Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak aztergai

Hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak aztergai

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute gaur

Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza ohituren aldaketa? Hizkuntza ohituren gaia aukeratu du Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak bederatzigarren ediziorako.

Gaia aukeratzeko garaian, han eta hemen egin diren, egiten ari diren eta egin nahi diren esperientzia berriak izan dira hari mutur nagusiak. Eta esperientziekin batera, orain arte egin diren ikerketen berri ematea da Lasarte-Oriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren asmoa. Zer dira ohiturak? Eta hizkuntza ohiturak? Hizkuntza portaerak aldatzeko ekimen sozialek lagunduko al lukete euskararen erabilera areagotzen? Galdera horiei eta antzeko beste galderei erantzuna ematea izango da aurtengo erronka. Hitzordua, berriz, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, 2017ko maiatzaren 11n eta 12an.

“Ohartu gara azken aldian hizkuntza ohiturak aldatzeko xedez esperientzia ugari eman direla. Horrelako asko, gainera, gizarte eragileen esparrutik etorri dira. Esperientzia horiek guztiak hizkuntzaren normalizazioan diharduten arduradun tekniko, politiko eta gizarte mugimenduetako ordezkariei nola mamitu diren azaltzea interesgarria iruditu zaigu”. Horrela arrazoitu du Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Euskara Sustatzeko zuzendariak aurtengo gaiaren aukeraketa.

Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak Udaltopen balioa azpimarratu, eta bederatzi urteko ibilbidean erreferentziazko topaketa bihurtu dela nabarmendu du: “batetik, egunerokoan langai ditugun horiei erantzunak ematen ahalegintzen delako eta guztiok egiten dugun lana hobetzea bilatzen duelako; eta bestetik, publikoaren fideltasuna lortu duelako. Udaltop galdu ezineko zita bihurtu da, euskara teknikarien topagune. Apurka-apurka esparrua zabaltzea eta publiko berria gureganatzea nahiko genuke”. Irizarrek azaldu duenez, gaiak hautatzeko garaian irizpidea “udalerri mailan aplikagarriak diren gaiak edota esperientziak jasotzea da”. Zentzu horretan, aurtengo gaia “erakargarria” dela uste du, eta partehartzaileen interesa piztuko duelakoan dago.  

  

1634