldeko bigarren zentroa zabaldu du Arrasaten

Hariberriak, sexu-indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzuak, lurraldeko bigarren zentroa zabaldu du Arrasaten

· Aldundiak berretsi egin du lurralde-orekarekiko duen konpromisoa, arreta espezializatua Gipuzkoa osora gerturatuz. Gaur Arrasateko Hariberria inauguratu du, eta epe motzean Zaldibian zabalduko du zerbitzu bera. · Egoitza berrian informazioa, orientazioa, laguntza psikologikoa eta soziala emango dira, bai eta emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko aholkularitza ere.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak Hariberria zentroa inauguratu du gaur Arrasaten, aurreikusitako hiru zerbitzuetako bigarrena. Egoitza berri honek indartu egiten du sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei, haien senideei eta gertuko pertsonei laguntza integrala emateko sarea.

Uztailaren 1eko Kamino kaleko behin-behineko irekieraren ostean, 2024ko azaroan, Hariberriaren lehen egoitza definitiboa inauguratu zen Donostiako Gros auzoan, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, arreta espezializatua bermatzeko. Zerbitzu honek lankidetza estuan dihardu Gipuzkoako Gizarte Larrialdien Koordinaziorako Foru Zerbitzuarekin (SFCUS). Koordinazio honi esker, sexu-indarkeriari arreta emateko taldea bere esku-hartzea beharrezkoa den lekuetara joan daiteke. Bi zerbitzuen arteko sinergiak aukera ematen du erantzun integrala, diziplina anitzekoa eta espezializatua emateko, sexu-indarkeriaren azken aldiko eta iraganeko kasuei helduz, eta biktimengan eta haien ingurunean eragin traumatikoa arinduz.

Biktimen arretan lurralde-oreka bermatzeko konpromisoarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak probintzian beste bi kokapen sortzearen konpromisoa azaldu zuen. Bata, gaur Arrasaten inauguratu da, eta bestea, datozen hilabeteetan Goierrin zabalduko da.

Eider Mendoza diputatu nagusiak ohartarazi du "premiazkoa" dela "berdintasunerantz aurrera egitea", "kolektiboki, diskurtso ukatzaileei" aurre eginez, "indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko". "Hariberria zerbitzuaren bidez, urrats sendo bat ematen dugu norabide horretan, indarkeria matxistari arreta emateko sarea indartuz, zerbitzu are pertsonalizatuagoa eskainiz, eta sexu-indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeen emakumeentzat espazio seguru, hurbilago eta irisgarriagoa eskainiz", adierazi du, eskaintzen den arreta-eredua definitzeko azken hilabeteetan egindako "lan handia" nabarmendu ondoren. Hariberriaren bigarren zentroaren irekitzea, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen zerbitzu, programa, foro eta baliabideekin batera, "aukera" bat da erantzunak hobetzen jarraitzeko eta indarkeria mota honi aurre egiten diotenei arreta integralagoa eskaintzeko.

Marisol Garmendiak, Euskal Autonomia Erkidegoan Gobernuak duen ordezkariak azaldu du: "Pedro Sánchez buru duen Espainiako Gobernuaren konpromisoa erabatekoa da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak babestearekin eta zentro hau, Gipuzkoako bigarrena irekitzearekin, agerian uzten du konpromiosa; 4 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin da Euskadin irekiko diren krisi-zentroetara. Ezinbestekoa da gizarte-gaitz hori desagerrarazteko urratsak ematen jarraitzea, eta erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da hori lortzeko. Aurten dagoeneko 6 emakume hil dituzte bikotekideek edo bikotekide ohiek, eta ezinbestekoa da hasitako bideari seginda ematea, gobernu feminista eta aurrerakoi bati dagokion moduan. Gazteenen hezkuntzan eragin behar dugu, eta XXI. mendeko euskal eta espainiar gizartearen indarkeria matxista bidegabe eta desegokiarekin amaitu".

Zerbitzu integrala Arrasaten

Hariberria Arrasate, baliabide berria, Arrasateko Uribarri kaleko 5. zenbakian dago kokatua. Espazio irisgarria da, eta sexu-indarkeria motaren bat jasan duten edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei arreta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago. Hala ere, Donostiako egoitza nagusiaren funtzionamendu desberdina izango du, ez baitu 24 orduz aurrez aurreko arreta iraunkorra eskainiko duen langilerik izango bertan. Kasu honetan, Sexu Indarkeriaren Arretarako Zerbitzuaren irizpide teknikoak emango dio hitzordua bikitimari, instalaziora gerturatzeko.

Zentroa zerbitzu integral bat eskaintzeko prestatuta dago. Zerbitzu horrek emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzen ditu, bai eta laguntza psikologikoa eta soziala ere, emakumeak sendatzeko prozesua errazteko. Gainera, aholkularitza juridikoa ematen du emakume biktimei behar dituzten legezko izapideetan laguntzeko. Zerbitzu horiek ingurune seguru eta konfidentzial batean eskaintzen dira, hainbat beharretara egokitutako espazio batean, eta pertsona bakoitzaren erritmoak, erabakiak eta intimitatea errespetatuz. Zentroak hainbat hizkuntza eta funtzionalitatetara egokitzen du bere arreta, sarbide inklusiboa ziurtatzeko. 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, baita haien senideei eta gertuko inguruneari ere. Halaber, nahi dutenek hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa, 900 840 188 telefonoa eta 747 444 389 WhatsAppa dituzte eskura kontsultak egiteko edo informazioa eskatzeko.

Zentro berriak 384.187,95 euroko aurrekontua izan du, eta PRTR funts europarrek finantzatu dute.

Zentro hau irekitzeak aurrerapen nabarmena dakar Debagoieneko eskualdean, biktimei instalazio espezializatuetan arreta jasotzeko aukera ematen baitie, Donostiara joan beharrik gabe edo horrelako esku-hartzeetarako hain egokiak ez diren udal-espazioetara jo gabe.

Hirugarren kokalekua: Zaldibia

Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren Hariberria zentroa zabaltzeko lanean jarraitzen du. Zentro honek Zaldibian (Goierri) izango du kokalekua, lurralde-oreka ziurtatuz. Arrasatekoaren zerbitzu bera eskainiko da bertan, Gipuzkoan sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta sare integral eta deszentralizatua sendotuz.

Kontsultak Hariberrian

2024ko uztailaren 1ean behin-behineko kokalekuan ireki zenetik, Hariberria zerbitzuak 350 kontsultari eman dio erantzuna. Horietatik 147 donostiarrek egin dituzte, 168 gainerako gipuzkoarrek, 2 beste probintzia batetik egin dira, 3 atzerritik (Gipuzkoan erasoak jasan zituzten pertsonek) eta 30 zehaztu gabeko jatorrietatik. Laguntza eskatu zutenen profilari dagokionez, kontsulten erdiak, 175, partikularrek egin zituzten; horietatik 137 zuzeneko biktimak ziren. Gainerako 175ak profesionalenek egin zituzten.

  

2419