Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Herritarrek Pasaiako Portuko Plan Bereziari emandako babesa nabarmendu du Foru Aldundiak

Herritarrek Pasaiako Portuko Plan Bereziari emandako babesa nabarmendu du Foru Aldundiak

Pasaitarren artean egindako inkesta zabalak, eta maiatzean egindako kontraste prozesuak, biziberritze “integralaren” aldeko apustua berresten dute

2016/08/25

Pasaiako badiaren inguruan eta, zehatz-mehatz, portuko zerbitzu eremuaren Plan Bereziaren Berrikuspenaren inguruan bultzatutako prozesu parte-hartzailearen balorazio baikorra egin du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak. Aldundiak 2016an sustatutako 40 partaidetza prozesuetako bat da hau, nagusienetako bat, eta bi oinarri eduki ditu: herritarren artean egindako inkesta bat, eta Pasaiako eragile sozial eta ekonomikoekin batera egindako aurrez-aurreko informazio, eztabaida eta kontraste prozesua, Plan Bereziaren Jendaurreko Aldiarekin modu paraleloan gauzatutakoa –maiatzaren 5ean zabaldu eta uztailaren 14an amaitu zen azken hau-.

Logikaline enpresak egin zuen inkesta, aurtengo apirilaren 4tik 19ra bitarte, telefonoz 629 elkarrizketa eginez, hiru ardatzen inguruan: Pasaiako bizilagunen iritzi orokorrak beraien udalerriari buruz, planaren gai espezifikoei buruzkoak, eta foru eta udal arloko erakundeen balorazioa. Biziberritzeari lotutako proiektu espezifikoen onarpen maila handia goraipatu du Lasak.

Hala, Herrerako proiektuari dagokionez, gehienak (%59) enpresa/industria jarduera eta hirigintza jarduera uztartzearen aldekoak dira. Erabilera konbinatuaren aldekoak, alegia. %17ek soilik nahi dute jarduera ekonomiko hutseko erabilera (biltegiak, enpresak…) edukitzea, eta %21ek soilik, aldiz, hirigintza erabilera hutsa edukitzea. Herrerako Topo estazioa Ondartxoko eremuarekin lotuko lukeen bizikleta/oinezkoen ardatzak ere babes zabala du (ia ahobatezkoa), izan ere, ia %50 “oso ados” daude, eta %40, berriz, “nahiko ados”. 

Modu berean, estazioaren eta Trintxerperen artean parkea eraikitzea, distritu honi oinezkoentzako sarbide egokia emateko konponbidea da inkesta erantzun dutenen ia hirutik biri (%71). Ia %70en iritziz, berriz, Hospitalilloko aparkalekua egiteak eremuan autoa uzteko dagoen leku eskasiari aurre egiten lagunduko luke, nahiz eta kontuan hartu beharko litzatekeen bostetik ia batek ez dutela iritzirik adierazten. Aparkaleku librearen aldekoak dira gehienak (%46). Neurri apalagoan, %33ek formula mistoa hobesten dute aparkalekuaren funtzionamendurako, hau da, egoiliarrentzat plazak gordetzea eta beste batzuk txandakakoak izatea.

Trintxerpe eta San Pedroko moilen eraberritzea faktore positiboa izango litzateke distritu hauen ekonomia eta erakargarritasun turistikoa hobetzeko, inkestaren arabera. %81 nahiko edo oso ados egongo lirateke baieztapen horrekin (%34,5 oso ados, eta %47 nahiko ados). Halaber, inkesta erantzun dutenen %70ek iritzi diote beharrezkoak direla espazio berriak enpresa berriak erakartzeko, aurreko proiektuekin alderatuta, ehuneko baxuagoa da (oso ados daudenen kopurua ere, %26, baxuagoa da).

Orobat, gehienak (%86) industria eraikin enblematikoei erabilera soziala edo kulturala ematearen aldekoak dira. %46 oso ados lirateke neurri horrekin. Ados ez daudenen ehunekoa %8,3 da, eta %3k ez diote garrantzirik ematen. %2,5 baino ez dira erantzuten ez dutenak. Hortaz, aldeko iritzi sendoa dagoela esan genezake.

