Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Hondarribiako eraso matxista gaitzetsi du Aldundiak

Hondarribiako eraso matxista gaitzetsi du Aldundiak

Imanol Lasa foru bozeramaileak jasanezintzat jo du Hondarribiko eraso matxista eta bat egingo du bihar herrian egingo duten elkarretaratzearekin

2018/03/10

Aldundiak modu irmoan salatu du Hondarribian ostegun gauean, martxoak 8, gertatutako eraso matxista. Hala, bihar 11:45ean Puntala auzoan (Molla ibilbidea, 1) egingo den salaketa-elkarretaratzean parte hartuko dute Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eta Miren Elgerresta, Berdintasunerako Organoko zuzendariak.

Foru bozeramaileak hitz gogorrekin salatu du erasoa, esanez, "jasangaitza" dela "ikustea nola oraindik ere emakume bat kalean bertan haren bikotekideak aurpegian jotzen duen". Lehenik eta behin, erasoa jaso duen emakumearekiko elkartasuna adierazi du Lasak eta honekin batera, erakundearen ordezkari gisa "gertaeraren aurreko gaitzespenik irmoena" agertu du. Lasaren hitzetan, "Hondarribian erasoaren aurrean hainbat herritarrek izan zuten jarrerarekin bezala", "sendotasunez eta elkarrekin egin behar zaie aurre jokabide matxistei". Hala, bozeramailearentzat, "guztiz beharrezkoa da gure gizartean oraindik aurkitzen diren jokaera matxistak modurik irmoenean baztertzea".

 

Azkenik, Lasak gogora ekarri ditu gipuzkoar gizarteak berdintasunaren alde hartutako konpromiso garbia, zera adieraziz: "Gipuzkoar gisa, aukera berdintasunaren alde elkarrekin lan eiteko konpromisoa dugu eta Aldundian lan horretara lotu gara helburu batekin, Gipuzkoa erreferente izan dadila baita ere berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren kontrako politiketan".
  

1496