Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ibilbideen, sareen eta konexioen ondarea, Ondarearen Europako IX. Jardunaldien ardatz nagusi

Ibilbideen, sareen eta konexioen ondarea, Ondarearen Europako IX. Jardunaldien ardatz nagusi

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak aurtengo edizioa aurkeztu du, ibilbideen, sareen eta konexioen ondarea ardatz hartuta. Ekimena urrian izango da, «Kulturaren Bideak. Donde conecta la cultura» goiburupean.

2024/03/15
JEP

Kulturako diputatu Goizane Álvarezek Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien bederatzigarren edizioaren gaia iragarri du. Jardunaldi horien ardatz nagusia ibilbideen, sareen eta konexioen ondarea izango da.

«Kulturaren Bideak. Donde conecta la cultura» goiburupean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak proposamenak aurkeztera gonbidatzen ditu herritarrak, ondarea eraiki izan duten eta eraikitzen duten truke, sare eta konexioei lotutako ekitaldiak antolatzeko. Programa hori Europako Kontseiluak sustatzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du, Araba eta Bizkaiko foru aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza estuan.

Ekimen honen jarduerak urrian hasiko dira. 2024an, Ondarearen Europako Jardunaldiek inoiz baino biziago gonbidatzen dute kultur, gizarte, ekonomia, zientzia eta mota guztietako trukeek gizartean eta Gipuzkoako kulturaren ibilbidean nola eragin duten eta eragiten jarraitzen duten aztertzera. Horrela, jardunaldien edizio honetako kultura-ekitaldiek erakutsiko dute trukeek nola eraiki duten kultura-ondarea eta nola jarraitzen duten gaur egun ere eraikitzen. Azken batean, aukera paregabea da komunitateen arteko harremanek, loturek edo sareek kultura-ondarea sustatzen eta aberasten dutela erakusteko.

Horrela, programan formatu desberdinetako jarduera ugari sartuko dira: ginkanak, bisitak normalean sartu ezin diren lekuetara, bisitak azalpenekin, solasaldiak, kontzertuak, erakusketak, tailerrak eta abar; izan ere, proiektu honetan ondarea zabaltzeko erabiltzen diren formatuak askotarikoak izaten dira.

Ekimenak aurkezteko epea eta informazio bilera

Programan parte hartuko duten jarduerak Gipuzkoa Kultura webgunearen bidez proposatu ahal izango dira apirilaren 15tik ekainaren 1era bitartean. Proposamenak edonork egin ditzake, entitateek, taldeek, enpresek edo norbanakoek, betiere horien xedea bada ondarea ezagutarazteko eta jaso dugun herentzia hori eta gure nortasuna osatu duen hori deskubritzera eta gozatzera gonbidatzeko jarduera bat antolatzea.

Proposamenak aurkezterakoan antolatzaileen lana errazteko, parte hartzeko gida bat argitaratu zen 2020an. Gida eguneratua Gipuzkoa Kultura webgunean egongo da eskuragarri apirilaren 15etik aurrera.

Gainera, datorren apirilaren 5ean, ostirala, 10:00etan, bilera ireki bat egingo da Santa Teresa komentuko jardunaldietan parte hartu nahi duten guztientzat, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da. Informazio bileran, ekimena zehatz-mehatz azalduko da, ondarearen jai horrekin bat egiteko jarraibideak eta ideiak emango dira, eta sortzen diren zalantza guztiei erantzungo zaie.

Interesdunek Gipuzkoa Kultura webgunearen bidez eman dezakete izena, esteka honetan, edo posta elektroniko bat bidali dezakete gipuzkoa.oej@gipuzkoa.eus helbidera.

Jardunaldien aurreko edizioan Gipuzkoako 107 ekitaldi antolatu ziren, eta 3.600 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte. Bestalde, programa hau finkatuz doa lurraldean, eta aurreko edizioan jardunaldiak Gipuzkoako 33 udalerritara iritsi ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako programa bat da, eta hainbat kultur eragilek bat egiten dute urtero jarduerak antolatzen. Iaz 70 eragile batu ziren proiektura. Parte hartzen duen jendeak eta antolatzaileek jarduerarekiko gogobetetze maila oso altua agertu zuten dute egindako inkestetan.

Programa irisgarria

 

Ondarearen Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen ekimenak dira eta, Euskadin, hiru foru aldundiek bultzatzen dituzte Eusko Jaurlaritzarekin batera.

2016an sortu zenetik, 22.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoa osoan antolatu diren 500 ekitalditan baino gehiagotan, eta 40 udalerrik baino gehiagok hartu dituzte Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu diren jarduerak, 2016an Gipuzkoan antolatzen hasi zirenetik.

 

2023ko edizioan hobekuntza asko egin ziren pertsona guztiek aukera izan zezaten Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzeko. Programa PDF irisgarri batean argitaratu zen, eta brailezko eta erliebezko QR bat sartu zen azalean programaren PDF irisgarria deskargatzeko aukera ematen zuena.

Gainera, aurten ere Euskal Herriko Unibertsitate Publikoaren lankidetza izango du programak, Gizarte Antropologiako Graduan irakasten duen Iñaki Arrieta irakaslearen eskutik; baita proiektuaren idazkaritza teknikoa daraman K6 Gestión Cultural enpresaren lankidetza ere.

Azkenik, ekimena publiko gazteagoarengana hurbiltzeko asmoz, Ondarearen Europako Jardunaldiek bigarren urtez jarraian lan egingo dute Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduko ikasleekin.

  

1086