Azkenik, inkesta erantzun dutenen ia erdiak (%49,1) uste dute Lezoko herrian zehar ibilgailuen trafikoa ekiditeko saihesbidea ez dela oso garrantzitsua, edo ez dela beharrezkoa. Saihesbideari garrantzia ematen diotenak, berriz, %37 dira. Donibaneko bizilagunak aintzat hartuta ere (Lezoko sarbidea dela eta gehien kaltetutakoak dira, hasiera batean), aldekoen ehunekoa %50ra baino ez da iristen.

Pasaiako bizilagunentzat, mugikortasuna, aparkalekua, langabezia, lurzoru industrialaren eskaintza, ingurumena eta ekipamendu publikoak dira arazorik inportanteenak, inkestaren arabera

Pasaiako bizilagunentzat, mugikortasuna, aparkalekua, langabezia, lurzoru industrialaren eskaintza, ingurumena eta ekipamendu publikoak dira arazorik inportanteenak, inkestaren arabera. Egoera sozioekonomikoari eta jasangarritasunari lotutako arazoek pizten duten interesa ere goraipatzekoa da. Arlo positiboetan, berriz, begi onez hartzen dute udalerrian dagoen giro soziala eta kulturala, eta baita bizikletan zein, batez ere, garraio publikoan mugitzeko dauden erraztasunak.

 

Kontraste prozesua

Pasaiako gizarte eragile, elkarte eta enpresekin batera gauzatutako eztabaida, informazio eta kontraste prozesuaren inguruan ere baikor agertu da Lasa. Plan Bereziak eragindako eragile nagusiekin, topaketa, hausnarketa eta elkarlanera espazioa sortzea zuen helburu prozesuak. Lau mintegi egin ziren guztira, maiatzaren 4an, 11n, eta 17an, 40 ordezkari baino gehiagoren parte-hartzearekin. Planaren dokumentuaren edukia aurkeztu eta xehetasun guztiekin azaltzea, eta eragileen proposamen nagusiekin kontrastatzea zen asmoa. “Portuaren inguruan elkarrizketa finkatu da, eta hori ezinbestekoa da akordioetara iristeko”, adierazi du.

Haren ustetan, eragileek ondo hartu dute Plana, honek duen ikuspegi “errealista eta posibilista” batez ere, eta prozesuak hobetu beharreko eta sakonago aztertzeko moduko alorrak identifikatzeko ere balio izan du; adibidez, Portuarentzat sarrera independentea egitea Gomistegitik, kamioien joan-etorria Euskadi Etorbidetik, lonjara joateko, Herrera iparraldeko lurzoruen erabilera, hiri-esparruaren eta portuaren arteko elkarbizitza, Planak aurreikusitako ekipamenduak gehiago definitzea, edota Portuko trafiko kontrolerako garita lekuz aldatzea.

Horrez gain, Pasaiaren biziberritze prozesuak aurpegi garbiketa hutsean ezin duela gelditu egiaztatu du partaidetza prozesuak, Diputatuen arabera. Biziberritze integralaren aldeko apustua sendotzen du, arlo sozialari, ekonomiari eta ingurumenari erreparatuko diena, hirigintzaz harago. “Herri polit bat baino zerbait gehiago nahi dute bizilagunek. Enplegua eta aberastasuna sortuko dituen bizilekua nahi dute. Erakundeotako ordezkarioi dagokigu elkarlanean eta elkarrizketetan jarraitzea eskaera horri erantzuteko, bai Plan honen testuinguruan, eta baita biziberritzeari lotuta aurreikusten diren proiektu eta ekimen osagarrien testuinguruan ere”, azpimarratu du.

Partaidetza prozesuan jasotako ekarpen eta ondorioak Portu Agintaritzari helarazi dizkio Aldundiak, Planaren behin betiko dokumentuan posible direnak txertatzeko, parte hartu duten eragile sozial eta ekonomikoei azken emaitzaren berri emateko eta egindako lana itzultzeko konpromisoarekin: zeintzuk diren sartu diren iradokizunak behin betiko plangintzan, eta zeintzuk ez, dagozkien argudioekin. 

“Garrantzitsuena da erakunde eta eragile guztiak bat gatozela lehentasuna duen jarduera dela, finantzaketa konpromiso garbia dagoela Aldundiaren zein Jaurlaritzaren aldetik, eta prozesu guztia Pasaiako herritarren eta eragile sozial eta ekonomikoen eskutik garatzen jarraituko dugula, legealdi honetan finkatzen ari garen gobernantza oneko ereduarekin bat”, bukatu du Diputatuak.

  

1781