Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ingurumeneko Departamentua eta Ceit lankidetzan arituko dira Gipuzkoan ekonomia zirkularra bultzatzeko

Ingurumeneko Departamentua eta Ceit lankidetzan arituko dira Gipuzkoan ekonomia zirkularra bultzatzeko

Ingurumeneko Departamentuak eta Ceit Ikerketa Zentroak I+G+B lankidetza-hitzarmena sinatu dute.

2020/05/29

José Ignacio Asensio: “Teknologia berdeen ikerketa funtsezkoa da Gipuzkoa Green Dealeko Europako politiketan kokatzeko eta ekonomia zirkularra eta enpleguaren sorrera bultzatzeko”.

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumeneko diputatuak eta José Ignacio Terrés Ceit-IK4 Ikerketa Zentroko kudeatzaileak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Ekogras enpresak sortutako hondakin batzuekin lan egingo duen I+G+B lerro bat irekitzeko. Lerro horrek hondakinak berreskuratu eta birziklatuko ditu. Ekogras hondakinak berreskuratzen eta birziklatzen dituen enpresa da, eta etxeko olioa birziklatzen egiten duen lanagatik ezaguna da.

Ceit eta Ekogras zentro teknologikoak ‘GK Recycling’ Birziklapenaren Klusterraren parte dira, eta, beraz, hitzarmen honek elkarte horretako enpresen arteko lankidetza ere jasotzen du. Horrela, Gipuzkoako ekonomia zirkularra bultzatzen da, hondakinen berreskuratzea eta tratamendua aztertuz, ondoren hainbat industria-prozesutan erabiltzeko. Ekimen horiek hondakinen egungo plangintzan jasotzen dira, 2019-2030 GHHKPOk horrelako ekintzak jasotzen baititu bere birziklatze-programan. Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “teknologia berdeen ikerketa funtsezko faktorea da Gipuzkoa Green Dealeko Europako politikekin kokatzeko, ekonomia zirkularra eta enpleguaren sorrera bultzatuz”.

Ikerketa-ildo horretan, Ceit-ek Ekograsko bigarren mailako hondakinen balorizazioaren bideragarritasun tekniko-ekonomikoaren azterketa zehatza egingo du. Helburua da sinergiak bilatzea Ekograsek gaur egun olio erabiliarekin egiten duen balorizazioaren eta hondakin-korronte berriek (kafearen azpiproduktuek, esaterako) sortzen dituzten aukeren artean. ‘Kafea Project’ kapsulak bildu eta birziklatzeko proiektuari esker ari da sortzen balorizazio hori. Proiektu horretan parte hartzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, Ekogras eta Lavazzak.

Ceit-ek laborategiko esperimentazioa konbinatuko du kafe-azpiproduktuaren biometanizazio-saiakuntzen bidez, hainbat egoera aztertzeko eta prozesu osoa optimizatzeko simulazio-tresnekin. Azterketa azpiproduktu horretan oinarrituko da, eta bigarren mailako korrontetzat hartuko dira hondakin-uretatik lortutako lohiak, olio-iragazketaren hondakin solidoa eta Ekograsen bildutako olioa bera. Ikerketak zati esperimental bat eta modelatze matematikoaren bidez egindako optimizazio bat konbinatuko ditu, eta prozesuaren baldintza hoberenak eta biometanoaren ekoizpena maximizatzen lagunduko duten hondakinen balizko nahasteak identifikatuko ditu.

José Ignacio Asensio foru-arduradunak azaldu duenez, biometanizazioa errealitate bat da Gipuzkoan, eta dagoeneko badu instalazio bat Gipuzkoako Ingurumen Gunean (GIG-2). “Hondakinak tratatzeko sistema honen bidez energia lortzen da baldintza anaerobioetan sortzen den metano gasaren errekuntzatik abiatuta. Gipuzkoako ekonomiaren hainbat sektoretan sortzen diren beste hondakin-korronte batzuetarako potentzial handia duen teknologia da”, adierazi du Asensiok.

Ceit-eko Uraren eta Osasunaren Dibisioko zuzendari Enrique Aymerichek adierazi du funtsezkoa dela erakunde publikoen, ikerketa-zentroen eta enpresen arteko lankidetza publiko-pribatuaren eskema horiek indartzea, Gipuzkoa ekonomia zirkularraren erreferente bihurtzea lortu nahi badugu. Hitzarmen honen arabera, GK Recycling-eko enpresa batek negozio-ildo berriak irekitzeko dituen beharrak eta Ceit-ek azpiproduktu organikoen balorizazioan duen esperientzia (zehazki, biometanizazioan) bateratzen ditu.

Hitzarmenaren garapenean, Ceit-ek, lehenik eta behin, baloriza daitezkeen hondakin-korronteen osaera aztertu nahi du: kafearen azpiproduktua, hondakin-uretan lortutako lohia, olioa iragaztetik sortutako hondakin solidoa eta Ekograsen bildutako olioa. Horretarako, hondakinen karakterizazioa egingo da. Bigarrenik, aipatutako hondakinen biometanoaren ekoizpen-potentziala balioesteko saiakuntzak egingo dira. Gainera, Ceit-ek kafe-azpiproduktuaren eta gainerako hondakinen biometanizazio-prozesua simulatzeko gai den eredu matematikoa garatu eta kalibratuko du. Eredu horren bidez, hondakinen nahasteak biogasaren ekoizpenean duen eragina baloratuko da, eta biometanizazio-prozesua optimizatu ahal izango da.

Simulazioaren bidez lortutako datuak laborategiko saiakuntzen bidez baliozkotuko dira. Saiakuntza horietan, hondakinen hainbat nahaste probatu eta biometanoaren ekoizpena monitorizatuko da. Azkenik, kafearen azpiproduktua balorizatzeko energia-potentzialaren azterketa egingo da, eta planteatutako soluzioaren potentziala eta biometanizazioa Ekograsen tratamendu-teknologia gisa erabiltzeko aukera aztertuko dira.

  

1716