Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Hitzetatik – Ekintzetara: herritarrak Agenda 2030arekin inplikatzeko modu berri bat

Hitzetatik – Ekintzetara: herritarrak Agenda 2030arekin inplikatzeko modu berri bat

Hirugarren sektore eko-sozialeko hainbat eragilerekin elkarlanean, KLIK ekintza-programa sortu da. Maiatzetik uztailera, ekimen ugari antolatuko dira, eta haietan parte hartzen duten herritarrek, gizartean positiboki eragingo dute, ongi pasatzen duten bitartean.

Hitzetatik ekintzetara

Hitzetatik ekintzetara


Hitzetatik – Ekintzetara egitasmo berria martxan jarri dute Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek. Proiektuaren asmoa herritarrak Agenda 2030era hurbiltzea da, honek zehazten dituen helburuetan herritarrak aktibatu eta inplikatu daitezen. Horretarako, ekarpenak egiteko modu berriak eskainiko dizkie herritarrei, gertukoak, erakargarriak eta ongi pasatzera bideratuta dauden jardueren bidez.

Hala, Gipuzkoako 3. sektore eko-sozialeko eragileekin elkarlanean, maiatzetik uztailera luzatuko den KLIK ekintza-programa prestatu dute. Bertan, gozatuz elkarrekin ekitea helburu duten hainbat ekintza diseinatu dira, eta jarduera horietan parte hartuta, ongi pasatzeaz gain, gizartean inpaktu positiboa eragiteko aukera izango dute herritarrek. Gainera, KLIKek norbanakoen errealizazio pertsonala ere badute jomugan, ekarpena eginez, norbera bere buruarekin ongi sentituko baita. 

Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzea erronka kolektibo bat da, eta norbanakoen inplikazioa ezinbestekoa da. Egitasmoaren sustatzaile diren Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek azpimarratu dute herritarren aktibazioa eragiteko palanka nagusia ekintza bera dela, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa praktikan jartzea, eta KLIK programak, hain zuzen, esatetik egitera igarotzeko bidea erraztu nahi die gipuzkoarrei.

Proiektuak kezka nagusi bat izango du ardatz urtero. Lehen edizio honetan, 2. Garapen Jasangarrirako Helburua izango da: Gose eza. Zehazki, 2.1 puntuan: Pobrezia -eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonek, batez ere urtebetetik beherako haurrek, urte osoan elikadura osasuntsua, elikagarria eta nahikoa izango dutela ziurtatzea. 

Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, “Gipuzkoan geroz eta gehiago dira beren elikadura era osasungarrian osatzeko zailtasunak dituzten familia eta pertsonak”. Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 3.000.000 kilo elikagai banatu zituen 2021ean, eta gaur egun, 22.000 onuradun baino gehiago ditu. Horrez gain, Gipuzkoan pobrezia arriskuan dauden herritarren kopuruak gora egin du (biztanlegoaren %18,7 dira). Ondorioz, eta prezioen garestitzea tarteko, Elikagaien Bankuak erabiltzaileen beharrak asetzeko zailtasunak izango dituela aurreikusi du. “Herritarren inplikazioa ezinbestekoa da, izan ere, Elikagaien Bankuak banatzen dituen elikagaien ia %50ra entitateen eta herritarren ekarpenei esker lortzen dira”, azpimarratu du Aizpuruak.

Maite Peña Foru diputatuak Hitzetatik – Ekintzetara ekimenaren garrantzia azpimarratu du, egungo eta etorkizuneko erronkei heldu eta erantzunak bilatzea ahalbidetuko baitu, harreman eta sinergia berriak sortuz. “Beti diogu Gipuzkoan hirugarren sektore indartsua dugula, baina sarea zaintzen jarraitu beharra daukagu”. Kalkulatzen da Gipuzkoan 40.000 boluntario inguru daudela eta 1.000 elkartetik gora, “komunitate izaera sendoa eta boluntarioen denbora eta lan eskuzabala” oinarri hartuta. Zailtasunak ere ugariak direla gogorarazi du Peñak, hirugarren sektorea eta boluntario sarea zaindu eta zabaltzearen beharra aldarrikatuz, “horretarako, ekimen berritzaile eta garrantzitsua da Hitzetatik – Ekintzetara”.

Hitzetatik – Ekintzetara proiektuaren babesle da Gipuzkoako Foru Aldundia, Europar Batasunaren Next Generation EU-ren finantzazioaren bidez. Honez gain, Eusko Jaurlaritzaren 2030 Lehendakaritzaren babesa ere jaso du.

Asmo onak ekintza on bilakatuz: BainaBai Mugimendua

Hitzetatik – Ekintzetara-ren proposamen berritzailea herritarrak kausarekin edo helburuarekin inplikatzeko modu berri bat eskaintzean datza. Maria Rubio Kutxa Fundazioko Berrikuntza eta Inpaktu Zuzendariak azaldu duenenez, “Gizarteak, oro har, arazoa identifikatzen du eta bat dator Garapen Jasangarrirako Helburuekin. Ia %50 ekarpena egiteko prest daude, baina ez dakite nola lagundu, eta ez dute testuinguru egokia topatzen beren ekarpena egiteko”.

