Ingurumen Departamentuak “Zero Emisioko” eraikin bat egingo du Naturklimaren egoitza berria jartzeko
Ingurumen Departamentuak “Zero Emisioko” eraikin bat egingo du Naturklimaren egoitza berria jartzeko
Ingurumen Departamentuak “Zero Emisioko” eraikin bat egingo du Naturklimaren egoitza berria jartzeko
Egoitza berrian 7.160.000 euroko inbertsioa egingo da, eta obrak egiteko epea 22 hilabetekoa izango da.
Eraikin berria "zero emisiokoa" izango da, jasangarritasun irizpideekin eraikiko da, material birziklatuak erabiliz eta Passivhaus diseinuari jarraituz.
Ingurumen Departamentuak Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioaren bidez kudeatuko ditu Next Generation proiektuen bidez eskuratu nahi diren Europako funtsak (200 milioi euro).
José Ignacio Asensio: "Trantsizio ekologikoak aukera ekonomiko berriak irekitzen dizkio ekonomia berdeari; Naturklimaren bidez kudeatuko ditugun Europako funtsei esker, sektorearen tamaina bikoiztu eta 10.000 lanpostura iritsiko gara 2030ean". "Naturklima Gipuzkoan ekonomia berde eta jasangarri berri bat bultzatuko duen eredu aldaketarako tresna da".
Markel Olano: “Eskuzaitzetan bat egingo du, hein handi batean, gure lurraldean ekonomia berdeari lotutako berrikuntza potentzial guztiak”
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Ingurumeneko diputatu eta Naturklimako lehendakari José Ignacio Asensiok Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioaren egoitza berriko lehen harria jarri dute, Eskuzaitzeta industrialdean. Obrak 7.160.000 euroan esleitu dira, eta 22 hilabeteko epea dute gauzatzeko. Aurreikuspenen arabera, eraikina 2023an inauguratuko da eta "zero emisiokoa" izango da, jasangarritasun irizpideen arabera eraikia, material birziklatuak erabiliz, eta Passivhaus kontzeptua (zero energia kontsumoa) txertatuko du; horrela, erreferente bihurtuko da Gipuzkoak jomuga duen ekonomia berde eta deskarbonizatuaren azpiegitura berrientzat.
Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi du bere departamentuaren helburua dela "Naturklima funtsezko pieza bihurtzea Eskuzaitzetan industria polo berdea garatzeko" ekonomia zirkularrean, trantsizio energetikoan eta klima aldaketan espezializatutako enpresen artean. Asensiok aurreratu duenez, Fundazioa tresna bat izango da bere departamentuaren Next Generation proiektuetarako eskuratu nahi dituzten Europako funtsak kudeatu eta bideratzeko, guztira 200 milioi. Proiektu horien artean, besteak beste, honako hauek aipa daitezke: behatoki bat sortzeko proiektua, klima aldaketak Gipuzkoan duen eragina monitorizatzeko; enpresen eta partikularren trantsizio energetikoa bultzatzekoa, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta gure mendekotasuna murrizteko; ekonomia zirkularraren eremuan enpresei eta ekintzaileei laguntzekoa; "plastiko jasangarriaren" polo bat garatzekoa; berrerabiltzeko eta birziklatzeko materialak prestatzeko zentro bat eratzekoa edo Naturklimaren egoitza bera eraikitzekoa.
Diputatu nagusiak adierazi duenez, "garrantzia berezia" du, egungo krisialdi egoeran, Naturklimaren eraikuntza sustatzea. Izan ere, pandemiak sortutako ondorio sozio-ekonomikoen aurrean, Gipuzkoak bere egin du Europar Batasunak "susperraldi berdea" gauzatzeko planteamendua. Alde batetik, argudiatu duenez, Naturklimak "gure lurraldeak klima aldaketaren aurka duen ahalmen berritzailea eta konpromisoa" bultzatuko ditu, gizarte gisa “erronka atzeraezina" baita. Bestalde, Olanok gaineratu du erreferentziazko zentro honek, zeina Etorkizuna Eraikizen testuinguruan garatu den, Gipuzkoako gizarte eta ekonomia sarearekin "lankidetzan", "berrikuntza teknologiko berdea eta ekonomia zirkularra lurraldean hedatzea" sustatuko duela, lanpostuak eta ekonomia aktibitate berria sortuz.
Hain zuzen ere, industriagune berean kokatuko den MUBIL Mugikortasun Berriko Poloarekin batera, Naturklima klima aldaketaren aurkako ahalegin horretan “motor eta erreferentzia” bilakatuko da. “Eskuzaitzetan bat egingo du, hein handi batean, gure lurraldean ekonomia berdeari lotutako berrikuntza potentzial guztiak”, adierazi du diputatu nagusiak.
Bestalde, Ingurumeneko diputatu eta Naturklimako lehendakaria den Asensiok nabarmendu du Fundazioa dela Gipuzkoa klima aldaketaren aurkako borrokaren buruan jartzeko bere departamentuak duen tresna: "hiru urtean lurraldea sentsorizatua izango dugu klima aldaketaren inpaktu guztiak monitorizatzeko". Era berean, Asensiok adierazi du Aldundiak klima aldaketaren kudeaketan duen inplikazio zuzenak ekonomia berdearen eta enpleguaren inguruan aukera berriak ireki nahi dituela, "trantsizio ekologikoak aukera ekonomiko berriak irekitzen ditu; Europako funtsek sektorearen tamaina bikoiztea eta 2030ean 10.000 lanpostura iristea ahalbidetuko digute". Fundazioaren lehendakari José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, "Naturklima Gipuzkoan ekonomia berde eta jasangarri berri bat bultzatuko duen eredu aldaketarako tresna da".
«Zero emisioko» egoitza
Naturklimaren egoitza berria jasangarritasun irizpideen arabera diseinatu eta eraikiko da, hau da: lehengaien kontsumoa minimizatuko da, material berdeak eta birziklatuak erabiliko dira, eta ahalik eta energia kontsumo txikiena egingo da, batez ere energia berriztagarriez hornituko baita. Diseinua "Passivhaus" delako kontzeptuari jarraituz egingo da, energia kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko, orientazioaren eta eraikinaren inguratzailearen bidez, eta eguzkiaren energia ahalik eta gehien aprobetxatzeko, airea girotzeko energia eskaria benetan txikia izan dadin eta barneko airearen kalitatea oso handia.
Eraikinak hiru bolumen izango ditu: alboetan, bina solairuko bi atal, solidoak eta ikusgarriak, zurezko xafla bertikalez egindako fatxada dela-eta; eta bien artean, erdiko atala, kristalezkoa, solairu bakarrekoa. Alde batean eremu pribatua egongo da, laneko bulegoak eta startupentzako co-working gune bat bertan direla; beste aldean, berriz, gune publikoa egongo da, auditorio bat eta erabilera anitzeko hainbat areto izango dituena, nazioarteko workshopak eta tailer publikoak egiteko. Halaber, Naturklimak berdegune bat izango du kanpoan, zuhaizti batek eta lorategi botaniko batek osatua. Lorategiak co-working espazioaren luzapen gisa funtzionatuko du, eta 'hustubide' gisa funtzionatuko du eraikineko CO2 ateratzeko.
Egoitza berrian egongo dira Klima Aldaketaren Behatokia, Klima Aldaketaren Gela eta 2 HUB, ekonomia zirkularraren eta trantsizio energetikoaren arloko industria eta enpresa soluzio berriak garatzeko, esperimentatzeko, pilotatzeko eta ondoren eskalatzeko.
2488