Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Hondarribian izango da larunbat honetan Energia Azoka

Hondarribian izango da larunbat honetan Energia Azoka

Azokaren helburua da herritarrei energia garbiaren eta eraginkorraren arloan dauden ezagutza eta teknologiak gerturatzea

2018/09/28

 

José Ignacio Asensio: “Urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan”.

Energia azoka bihar izango da Hondarribiko Damarri plazan goizeko 10:00tik eguerdiko 14:00ra bitartean; euria eginez gero Soroetan. Usurbilgo Lanbide Eskolako teknikariek bisita gidatua egingo dute 11:30tan azokako standak erakusteko. Haurrentzako txoko bat egongo da ere, non txikienek euren eskuekin eguzki plaka batekin argitzen den etxetxo polit bat egiteko aukera izango duten. Azkenik, argindar kontsumoa aurrezteko doako aholkularitza zerbitzua egongo da ere Gipuzkoa Argitu puntuan. Gipuzkoa Argitu Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuko energia aurrezteko programa bat da. Bertara argindarraren faktura ekarriz gero, aholkulari batek kontratatutakoa beraien beharretara egokitzen den azalduko die herritarrei.

Ekimena Usurbilgo Lanbide Eskolak, Ingurumeneko Departamentuarekin eta Hondarribiako Udalarekin batera, sustatutako eraginkortasun energetiko eta energia berriztagarrien inguruko sentsibilizazio, heziketa eta dibulgazio programaren parte da. Helburua herritarrei energia garbiaren eta eraginkorraren arloan dauden ezagutza eta teknologiak gerturatzea da.

Energia azoka herritar guztiei zabaldutako ekimena da. Helburua jendeak energia iturri berri eta garbiak eta kontsumo eraginkorreko teknologiak ezagutzea da, honela euren erabilera sustatuz. Horretarako hainbat stand ditugu instalakuntza mota ezberdinekin (eguzki plaka fotoboltaikoak, eguzki plaka termikoak, biomasa galdara, aerotemia, LED argiteria, tenperatura baxuko berogailuak…). Stand eta azalpen panelez gain, Usurbilgo Lanbide Eskolako irakasleak izaten dira bertanikusten dena azaldu eta zalantzak argitzeko.

Azokan aurrezpenerako, eraginkortasun energetikorako eta energia berriztagarrien erabilerarako sistema errealak erakutsiko dira. Aurrez aurreko aholkularitza puntua topatuko dugu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak hilabetero Gipuzkoako hainbat herritako azokatan eskaintzen duena. Ingurumeneko Diputatuak azaldu du “Programari esker, hainbat neurri jarriko ditugu gipuzkoar guztien eskura, neurri horietaz balia daitezen beren etxebizitza, enpresa eta komertzioen zaurgarritasun energetikoa prebenitzeko eta murrizteko. Urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan”.

  

1445