Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ingurumeneko Departamentuak eguzki-energia berriztagarrian eta autokontsumoan oinarritutako energia-eredua aurkeztu du

Ingurumeneko Departamentuak eguzki-energia berriztagarrian eta autokontsumoan oinarritutako energia-eredua aurkeztu du

Energiari jardunaldien hamargarren edizioan, energia-arloko hainbat aditu elkartu dira.

2020/10/08

José Ignacio Asensio: “Gipuzkoak lurralde-eredu energetiko bidezkoa bultzatu nahi du, energia-eskariaren kudeaketa eraginkorrean oinarrituta eta pertsona energia-sistemaren erdigunean jartzen saiatuta. Hori ekonomia deskarbonizatu eta lehiakorrerantz aldatzeko palanka nagusitzat hartuta”.

 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak gaur goizean inauguratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatutako ENERGIA jardunaldien hamargarren edizioa. Jardunaldi horien helburua da tokiko komunitateetan autokontsumoaren esperientziak ezagutaraztea, beste erkidego batzuetarako eredu izan daitezen eta energia-trantsizio bidezko eta jasangarria lor dadin.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua Gipuzkoa 2050 Energia-Jasangarritasunaren Estrategiaren izapideak egiten hasi da. Estrategia horren bidez, lurralde-eredu energetiko justua bultzatu nahi da, energia-eskariaren kudeaketa eraginkorrean oinarrituta, energia-eskaria ekonomia deskarbonizatu eta lehiakorrerantz aldatzeko tresna nagusia baita.

 

Horretarako, “Autokontsumoa gure herri eta hirietan” energia-topaketa antolatu du Koldo Mitxelenan. Energiaren kontzeptua jendearen eskuetan jartzen du, eta horren helburua da beste energia-eredu bat posible dela frogatzea.

 

Gipuzkoak kanpoarekiko duen energia-mendekotasuna %9 2,77koa da gaur egun, eta, beraz, gure autohornikuntza % 7,23koa baino ez da. Gipuzkoa 2050 Energia-Jasangarritasunaren Estrategiaren helburuetako bat da energia primario berriztagarria sortzeko lurralde-gaitasuna handitzea, eraikinen eta hirigintza-jarduketako unitateen autokontsumorako energia-sorkuntza banatuko eredu baten bidez, iturri berriztagarriak eta sostengurako jasangarritasun energetikoko beste teknologia batzuk erabiliz (eraikinen birgaitze energetikoa, mugikortasun elektrikoa, biltegiratzea eta mikrosareak) ezarpen-eredu iraunkorrekin, teknikoki kaudimendunak, ekonomikoki errentagarriak, sozialki partekatuak, biodibertsitatearekin eta lurraldearen erresilientziari eustearekin bateragarriak, eta errendimendu-banaketa orekatua -publikoa, kolektiboa eta pribatua- duten negozio-ereduekin.

 

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoak lurralde-eredu energetiko bidezkoa bultzatu nahi du, energia-eskariaren kudeaketa eraginkorrean oinarrituta eta pertsona energia-sistemaren erdigunean jartzen saiatuta. Hori ekonomia deskarbonizatu eta lehiakorrerantz aldatzeko tresna nagusia da”.

 

Estrategiaren arabera, energia-eredu berriak hiru oinarri nagusi izan behar ditu: aurreztea, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak. Gaur egungo gizarteak bi erronka handiri egin behar die aurre: klima-aldaketa eta erregai fosilen agortzea. Biak dira energiaren prezio garestien eta ingurumenaren narriaduraren erantzule nagusiak.

 

Erakunde eta ikasketa esparruko adituak eta ordezkariak bildu dira topaketa honetan. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak ireki du ekitaldia. Ondoren, Marta Victoria Pérez ingeniari aeronautikoak eta eguzki-energiako doktoreak parte hartu du, eta energia-trantsizioak nolakoa izan behar duen azaldu du. Halaber, Estefanía Caamaño UPMko Eguzki Energiaren Institutuko Telekomunikazioko doktoreak eguzki-energiak gure hiria bere buruaz aski egin dezakeen ala ez garatu du; Juan Sacrik, energia-sektorean espezializatutako industria-ingeniariak, energia berriztagarriko tokiko komunitateen berri eman du; bestalde, Carlos Pesquek, ECODESeko klima-aldaketari eta energiari buruzko teknikariak, eguzki-auzo berriztagarrietan eta solidarioetan jarri du arreta; azkenik, Xabier Loyartek, GOIENEReko merkataritza- eta sorkuntza-teknikariak, autokontsumo kolektibotik energia-erkidego berrietara igarotzeko aukeren erakusketa egin du.

  

1506