Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Harrera familia izateko 100dik gora dei jaso ditu Aldundiak

Harrera familia izateko 100dik gora dei jaso ditu Aldundiak

Orain arte 65 pertsona joan dira formazio hitzaldietara, eta horietatik 26k bere burua aurkeztu dute babes beharrean dauden 60 haur horietako bat hartzeko. Baina oraindik familia gehiago behar dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazitako “Benetako besarkadak” kanpaina arrakastatsua izaten ari da. Izan ere, urrian benetakobesarkadak.eus aurkeztu zutenetik, 100dik gora dei jaso dira, 65 pertsona joan dira hitzaldi informatiboetara (Arrasate, Beasain, Tolosa eta Irunen), 35 aritu dira aurretiko prestakuntzan, eta horietatik 26k bere burua aurkeztu dute babes beharrean dauden 60 haur eta nerabe beraien etxeetan hartzeko, modu solidarioan beti ere. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu duenez, dagoeneko 360 haur eta nerabe bizi dira harrera familiekin Gipuzkoan, baina “oraindik familia gehiago behar ditugu, baita urgentziakoak ere”, nahiz eta kanpainak “oso ondo funtzionatu duen” hedabide eta sare sozialak erabilita (bideoa 92.131 pertsonengana iritsi da, publiko aktiboena 35 eta 44 urteko emakumezkoak izan direla). Gaineratu du azaroaren 22an Donostiako edukiontzi batean Ane jaioberria aurkitu eta gero, herritarren deiak “nabarmen” handitu direla. “Zorionez bizirik aurkitu zuten haurtxoa, eta gero koordinazio mekanismo guztiak martxan jarri genituen. Orain Ane harrera familia batekin bizi da eta etorkizun ona izango du”.

Diputatuak azaldu du gure inguruan badirela zenbait haur eta nerabe haurtzaro “ez normala” bizitzen ari direnak, eta gainera, “uste baino gehiago” direla. “Ume horiek behar baino gehiago sufritu dute: aldaketa handiak, bakardadea,  beldurra, ezjakintasuna. Hainbat arrazoirengatik beraien familiekin bizi ezin diren haur eta nerabeak dira. Eta denok dakigu haurtzaroa zaindu beharreko altxorra dela”.

Aldundiak babestutako zentroetan 313 adin gabe daude, eta horietatik 60 daude ateratzeko moduan, harrera familia bat aurkitu bezain pronto, beraien zaintza eta heziketaren kargu egingo dena, baldin eta familia egokitzat hartzen. Peñak esan du adingabe horiek harrera zentroetan arreta “ezin hobea” jasotzen dutela beraietaz arduratzen diren profesionalengandik. “Baina noski, horrekin ezin da etxeko berotasuna ordezkatu, izan ere, 3, 8 edota 13 urte dituzunean, bizi beharko zinatekeen leku bakarra etxea izan beharko luke. Familian, gainerako haurren antzera”.

Harrera familia izateko hurrengo hitzaldi informatiboak Eibar, Zarautz, Donostia eta Zumarragan egingo dira. Aldundiaren familia harrera zerbitzuarekin harremanetan jartzeko: 943 11 25 22 /  familiaharrera@gipuzkoa.eus

Hitzaldi informatiboak

Eibar • 2017/01/18 • 15:00-16:30

Portalea Kultur Etxea. Areto Nagusia. Bista Eder, 10

Zarautz • 2017/02/01 • 15:00-16:30

Zarauzko Kiroldegia. Hitzaldi Aretoa. Araba Kalea, 20

Zumarraga • 2017/02/16 • 15:30-17:00

Zelai Arizti Kultur etxea. Parque Zelai, 1W.

Donostia • 2017/03/02 • 18:00-19:30

TXARA I eraikina. Zarategi Pasealekua, 100

bideoa 92.131 pertsonengana iritsi da, publiko aktiboena 35 eta 44 urteko emakumezkoak izan direla
  

1483