Haurren Kontseilua eratuko du Foru Aldundiak UNICEFekin elkarlanean
Haurren Kontseilua eratuko du Foru Aldundiak UNICEFekin elkarlanean
Orain arte egindako lana indartuz, erabaki publikoetan adin txikikoen partaidetza egituratzea izango du helburu
Gaur, azaroak 20, Haurren Nazioarteko Eguna ospatzen du Nazio Batuen Erakundeak, egun berean onartu baitzuen bere Asanblada Orokorrak, 1959. Urtean, Haurraren Eskubideen Adierazpena. Urteurren horren atzean dagoen xedeari jarraituz, Foru Aldundiak erabaki du Gipuzkoako Haurren Kontseilua eratzea, politika publikoetan adin txikikoen hitza eta erabakia kontuan har daitezen hemendik aurrera. Kontseilu horren helburua, osaketa eta lan prozedura, UNICEF elkartearekin batera definituko ditu foru erakundeak, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak jakinarazi duenez.
UNICEF eta Aldundiaren arteko elkarlana ez da berria. Iaz, “Haurren erabakia” ekimen pilotua jarri zuten martxan Etorkizuna Eraikizen barruan, politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan haurrak ahalduntzeko asmoz. Eskualde ezberdinetako bost ikastetxeetako 250 ikasle inguruk parte hartu zuten guztira: Ekintza (Donostia), Belaskoenea (Irun), Iraurgi (Azpeitia), Joxe Miel Barandiaran (Ataun) eta Juan Antonio Mogel (Eibar). Aldundiaren Aurrekontu Irekiei begira proposamenak aurkezteaz gain, erakunde publikoei helarazteko dekalogoa prestatu zuten, azpimarratuz ekarpenak egiteko ahalmena eta gaitasuna dutela, eta helduak bezain garrantzitsuak direla etorkizuna eraikitzeko orduan.
Lan hori sendotu eta jarraitzea du helburu Kontseilu berriak. “Guk ere asko ikasi dugu haurrengandik, eta azaldutako jakinmina eta ekintzailetza bideratu behar ditugula erabaki dugu. Beraien ezagutza eta esperimentaziorako duten bokazioa primerako lanabesak izango ditugu geroa lantzeko. Etorkizuneko politika publikoen norabidea eta garapena ez dira egokiak izango gizartearen zati bat kanpoan utziz gero. Haurrek parte hartu nahi dute, eta datozen urteetako euskal erakundeek bide berriak uztartu beharko dituzte nahi horri erantzuteko”, azaldu du Lasak.
Egun, lurraldeko hainbat herritan haurren parte hartzea dagoeneko errotuta dago; adibidez espazio berriak edota parkeak definitzerakoan, Agenda 21 egitasmoan lantzen diren gaietan edo kirol saioak antolatzerakoan, “beraien iritziak kontuan izaten dira. Baina oraindik ere adibide isolatuak dira. Partaidetza hori egituratu nahi dugu Kontseiluarekin, ‘Haurren Erabakia’ proiektua zentro berrietara zabaltzeaz gain”.1636