Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Herbehereak eta Norvegiako berrikuntza sistemekin kontrastatu du Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz

Herbehereak eta Norvegiako berrikuntza sistemekin kontrastatu du Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz

Gipuzkoako geroa eraikitzen jarraitzearen alde egin du diputatu nagusiak, lurraldeko hogeita hamar eragile sozial eta ekonomikoren aurrean

“Gaurko helburua ikastea da: Europa mailan aurreratuak diren eta arrakasta izan duten esperientziez ikasi. Eta, aldi berean, gure eredua hauekin alderatu, gure indarguneak ezagutu eta hobekuntza eremuak identifikatzeko”. Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok honela azaldu du Nazioarteko elkar ikastea seminarioaren xedea, gaur goizean Etorkizuna Eraikiz Gunea politika publikoen laborategian egin den ekimena. Bertan, Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kontrastatu du kontinente mailan berrikuntza arloan erreferente diren bi herrialdetako ereduekin, hala nola, Herbehereak eta Norvegia. “Garaiak aldatu egin dira eta errezeta zaharrek ez dute balio jada herritarren kezkei erantzuteko; horregatik, irtenbide berriak aurkitzeari ekin behar diogu”, esan du Olanok. 
Ekitaldian hogeita hamar bat eragile sozial eta ekonomiko elkartu dira, enpresa, ezagutza eta berrikuntza arloekin lotutakoak. Gainera, atzerriko esperientzien lekukotza lehen eskutik emateko, nazioarteko bi adituk ere hartu dute parte: Luc Hulsman, Nother Netherlands programaren zuzendaria, Herbehereetako esperientzia azaltzeko; eta James Karlsesn, Adgerreko Unibertsitateko katedraduna, Norvegiako egoera mahai gaineratu duena. Seminarioa lan mintegi dinamikoa izan da. Horrela, ohiko hitzaldiez gain, parte hartzaileek ariketa ezberdinak egin dituzte eta, honi esker, Gipuzkoako egungo eredua eta aipatutako Europako herrialdeetakoa alderatu ahal izan da.
Diputatu nagusiak ireki du ekitaldia, Gipuzkoak Etorkizuna Eraikizen eskutik egin duen bidea azalduz. Olanoren arabera, mundua etengabeko aldaketa prozesuan dago eta, horrenbestez, administrazioa publikoak ere politika egiteko modua aldatu behar du, “herritarren dituzten kezka eta erronka berriei erantzun ahal izateko”. Oinarri honetatik abiatuta, Etorkizuna Eraikizen lehen urratsa hausnarketa estrategiko partekatuko prozesua bultzatzea izan zen, Gipuzkoa non dagoen eta nora jo nahi duen argitzeko. Honen ondorioz, lan eredu zehatza jarri zen abian, gizarte berrikuntza helburu duena eta esperimentazio aktiboa eta elkarlaneko gobernantza dituena ezaugarri. Honela, martxan da hausnarketa prozesuan identifikatutako erronkei erantzuna emateko ariketa praktikoa.
Foru arduradunak azaldu duenez, estrategia honi esker Gipuzkoak agenda politiko berria du mahai gainean, garai berriei egokituta eta lurraldearen etorkizunerako garrantzitsuak diren gaiak lantzen dituena. “Agenda politiko berria, lurralde bezala egiten ditugun apustuak jasotzen dituena, kasu askotan RIS3 Europako estrategiarekin lerrokatuta daudenak. Proiektu nagusiak martxan jartzen ari garen sei erreferentzia zentroak dira: zibersegurtasuna, mugikortasun elektrikoa, zahartze osasuntsua, gastronomia digitala, aldaketa klimatikoa eta euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza”, adierazi du Olanok. 

Ondorioak
Topaketaren amaieran, foru arduradunek egitasmoaren balorazio positiboa egin dute. Azaldu dutenez, itsasoko mugikortasun elektrikoa bultzatzea xede duen kluster norvegiarra eta Herbehereetako iparraldeko enpresa txiki eta ertainetan espezializazio adimenduna sustatzeko programa lehen eskutik ezagutzea ahalbidetu die. “Gobernantza ireki eta lankidetzazkoaren alde egiten ari garen apustuan eta estrategia partekatuak bultzatzeko ahaleginean berresten gaitu onek guztiak”, azaldu dute. Honela, administrazioaren paperak gai baten inguruan dabiltzan aktore ezberdinen arteko konfiantza erlazioak sortzea izan behar du, guztien inplikazioa lortu eta indartzeko. 
Era berean, lortutako beste ondorioetako bat izan da konfiantza harreman eta estrategia partekatu horiek proiektuaren epe ertain eta luzeko garapena bermatzen dutela. “Etorkizuna Eraikiz bezalako ekimenek sostengarriak izan behar dute denbora, ezin dute une jakin bateko ekintzak izan. Beraz, guretzako ezinbestekoa da eragile arteko lotura horiek sortzea, ahalik eta eragile gehien inplikatzeko”, adierazi dute. Etengabeko eboluzioa edota gaur egun dauden sareen aprobetxamendua izan dira bileran zehar azpimarratu diren beste ideiatako batzuk. Azkenik, Aldunditik gaurkoa bezalako topaketak egitearen garrantzia nabarmendu dute, nazioartean elkarlanerako ateak irekitzen baititu. Honela, esaterako, Norvegiako proiektuak ageriko loturak ditu Gipuzkoako elektromugikortasun zentroa izango den Mubilekin, eta Herbehereetako estrategia bat dator Adinberrirekin bere gizartearen zahartzeari aurre egiteko neurrietan.

  

2656