Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ingurumen Departamentuak, EHUk eta HABICek ahaleginak batu dituzte enpresa gela dinamizatzeko

Ingurumen Departamentuak, EHUk eta HABICek ahaleginak batu dituzte enpresa gela dinamizatzeko

Ikasleak errazago sar daitezen lan merkatuan arkitektura eta diseinu efizienteko irizpideen pean.

2023/03/28
Hitzarmena Aula HABIC

Ingurumen Departamentuak, EHUk eta HABICek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute UPV/EHU-HABIC enpresa gela dinamizatzeko. Gela hori mundu akademikoaren eta enpresa munduaren arteko harremana indartzeko gune bat da, eta, horretarako, arkitektura, ekipamendu eta diseinu jasangarriko prestakuntza areagotzeko toki bat eskaintzen die arkitekturako ikasleei.

José Ignacio Asensio: «Gela hau mugarri garrantzitsua da trantsizio ekologikorako bidean. Tresna honi esker, gure hirietako etorkizuneko diseinatzaileak jasangarritasun irizpidea erabat integraturik trebatu eta atera daitezke lan mundura».

Ingurumen Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko UPV/EHU-HABIC enpresa gela dinamizatzeko. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Jon Begiristain EHUko Arkitektura Eskolako zuzendariak sinatu dute akordioa. Sinaduran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreira eta HABICeko presidente Mikel Martínez ere egon dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 6.000 euro bideratuko ditu guztira horretara.

Hitzarmen honen helburua da jarduerak egitea mundu akademikoaren, praktika arkitektonikoaren eta enpresa garapenaren arteko harremana areagotzeko, ikasleak prestatu eta ondoren lan merkatura igarotzea xede duen gune baten funtzionamendua bultzatuz: alegia, HABIC enpresa gelarena.

Ikasgela 2021ean sortu zen, mundu akademikoaren eta enpresa munduaren arteko harremana areagotzeko asmoz, arkitekturako ikasleei espazio bat eskainiz arkitektura, ekipamendu eta diseinu jasangarrian daukaten prestakuntza areagotzeko. Hezkuntzarako gune horretan, gainera, espazioak berritzeko ekipamenduei buruzko prestakuntza jardunaldi tekniko batzuk egiten dira, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko ikasleen prestakuntzarako interes akademikoa dutenak.

Halaber, ikasgelan ekipamendu eta fatxadetako altzari eta materialak aurki ditzakegu, baita horma eta zoru estaldurak ere, guztiak ere HABIC klusterraren enpresetakoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Habitat, Zur, Bulego eta Contract Sektoreko Kluster Elkartea). Eskainitako produktu gehienek alderdi jasangarri bat dute eta enpresek norabide horretan aurrera egiteko konpromisoa dute. Fatxadetako produktuak, estaldurak eta altzariak jasangarriak dira, eta, aldi berean, argiztapena, domotika eta ikasgelako sarbide kontrolak eraikinen energia eraginkortasuna hobetzera bideratuta daude.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu du gela hori mugarri garrantzitsua dela trantsizio ekologikorako bidean. Tresna honi esker, gure hirietako etorkizuneko diseinatzaileak jasangarritasun irizpidea erabat integraturik trebatu eta atera daitezke lan mundura». Asensiok azpimarratu duenez, «gure betebeharra da horrelako espazioak sustatzea, etorkizuneko profesionalek zero kontsumo eta emisioko eraikinen irizpideen arabera garatu ahal izan dezaten beren potentziala, PassivHaus eta antzeko estandarrak landuz».

Bestalde, UPV/EHUko Arkitektura Eskolako zuzendari Jon Begiristainek adierazi duenez, «enpresa gela aukera bat da unibertsitatea eta ekoizpen sarea harremanetan jartzeko. Unibertsitateak jakintza sortzen duen erakundea izan behar du, bere prestakuntza-helburua betetzen duela ikusita. Ildo horretan, funtsezkoa da arkitekturaren esparruan lan egiten duten enpresekin harreman zuzena izatea. Ingurumenarekiko sentsibilitatearen kontzientziazioaz eta prestakuntzaz gain, lankidetza horrek teknologia berriak ezartzea errazten du, hala nola fabrikazio digitaleko sistemak».

Azkenik, Mikel Martinez HABICeko presidenteak adierazi duenez, «Enpresa Gela proiektuak lurraldeko eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza balioesten du, enpresen lehiakortasuna eta lurraldeko biztanleen kalitatea hobetzeko. Habic-en ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak emandako laguntzak eta Arkitektura Eskolak gure sektorerako proiektu honetan emandako laguntzak gure ingurumen eta enpresa jasangarritasuneko helburuak lortzeko estrategiaren babesa dakarte».

  

2629