Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Hasi da Batzar Nagusietan Gipuzkoako basogintzari eta baso politikari buruzko ponentzia

Hasi da Batzar Nagusietan Gipuzkoako basogintzari eta baso politikari buruzko ponentzia

Sektorea ezagutzen duten 35 adituek beren ikuspegia aurkeztuko dute, eta hainbat esperientzia partekatuko dituzte, arlo horretan lurraldeak etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko.

2024/03/21
Gipuzkoako Foru Aldundia

Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatua, izan da Gipuzkoako basogintzari eta baso politikari buruzko ponentzian parte hartzen lehena. Ponentzia hori gaur jarri da abian, Basoen Nazioarteko Egunarekin batera, eta lau hilabete inguru iraungo du gutxi gorabehera. Arrutik Gipuzkoako baso estalkiaren erradiografia bat egin du. Gaur egun, lurraldeko azalera osoaren % 61,6 da. Hala, adierazi duenez, "Gipuzkoak Europako zuhaitz azaleraren batez bestekoa (% 37) gainditzen du, eta Suedia eta Finlandia bezalako herrialdeen maila berean dago, ranking horretan lider baitira". Era berean, nabarmendu du gaur egun lurraldean inbentariatutako 33 zuhaitz espezie baino gehiago daudela, eta espezie horien landaketa sakabanatuta dagoela lurralde osoan zehar, barietate bakarreko gune handirik egon gabe. "Gure baso azaleraren % 51 hogei (20) hostozabal espeziek baino gehiagok osatzen dute, eta % 49, berriz, 10 konifero barietatek", azaldu du Arrutik, eta azpimarratu duenez, "lurraldeko zuhaitz mosaikoa aberatsa, era askotarikoa eta ugaria".

Ponentziaren helburuak honako hauek dira: Gipuzkoako basoaren eta basogintzaren egungo egoera aztertzea, Gipuzkoako gizarteak horretatik espero duenari buruz ikertzea eta gogoeta egitea klima aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren testuinguru berrian, eta horri dagokionez aurkezten diren erronkei erantzuten dieten politikak eta tresnak aztertzea.

Hala, saio hauetan landuko diren alderdietako batzuk honako hauek izango dira: belaunaldien arteko errelebo falta gero eta handiagoa, eta, ondorioz, basoen kudeaketa bertan behera uztea, edo gizartea gure baso ingurunearen zaintzari dagokionez hurbiltzeko eta sentsibilizatzeko beharra.

Ildo horretan, Arrutik azpimarratu duenez, "klima aldaketaren erronkaren aurrean, lurralde oreka berdea, espezieen aniztasuna eta gure basoen zaintza eta kudeaketa jasangarria bermatuko dituzten neurriak landu behar dira". Lurralde Oreka Berdeko diputatua itxaropentsu agertu da "ponentziak eskaintzen duen aukeraren aurrean, erronka horiei aurre egiteko interesgarriak izan daitezkeen ikuspegiak eta kasuak aztertzeko". Halaber, espero du gune horrek "gaur egun indarrean dauden eta gure basoen zaintza eta iraunkortasuna bermatzea helburu duten ekimenak eta politikak ebaluatzeko eta horiei buruz hausnartzeko" ere balioko duela.

Guztira, hainbat erakunde, unibertsitate, GKE eta sindikatutatik datozen 35 adituek beren ikuspegia partekatzea espero da, astero, gaurtik uztailera, batzarkide taldeen aurrean.

  

1541