Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Hondakinen Kudeaketa Plan berriaren barruan lehentasunez heldu beharreko proiektuak aztertu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Hondakinen Kudeaketa Plan berriaren barruan lehentasunez heldu beharreko proiektuak aztertu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredo, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendari Javier Agirre, zepak tratatzeko instalazioan bildu dira, Eskuzaitzetan.

2021/10/01

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari eta Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok, GHK-ko zuzendari nagusi César Gimenok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendari Javier Agirrek, GIG Gipuzkoako Ingurumen Gunearen instalazioak bisitatu dituzte, gaur. Bisitan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Gipuzkoako hiri hondakinen balorizazio energetikotik datozen zepak tratatzeko instalazioa ikuskatu dute.

 

Topaketa horretaz baliatuta, aztertu dute zer-nolako lehentasunak dituzten bi erakundeek, hondakinen kudeaketari dagokionez, Euskadin dauden helburu berriak betetzeko, eta Gipuzkoak bultzatu nahi dituen lehentasunezko proiektuak analizatzeko. Helburua da sinergiak bilatzea, horiek ahalbidetu dezaten Kudeaketa Plana betetzean azkarrago aurreratzea eta Europako direktiben helburu berriak betetzea.

 

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren hurrengo proiektuak berrikusten aritu dira, hau da, foru erakundeak bultzatu nahi dituenak udal hondakinen balorizazioan eta hondakin horiek tratatzeagatik sortzen diren hondakinenean. Orobat berrikusi dute ea zer aukera dauden Eusko Jaurlaritzaren laguntza-lerro berriak hondakin horien tratamendua finantza dezan, datorren hilabetean aterako baitu laguntza-lerro hori, berreskuratze-funtsekin, EUSKADI NEXT planaren barruan.

 

Bestalde, sakondu dituzte Eusko Jaurlaritza zepen balorizaziorako prestatzen ari den dekretu berriaren edukiak, horien artean baitaude balorizazio energetikotik datozen zepak.

 

GIG-1 operazioa hasi zenetik, Gipuzkoak energetikoki balorizatzen du errefus guztia, hau da, lehenago zabortegira eramaten ziren hondakinena, urtean 160.000 MWh sortuz, gutxi gorabehera 45.000 etxe eta 130.000 pertsona hornitzeko adina energia, alegia. Balorizazio energetikoko prozesu horrek 30.000 tona zepa inguru sortzen ditu urtean, ondoren tratatu egiten direnak GIGen bigarren faseko zepak balorizatzeko plantan, hain zuzen ere, hainbat prozesuren bidez, agregakin bihurtuta obra publikoetarako eta zementua fabrikatzeko.


Tratamendua, zehazki, honetan datza: alde batetik, hoztea eta lehortzea, metalak bereiztea, birrintzea eta tamainen arabera sailkatzea, eta bestetik, egonkortzeko eta geldotzeko prozesu bat, bi hilabetekoa. Prozesu hori guztia igaro ondoren, agregakina lortzen da, gero hainbat erabilera emango zaizkiona. Bai Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendari Javier Agirrek lehen eskutik ikusi ahal izan dute prozesu horren bidez lortutako emaitza eta agregakinaren kalitate ona.

  

2157