Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ikasleen 223 ekarpen jaso dituzte Foru Aldundiak eta Unicefek

Ikasleen 223 ekarpen jaso dituzte Foru Aldundiak eta Unicefek

‘Haurren Erabakia’ proiektuaren lehen fasea burutu dute, “oso balorazio positiboarekin”

2018/02/26

‘Haurren Erabakia’, Gipuzkoako Foru Aldundiak UNICEFen laguntzarekin martxan jarritako egitasmoak, aurrera darrai. Haurren eta nerabeen parte hartzea sustatzea du helburu, eta hori lortzeko fase desberdinak zehaztu dira. Lehen fasea, dastatze tailerren bidez gauzatu dena, 2017ko azaro eta 2018ko urtarrila bitartean burutu da.  Lehen fase horren xedeak izan dira parte hartzeari lotutako kontzeptuak haurrei hurbiltzea, taldean lanean aritzeko klima egokia sortzea, haurren motibazio eta interesa sustatzea  eta piztea eta ebaluazioa egitea, etengabeko hobekuntza irizpidea jarraituz. Prozesua etengabe hobetzeko helburu horren baitan haurrek, irakasleek eta dinamizatzaileek lehen fasea baloratu dute, eta ondorioen baitan, aldaketak txertatu dira ondorengo tailerretan (herri mailako zein Gipuzkoa mailako tailerrak).

Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak aditzera eman duenez, ezarritako helburuak bete dira eta parte hartu duten 223 haurren (105 neska eta 118 mutil) iritzi, ekarpen eta iradokizunak jaso dira. Tailerretan haurrak “eroso sentitu dira, parte hartzeko nahia azaldu dute eta etorkizunean parte hartzen jarraitzeko gogoa dutela adierazi dute. Gainera, saioak ez zaizkie bereziki neketsuak iruditu eta giro onean lan eginda gaiak interesa piztu die. Beraz,  haurrek oso modu positiboan baloratu dute egitasmoa”.

Halaber,  lehen fase honen bidez ikusi da haurrek parte hartzearen inguruko ezagutza badutela, baina tailerren bitartez ezagutza hori sakontzea lortu dela. Dena den, herriaren ezaugarrien arabera haurrek parte hartzea ulertzeko modu ezberdina dute. Adibidez, hiri handienetan, Donostia, Irun eta Eibar kasu, haurrek parte hartzea eskatzeko eta iritzia emateko eskubidearekin lotzen dute batez ere. Azpeitian, oso barneratua dute parte hartze kontzeptua eta egunerokotasuneko ekintza gisa ikusten dute.  Ataun bezalako herri txiki batean aldiz, eskubide modura bai, baina baita norberaren ardurarekin ere lotzen dute parte hartzea. 

Dinamizatzaileei dagokienez, egindako balorazioa ere positiboa izan da. Haientzat saio hauek bereziki baliagarriak izan dira gainerako tailerretan hobekuntzak txertatzeko, hau da, dinamikak taldeetara ahalik eta hobekien egokitzeko eta, horrela, aurrekontuen tailerrean haurren parte hartzea ahalik eta aberasgarriena izateko.

Irakasleei dagokienez, tailerretan jarraitutako metodologia, egindako joko eta dinamikak, erakargarria izan dela aitortu dute. Hausnarketa eta entzute aktiboa sustatzeko ekimenak egin dira taldean eta, horri esker, tailerren helburuetako bat bete da, haurrentzat berriak diren kontzeptuen lanketa egitea, hain zuzen. Hezitzaileen ikuspuntutik,  haurrek kontzeptu berriak ulertzen eta barneratzen izan dute zailtasun gehien, baina behin horiek barneratuta hurrengo tailerretarako oinarriak ezarrita daude.

Datozen faseak

Dagoeneko herri mailako zein Gipuzkoa mailako tailerrak martxan dira. Horien bitartez haurrek beren herriei buruz eta Gipuzkoako etorkizuneko erronkei buruz hausnartuko dute. Hausnarketa horretatik abiatuta, proposamen ezberdinak landuko dituzte aurrekontu tailerretara aurkeztuko dituztenak.

Beraz, aurrekontu tailerretan, aipatu proposamenak abiapuntutzat hartuta, ekarpen zehatzak garatuko dituzte eta horiek ondoren,  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aurrekontu Irekietara aurkeztu dituzte. “Modu honetara, haurren proposamenak aurrekontu proiektuan txertatuko ditu Aldundiak eta politika publikoen diseinuan haur eta nerabeen ahotsa aintzat hartuko da”, adierazi du Lasak. “Funtsezkoa da belaunaldi berriak aintzat hartzea, gure haur eta nerabeak espazio propioa edukitzea eta ahalduntzea, politika publikoetan parte hartzeko duten eskubidea bermatuz. Etorkizuna denon artean eraiki nahi baldin badugu, begibistakoa da Gipuzkoaren etorkizuna direnen ahotsa entzun behar dugula. Etorkizuna Eraikizen barruan hasitako dinamika kolaboratiboa haurrei zabaltzeko pausoak ematen ari gara proiektu honekin”.

  

1315