Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Igandean XIX. Gazta Eguna ospatuko da Idiazabalen

Igandean XIX. Gazta Eguna ospatuko da Idiazabalen

Ainhoa Aizpuruk lehen sektorea eta Gipuzkoako produktuak sustatzeko konpromisoa adierazi du.

Igande honetan, maiatzaren 1ean, ospatuko den Idiazabalgo XIX. Gazta Eguna aurkeztu da gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Prentsaurrekoan Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Ioritz Imaz Idiazabalgo Alkatea, Jose Mari Uztarroz Idiazabal Gazta izendapeneko lehendakaria eta gazta ekoizleak ordezkatuz Ines Argarate izan dira.  

Gazta Egunarekin ere Aldundiak lehen sektorea omendu nahi duela adierazi du Ainhoa Aizpuruk. Era berean, “lehen sektorea eta Gipuzkoako produktuak sustatu eta horrelako azokak indartu behar direla” azpimarratu du foru diputatuak. Idiazabal gazta Gipuzkoako produktuetako ikur bat da eta nazioartean gu ezagutzera ematen gaituen jakietako bat dela ere gogorarazi du.

Bittor Orozek bere aldetik produktuaren garrantzia gailendu du: “gazta bat ez da kalitatezko produktu bat soilik, gure kultura eta paisaiaren elementua da”. Idiazabalgo alkatea den Ioritz Imazek berriz instituzio guztien elkarlana eta babesa nabarmendu du eta eskerrak eman die artzaiei, beraiei esker duelako Idiazabalek izen ona. Azkenik, Jose Mari Uztarroz eta Ines Argaratek, bisitariek igandean aurkituko duten gazta urte guztiko lanaren emaitza dela adierazi dute eta gazta dastatzearekin batera, gaztarekiko kultura zabaltzeko eskaria luzatu dute.

Feriaren irekiera goizeko 10:00etan izango da, herritarrek eta bisitariek postu ezberdinetan eskaintzen zaizkien gazta eta produktu artesanalak ezagutu, dastatu eta eskuratu ahal izango dituzte. Gaztazaleek gainera, Idiazabal gaztako 6 pintxo 2 euroren truke eskuratzeko aukera izango dute.

10:30etan, gaztarik onena aukeratzeko herri txapelketari hasiera emango zaio. Ezinbestekoa da azpimarratzea bertaratzen diren bisitariak, bai herrikoak, baita kanpokoak ere izango direla gaztarik onena aukeratuko dutenak. Beraiek izango dira epaimahaikide.

11:00etan herriko artzainak gazta egiten hasiko dira era zahar eta modernoan. Artaldeek herria zeharkatuko dute, eta ondoren, gazta ketzen eta ardi mozte ikuskizuna, bai eskuz eta eta bai makinaz, ikusi ahal izango dute bisitariek.

11:30etan Idiazabalgo txistulari eta trikitilariek herriko kaleak girotuko dituzte herriko Axari Dantza Taldearekin batera, euskal folklore ikuskizuna momentuan eskainiz, herritarrek nahiz ingurukoek, eta baita kanpotarrek ere estimatuko dutena.

Edizio bakoitzean gaztarekin eta Idiazabalgo herriarekin zerikusia duten artzainak omentzen dira. Aurten omenduko den artzaina Iparraldeko Dominika Agergarai “Olhaso” izango da, urriaren 19an 59 urte zituela hil zena. Dominika Agergarai Azkorria gasnategiko gaztak saltzen egoten zen Idiazabalgo Gazta Egunean. Gaztaren Mamia proiektuari lotuta, Iparraldeko laborariekin egindako elkartrukeetan parte hartzen zuen Idiazabal herriarekin harreman zuzena mantenduz.

Bukatzeko, 13:30etan, Sari banaketari ekingo zaio: postu dotoreenari eta gazta onenari. Ondoren, frontoi zaharreko karpan bazkaltzeko aukera izango da.

Antolaketa eta logistikari dagokionez, doako autobusak jarriko dira Donostiako Kursaaletik, goizeko 10:30etan, Idiazabalera joateko, eta ondoren itzulera, 15:00etan izango da Idiazabaldik Kursaalera. Ibilgailuarekin etorriz gero, aparkalekua doakoa izango da Idiazabalen.

Halaber, izaldarrei baserritarrez jantzita ateratzeko gonbida luzatzen zaie. Gainera, egunean zehar haurrentzako tailerrak eskainiko dira Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroan eta asteburu osoan zehar Gaztaren Interpretazio Zentroko ateak irekiak egongo dira. 

  

1977