Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kapitalidadearen biharamuna

Kapitalidadearen biharamuna

Garrantzizkoa da, gertatu, eta eztabaidatu, den guztiaren sintesi ariketa egitea eta hiriburutzaren biharamunerako prestatzea

2017/01/22

Urte nahasia izan da kontinente zaharraren historian, asaldatua; zatiketa eta hausturaren mamu zaharrak eta populismoaren gorakada berpizten ikusi ditugu.

Urte aparta zen gizarte gaitz berri horien aurreikuspenean bizikidetzaren kulturaren aldeko aldarrian geure burua entzunarazteko

Lurralde osoarentzat hiriburutza izan dena aztertzerakoan, orduan antolaketa horrekin nahi zenari buruz herritarrek izan zuten nahasketa nabarmenean berriro murgiltzeko arriskua dago. Baina izan gaitezen zintzo: Hasierakoan Odon Elorza lider zuen taldekook Euskadin bakea ospatuko zuen elkarbizitzaren aldeko mobilizazio herritar handi batekin amets egin bagenuen ere, hiriburutza, formatu zehazgabeago eta nahasiago bilakatu zen, neurri handi batean oinordekotzan hartu zutenek proiektua inoiz sinetsi ez zutelako, eta geure lurretako giza eskubide urraketei buruzko kontrakontakizun bat sortu beharra zutelako. Inpartzialak izate aldera, proiektua ez zela sorrerako urduritasunetik  guztiz bere oneratu aitortu beharra daukagu hasteko, eta lidergo politiko faltan, exijenteago eta minoritarioago zen ibilbidetik ekin zioten arduradunen eskuetara jo zuela, adierazpen herrikoietatik ihes eginaz.

Egia dena da hiriburutzak ez duela nahi izan, une gutxi batzuetan ezik, deialdi handien aldeko apusturik egin, eta hori egin duenean porrot handiak izan ditu. Egin zen aukera, eta hori da beldurragatik jakinarazi ez zena, neurrigabeko gutxiengoen formatuarena izan zen, gertakizun ttikien sorta luze bat. Ez dago zalantzarik horiek ere pertsona askori emango zietela beren unea eta lekuaren aukera, beren kontzertua, beren antzezlana, errezitala edo eztabaidaren aukera. Formatu murritzaren dinamika honek errutina berri eta interesgarriak erein ditu, lantzen jarraitu beharko direnak, baina, aldi berean, mobilizazio herrikoiaren ikuskatze grafiko eta adierazkorrago bat eragotzi du. Litekeena da epe luzera apustu honek erreflexiboagoa eta ñabarduretan aberatsagoa izango den eguneroko kultura baten oinarriak ezarri izatea, baina aitortu beharra dago Donostiaren aldarrikapen eta oihartzun nazioartekoaren kaltetan izan dela. Beste hitz batzuetan, inork kapitalidadearekin hiriaren marketinga egiteko asmoa bazuen, helburu hori ez da inolaz ere bete.

Hala ere, ezingo da ukatu Europako kultur hiriburutzak gure kultur bizimoduaren intentsitateari eta benetakotasunari buruzko gogoeta ugari eragin duela; kulturaren gobernantza moduari buruzkoa, ekimen publiko eta pribatuak elkarbizi, eta lehiatu ere, egiten duten moduari buruzkoak, gure sortzaileak babesteari buruzkoak, oro festibal bilakatzeari buruzkoak, formatu txikien indarraldiaz, edo metropolirakoa eta mugaz gaindikoa, eta ez udalerrikoa soilik, izango den programazioari buruzkoak, adibide batzuek bakarrik aletzearren.  Baina esperientziaz dakigu Gipuzkoan azterketek ez gaituztela ezinbestean erabakiak hartzera bideratzen, baizik eta eztabaida zirkular amaiezine bilakatzeko arriskua izaten dutela erabakimen ezagatik. Garrantzizkoa da, horregatixe, gertatu, eta eztabaidatu, den guztiaren sintesi ariketa egitea eta hiriburutzaren biharamunerako prestatzea beharrezko diren aldaketak eginez Donostiak eta Gipuzkoak 2016 honen fruituak bildu ditzaten datozen urteetan.

Benetan behar dugu politika eraginkorragoa erakundeen artean, bere jarduera eta inbertsioen emaitzak ebaluatzera ohituagoa, honaino ekarri gaituzten inertziekin hain adeitsu izango ez dena eta, batik bat, beharrezko dugu helburu neurgarriak eta kultur gaietan hiriek bete behar duten lekua zehaztuko dituen kultur politika. Aldundian lekukoa hartuko diogu hiriburutza honetan biderik luzeena erakutsi duten ekimenei egun bakarreko lore bilaka ez daitezen. Sakonki aldatu nahi dugu egungo dirulaguntzen eredua, kultur sektorearentzako arreta bulegoa sortuko dugu, hala nola mezenasgoaren foru arau bat, zinema eskola bat Tabakaleran eta Gordailua den ondare proiektuaren sustapena, adibidez.

Balantze triunfalista eta autokritika gabeek ez dute herritarrek duten proiektuaren pertzepzioa aldatuko. Alderantziz, jendeak sentitu duenetik oso urruti dagoen analisiaren ondorioz iritzi publikoa are eta urrutiragotu dezakete. Eraginkorragoa da diagnosi matizatu eta exijente bat, etorkizunera begira irakatsi egingo diguna, 2016tik hara era bai baitago bizirik, eta gure elkarbizitza mehatxatzen duten gaitzak badirudielako ez direla desagertuko epe labur batean. Gauzak egin baldin badira ere, eta nahiz eta Pablo Berastegui proiektuaren zuzendariaren ahalegina –aitortu egin behar zaio profesionaltasuna-  hiriburutzak ez du lortu bizikidetza balioen ikaste premia hau beti hor daukagun agintekeriaren aurrean nabarmen bistaratzea. Hiriburutza ondorenak balioko ahal du kulturak pisua irabaz dezan eta Gipuzkoak balore hauetan sakontzea posible egin dezan.

 

  

1379