Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ikasle irundarrek Aldundiaren 2020 urteko aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu dituzte

Ikasle irundarrek Aldundiaren 2020 urteko aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu dituzte

Pio Baroja eskolako ikasleek gogoz parte hartu zuten batzarrean

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Aurrekontu Irekien prozesuaren barruan, asteazkenean antolatutako topaketan parte hartu zuten Irungo Pio Barojako batxilergoko ikasleek. Herritarren Partaidetzako Zuzendari Joseba Muxika izan zen bertan. Topaketak bi ordu luze iraun  zuen, eta hainbat ekarpen eta iradokizun egin zizkioten zuzendariari. Gaueko autobusaren inguruan kezka berezia agertu zuten, eta Aldundiari eskatu zioten bai ordutegiak zabaltzea, eta baita gaur egungo emakumeentzako zerbitzu berezia luzatzea eta hobetzea, segurtasuna hobetzeko. Era berean, gazteentzako kultur ekitaldi gehiago antolatzeari eta kirola egiteko leku berriak eraikitzeari buruz galdetu zuten. Hezkuntza, genero-berdintasuna, edo klima-aldaketa izan ziren beste gai batzuk.

Aldundiak dituen proiektuen berri eman zien Muxikak, bere aldetik. Parte-hartzaileei beren jarrera ona eskertu zien eta topaketa “oso aberasgarritzat” jo zuen, bertan entzundakoak kontuan hartuko dituztela aginduz. Zuzeneko komunikazioaren balioa goraipatu zuen, erakundearekiko gertutasun handiagoa sortzeko eta oraindik ere gaur egun dagoen “ezagutza falta handiari” aurre egiteko.

Aurrekontu Irekien prozesuaren barruko topaketa izan zen asteazkenekoa. Horri esker, gipuzkoarrek aukera dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontuen lanketan parte hartzeko.

Lurraldeko norbanako eta kolektiboek martxoan zehar  aurrekontuetarako proposamenak aurkezteko aukera izango dute, bai etxeetan banatu den eskuorria betez eta udal erregistroan entregatuz, bai eta sarean ere, gipuzkoa.eus/partaidetza atariko aurrekontu irekien atalean. Baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea da.

Proposamen guztiak memoria batean jasoko dira, zein proposamen onartzen diren eta zein ez argudiatuz eta arrazoiak emanez, eta parte-hartzaile guztiei bidaliko zaie. Gainera, aurrekontuetan sartu diren eskaerak eta proiektuak nola gauzatzen diren ezagutzeko, eta horien jarraipena egiteko aukera egongo da.

  

1555