Ardura eta inplikazioa eskatzen dituen programa erakargarriaren bidez, Hitzetatik – Ekintzetara egitasmoak herritarrak mugiarazi nahi ditu, jarrera aldaketa bat sustatu, herritarrak BAINA esatetik BAI esatera igaro daitezen. 

Horregatik, egitasmoaren baitan sortu da BainaBai Mugimendua, BAINA esatetik BAI esatera pasatzen diren pertsonen mugimendua. Gizarte erronkekin inplikatzeko, jarrera aldatu duten pertsonak ikusarazi eta balioan jarri nahi ditu mugimenduak, norbanakoaren errealizazioa indartu eta konpromiso kolektibo baten parte direla azpimarratu. “Taldeko kide garela sentitzea eta taldeak gizartean duen eragina ikustea garrantzitsua da”, adierazi du Rubiok. 

KLIK Programa 2023 eta TOPAK jaialdia

Programa osatzeko, Kutxa Fundazioa eta Arantzazulab elkarlanean aritu dira alor honetan lanean diharduten eragileekin Guztira 23 eragilek egin dute bat egitasmoarekin, eta haien ezagutzak uztartuz sortu da aurtengo programa, bi mugarri nagusi dituena.

KLIK PROGRAMA 2023. Maiatzetik uztailera, KLIK izeneko jarduerak antolatuko dira.

Programa zehatza datozen egunetan ezagutzera emango den arren, 8 jarduera izango dituela aurreratu dute antolatzaileek, besteak beste: jangela solidario bat jatetxe bilakatuko da astebetez; gazteei zuzendutako Transformer Festa egingo dute, alferrik botatzen diren elikagaiak eraldatzeko eta aprobetxatzeko; elikagaien udaberriko bilketa handi; Food Truck Solidario ibiltaria ibiliko da Gipuzkoan; Bono Bidezko azoka bat egingo da Tolosan; BainaBai Mugimenduaren filtroa Instagramen egitasmoaren zabalkundea egiteko, etab.

TOPAK. Urrian jaialdi bat antolatuko da, urtean bizitakoaren ospakizun gisa. Aktibazio mailari eusteko eta mugimendu kolektiboa ikusarazteko aukera izango da, eta guztion inplikazioak gizarteari on egiten diola agerian jarriko du. 

Honez gain, egunerokotasunean bizi-ohiturak aldatzera bideratutako tresna edota produktuak sortu eta aurkeztuko dira bertan. Tresna horien bidez, herritarrek aukera izango dute kezka-gaiari (Gose eza) ekarpena egiten jarraitzeko, oso modu errazean. Uda ostean azalduko dira TOPAK jaialdiaren xehetasunak. 

Hitzetatik – Ekintzetara: kontratu sozial berri baten eraikuntza

Gizartea Agenda 2030eko helburuetan modu berritzailean inplikatzeko, eta egiazko inpaktua eragiteko, arlo publikoaren, pribatuaren eta herritarren arteko harremanak birpentsatzea ezinbestekoa da.

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren arabera, “Garapen Jasangarrirako helburuak lortzeak dakarren erronka handiaren mailan egoteko, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko harremanak birpentsatu behar dira, kontratu sozial berri baten oinarriak adostu. Gizartea gero eta pluralagoa, anitzagoa eta konplexuagoa da, baita indibidualistagoa ere, lotura komunitario ahulekoa”. Hala ere, norbanakoen, eragileen eta erakundeen arteko harremanak birdefinitzeko baldintzak ematen dira Gipuzkoan, izan ere, tradizioz komunitatean elkartu izan den lurraldea da, Gipuzkoaren nortasun eta izaeraren parte da erantzun kolektiborako duen indarra.

Hitzetatik – Ekintzetara proiektuari esker, Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek nortasun hori piztu eta berreskuratu nahi dute, eta gizartea eraldatzeko ekarpen berria eskaini. 

Klik programaren ko-sorkuntzan parte hartu duten eragileen zerrenda

Asociación Jatorkin AL-Nahda, Asmoz Fundazioa, Asociación de solidaridad y Ayuda humanitaria ZUTANI, Basque Culinary Center, Biziola, Bizipoza Kultur Elkartea, Bretxa Merkatua, D'Elikatuz, Gazte Ekoliderrak, Enraíza Derechos ONGD, Esperanza Latina, Gipuzkoako Elikagai Bankua, Gizalde, Gure Platera Gure Aukera, Harrera Sarea, Hernani Burujabe, Hezkide Eskola, iHub Donostia, Lagunkiro Ordizia, Ordiziako Udala, SOS Racismo, The Languages of Energy, Tolosako Udala (Eliker), Zaporeak.​​​​​​​

  

2890