Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Herritarren 1.168 proposamenak erantzun ditu Aldundiak

Herritarren 1.168 proposamenak erantzun ditu Aldundiak

Gaur aurkeztu den memoria helaraziko zaie parte hartu zuten pertsona guztiei, erantzunekin, kontu emateko hitza beteaz

2017/04/03
Aurrrekontu Irekiak 2017 Memoria aurkezpena

Guztira 1.547 gipuzkoarrek parte hartu zuten 2017ko Aurrekontu Irekien ekimenean, proiektuak hautatuz, jarduketa lerroak lehenetsiz eta Foru Aldundiari ekarpenak eginez.  Prozesuan ezarritako bideak baliatuz, herritar horiek guztira 1.168 proposamen, iradokizun eta gomendio helarazi zizkioten Aldundiari, aurtengo aurrekontuak egiten laguntzeko. Orain, berriz, eskaera horiei guztiei erantzun egin zaie, gaurko agerraldian aurkeztu den den txostenaren bidez. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuaren hitzetan, “hartutako konpromisoa betetzen dugu horrela”.

Herritarren proposamenak banan bana aztertu eta erantzun dituzte Aldundiko teknikari espezializatuek, departamentuz departamentu, "zorroztasuna eta zehaztasuna" bermatzeko. Txostena parte-hartzaile guztiei bidaliko zaie, beren ekarpenak nola txertatu diren ikus dezaten. Bestalde, web-orrian ere jarriko da. “Eredu garantista baten aldeko apustua egin dugu, kontu-ematea ardatz hartuta. Entzutea ez da nahikoa. Herritarrek erantzun bat eskatzen baitute. Horregatik, parte hartzaileei hitz eman genien memoria bat egingo genuela, azalduz zein eskaera onartzen diren, zein ez, eta zergatik”, adierazi du Lasak.

2017ko Aurrekontu Irekien prozesua 2016ko irailaren 1etik urriaren 14ra egin zen. Parte-hartze karpak jarri ziren Gipuzkoako 16 herritan -Zumaia, Azpeitia, Eibar, Errenteria, Zarautz, Donostia, Urretxu, Andoain, Billabona, Arrasate, Elgoibar, Tolosa, Oñati, Bergara, Irun eta Ordizia-, biztanleriaren % 66ko irismen potentzialarekin. Karpa horietan egon ziren Imanol Lasa bera, Partaidetzako zuzendari Joseba Muxika eta partaidetzako hainbat teknikari, herritarren zalantzak aurrez aurre argitu eta prozesua xehetasun osoz azaltzeko. 

Aldi berean, topaketak egin ziren profil desberdinetako 542 lagunekin:  auzo elkarteak, erretiratuak, ikasleak, ekintzaileak eta Caritas edo Emaus bezalako gizarte elkarteak, besteak beste –zerrenda xehatua memorian ikus daiteke-.  Parte hartzeko beste aukera batzuk ere eskaini ziren, hala nola gipuzkoa.eus web-orriaren bidez, Aldundiaren sare sozialen bidez, ekarpenak postaz bidaliz, edo Aldundiaren egoitzan bertan nahiz udaletako erregistro publikoetan entregatuz.

Gizarte osora iritsi nahi izan da, eta horregatik eman da bide birtualetatik parte hartzeko aukera (bereziki gaitasun teknologikoak dituzten maila horiei zuzenduta) zein aurrez aurre parte hartzekoa, herrietan jarri diren karpetara bertaratuta. Horri dagokionez, azpimarratzekoa da herritarren parte-hartzea nabarmen handitu dela 2015ean egindako prozesuarekin alderatuz gero, ordukoan 360 gipuzkoarrek parte hartu baitzuten. Kasu honetan, 2017ko Aurrekontu Irekien ekimenak %329,72ko gehikuntza izan du, aurreko ekitaldikoarekin alderatuz gero.

Nolanahi ere, Lasak esan du kopuru hori gehiago handitu nahi dutela aurten, jende gehiagorengana iritsi nahi baitute. Prozesu berria apirila eta maiatza artean jarriko da martxan, eta aurten ez ditugu izango datei dagokienez 2016an izan genituen “mugak” –hauteskundeak deitu zirenez, kanpaina laburragoa izan zen-.  Parte-hartze digitala hobetzeko aukera ere ikusi da, teknologia berriak sartu eta aurrez aurreko formatu tradizionalekin konbinatzearen aldeko apustuak ez baitzuen espero bezala funtzionatu: parte hartu zuten 1.542 pertsonetatik 182 pertsonek soilik baliatu zuten internet. Horregatik, aurten aldaketak egingo dira, prozesua “errazteko”.

Lehentasunekiko konexioa

Iradokizunak bidaltzeaz gain, herritarrek 16 proiekturen artean aukeratu zezaketen, eta jarduketa lerro desberdinak lehenetsi. Lehenengo kasuan, mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako zentroak, Txekin/Emekin emakume ekintzaileei laguntzeko programa eta iruzurraren kontrako borroka izan ziren babes gehien jaso zuten programak. Bigarrenean, berriz, gizarte politikei eman zitzaien garrantzia handiena, 8,25eko batez besteko puntuazioarekin. 

Lasak azpimarratu duenez, herritarren artean “identifikazio maila altua dago” Aldundiak etorkizunarekin eta ekonomiarekin lotuta dituen kezka eta lehentasunekiko.   “Gehien aipatu diren eskaerak dira, batetik, gizarte politiken garapenean sakontzea eta horien jasangarritasuna bermatzea –bereziki azpimarratuz adineko pertsonen eta mendekotasuna dutenen arreta- eta, bestetik, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegu duinak sustatzea, gazteak, adinekoak eta ETEak kontuan hartuta. Beraz, jada egiten ari garen bidetik jarraitu beharrean gaude. Izan ere, ikusi dugu Aldundiko politika eta aurrekontu partida garrantzitsuenak bat datozela gizartearen premiekin”, azaldu du bozeramaileak.

Imanol Lasak prozesuaren balantze positiboa egin du, argudiatuz Aldundiaren eta herritarren arteko “gertutasuna, hurbiltasuna, ezagutza eta gardentasuna” lortzeko balio izan duela, eta iragarri du aurten ere prozesua hobetzen eta sakontzen jarraituko dutela, 2018ko aurrekontuak egitera begira. "Prozesuak aukera ematen die gipuzkoarrei beren beharrak eta lehentasunak adierazteko, baina hori baino gehiago ere bada; izan ere, prozesu honi esker xehetasunez ezagutu dezakete zertara bideratzen dituen Aldundiak bere baliabideak, zer diru-sarrera lortzen dituen zergetatik, eta zergatik den hain garrantzitsua gure egunerokoan". 

  

1919