Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ingurumenak bat egin du Hidrogenoaren Euskal Korridorearekin

Ingurumenak bat egin du Hidrogenoaren Euskal Korridorearekin

Garraio publikoa deskarbonizatzeko apustu sendo eta ausartari eutsiz, Ingurumen Departamentuak bat egin du BH2C ekimenarekin, proiektu bati esker: garraio publikoan erabiltzeko kalitate oso handiko hidrogenoa sortzeko proiektuarekin. Zubietako Ingurumen Guneko hondakin organikoak tratatzeko instalazioan gaur egun sortzen den biogasa hidrogenoan eraldatzeko instalazio baten bidez gauzatuko da hau.

2021/03/31

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bat egin du Hidrogenoaren Euskal Korridoreari laguntzeko Interes Manifestuarekin. Petronor-Repsol da ekimen horren buru, eta, Aldundiaren atxikimenduarekin, 79 erakunderen arteko lankidetza-oinarriak ezartzen ditu.

Garraio publikoa deskarbonizatzeko apustu sendo eta ausartari eutsiz, Ingurumen Departamentuak bat egin du BH2C ekimenarekin, proiektu bati esker: garraio publikoan erabiltzeko kalitate oso handiko hidrogenoa sortzeko helburuz Zubietako Ingurumen Guneko hondakin organikoak tratatzeko instalazioan gaur egun sortzen den biogasa eraldatzeko instalazio pilotu bat egiteko proiektua.

Jose Ignacio Asensio: «Garraioa bezalako sektoreen deskarbonizazioa, azken energia-kontsumoaren % 46ren arduraduna baita, estrategikoki beharrezkoa da trantsizio energetikoa gauzatzeko eta Gipuzkoan ekonomia deskarbonizatzeko».

Gaur goizean, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Petronorreko presidente Emiliano Lopez Atxurrak jakinarazi dutenez, departamentu hori Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Proiektuari atxiki zaio.  Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Proiektuak (BH2C) lagundu egingo du teknologia garatzen eta energia- eta ekonomia-ereduak aldatzen, hainbat sektore estrategikoren deskarbonizazioan aurrera egiteko (hala nola energia, mugikortasuna, industria eta zerbitzuak). Industriaren garapenaren aldeko apustu bat da, Euskadin Petronor-Repsol enpresak sortu zuena, eta gerora beste lurralde batzuetako erakundeen babesa ere jaso duena. Suspertze ekonomikoa ekarriko du, hidrogenoaren ekonomiaren kate tekniko-industriala garatuz. 

BH2C proiektuak 1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du 2026ra arte, eta 1.340 lanpostu zuzen eta 6.700 zeharkako lanpostu sortuko ditu.

Proiektu hau estrategia integral batean oinarritzen da. Balio kate osoko 34 proiektu biltzen ditu, eta horiei Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak bultzatu duen ekimena gehitu behar zaie. Proiektu horrek palanka bat izan nahi du ekoizpen sarea eraldatzeko eta industriaren pisuari eusteko, eredu ekonomikoa eraldatzen eta aberastasuna sortzen duen sektore gisa. Horien artean, hidrogenoaren ekonomiaren «bihotzarekin» zerikusia duten proiektuak nabarmentzen dira.

Ekimena osatzen duten proiektuak honela multzokatzen dira:

  • Hidrogeno berriztagarria eta erregai sintetikoak ekoiztea.
  • Banaketaren mugikortasuna eta logistika.
  • Industriaren deskarbonizazioa.
  • Hiri eta bizitegi erabilerak.
  • Azpiegitura.
  • Industriaren garapen teknologikoa.

Gipuzkoako garraio publikoa hidrogenoaren bidez deskarbonizatzearen aldeko apustu irmoa egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak BH2C ekimenarekin bat eginez, eta klimaren helburuak lortzen lagunduko du horrela, ekonomiaren deskarbonizazioa bizkortuz eta 2050ean karbono isurpenik gabeko garraio publikoa lortuz.

Proiektu honekin, Gipuzkoako ekintza Espainiako eta Europako hidrogeno estrategiekin lerrokatu nahi da, eta garraio publikoaren deskarbonizazioari aplikatutako ekonomia zirkularreko estrategia berriak sustatzearen aldeko apustua egin, hidrogenoz elikatutako autobus berriak eta udal hondakinak biltzeko kamioi berriak jarriz.

Ingurumen Departamentuak ekarpen jakin bat egiten dio proiektuari: hiri hondakin solidoetatik datorren biogasetik eratorritako hidrogeno berdearen estrategia. Proiektuaren xedea da instalazio pilotu bat eraikitzea gaur egun Gipuzkoako Ingurumen Guneko udal jatorriko hondakin organikoak tratatzeko instalazioan sortutako biogasa eraldatzeko, eta, hala, bidaiarien garraio publikoan eta udal hondakin solidoak biltzeko kamioietan erabiltzeko oso kalitate handiko hidrogenoa sortzeko. H2aren ekoizpena eguneko 500 kilogramokoa izango da, hiriarteko 5 autobus eta hondakinak biltzeko 5 kamioi erregaiz hornitzeko bestekoa.

Instalazio horretan CO2a atzeman eta biltegiratuko da. Horri esker, autobus flota arian-arian berritzen joango da hidrogenoa erabiltzeko, eta garraio publikoa isurpenik gabeko garraio bihurtuko da. Gaur egun, giza jardueretan jatorria duten BEG isurketa gehienak energiaren ekoizpenari, eraldaketari, banaketari eta kontsumoari lotutako errekuntza-prozesuetatik datoz, garraioan, industrietan, enpresetan, etxebizitzetan, saltokietan eta zerbitzuetan. Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok honako hau adierazi du: «Garraioa bezalako sektoreen deskarbonizazioa, azken energia-kontsumoaren % 46ren arduraduna dena, estrategikoki beharrezkoa da Gipuzkoan trantsizio energetikoa gauzatzeko».

Gaur egun, Gipuzkoako Ingurumen Gunean kokatutako biometanizazio plantan (gaikako bilketatik datozen udal hondakin organikoak tratatzen dira bertan), urtean 55.000 tona tratatzen dira etengabe, eta 2030. urtean urteko 70.000 tona izatea aurreikusten da. Tratamenduaren ondorioz, gaur egun 650 Nm3 orduko biogas emaria lortzen da.

Oraingo biometanizazio planta birmoldatuz hidrogenoaren instalazio pilotua abian jartzeak proba-banku gisa eta I+G gisa balioko du estatu osorako; izan ere, asko eta asko dira hidrogenoaren sektorerantz eralda daitezkeen biometanizazio plantak. Biogasa hidrogeno bektore energetiko bihurtzea apustu sendo eta ausarta da lurralde garapenaren alde, bai hidrogenoaren I+Gn, bai eta –biogas motorren bidez energia elektrikoa ekoizteko eta ondoren sortutako elektrizitatearen sare elektriko nazionalera iraultzeko ohiko alternatiben aldean– biogasari balio erantsi handiagoa ematen dioten soluzioen bilaketan ere.

 

  

3198