Ingurumeneko Departamentuak eta Surfrider Espainiak boluntarioen nazioarteko eguna ospatu dute
Ingurumeneko Departamentuak eta Surfrider Espainiak boluntarioen nazioarteko eguna ospatu dute
Gipuzkoako 60 boluntarioen lana aitortu dute itsas-zaborren bilketan.
Ekitaldiaren bitartez, eskerrak eman nahi dizkiegu «Kostaldea eta Zu» proiektuko boluntarioei egin duten lanagatik, eta baita saritu ere egindako ahaleginagatik.
Jardunaldi horretan Mutrikuko BHIko eta Zumaiena Ikastetxeko ikasleek egindako bideoak aurkeztu dira, bai eta Txingudiko paduretan egindako zabor-bilketaren gainean egindako lana ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak finantzatu du proiektua.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren eta Surfrider España Gobernuz Kanpoko Erakundearen zeharkako proiektu bat da «Kostaldea eta Zu», eta helburu du itsas zaborren problematika ezagutaraztea eta konponbideak bilatzea Gipuzkoan. Proiektu hori zenbait ekimenez osatuta dago, zeintzuek zerikusia baitute hezkuntzarekin, herritarren zientziarekin, boluntariotzarekin, artearekin, eta ozeanoaren babesean inplikatutako lurralde erakundeen arteko konexioarekin.
Maiatzaren 5ean Nazio Batuen Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatzen denez, erakunde antolatzaileek urtero bezala saritu nahi izan dute proiektuarekin zerikusia duten eta zabor-bilketetan edo ikasgelako saioetan parte hartzen duten boluntarioen lana: Mutrikuko BHIko ikastetxeak, Zumaiena Ikastetxea, eta Nagusilan, adin nagusikoen taldea.
Abenduaren 3an Donostiako Aquariumean antolatutako jardunaldian, jarraian aipatzen diren Gipuzkoako hondartza eta naturaguneetan hondakinen ezaugarriak zehazteko erabili diren datuak eta metodologiak aurkeztu dira: Burumendi (Mutriku), Inpernupe (Zumaia), Murgita (Donostia), Jaitzubia (Hondarribia), Alcolea (Mutriku) eta Orrua (Getaria)
Gainera, Zumaiena Ikastetxeko eta Mutrikuko BHIko ikasleek bideoak aurkeztu dituzte proiektuak beren ohituretan eta ezagutzetan duen eragina erakusteko. Ondoren, Surfrider Españak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak proiektuaren esparruan ekoiztutako eta Luz Norte Films-ek egindako bideoa erreproduzitu da. Bideoa abenduaren amaieran egongo da eskuragarri sare sozialetan eta Surfrider Españaren Youtube kanalean.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak ohartarazi duenez, «itsas ingurunean dagoen zaborra gehitzen ari da eta, hori arazo globala denez, egoera konpontzeko neurriak hartu behar dira». Halaber, hau adierazi du: «gure itsaso eta hareatzetan dauden hondakinen eta itsas plastikoen arazoa Gipuzkoak aurrez aurre duen ingurumen-arazo garrantzitsuenetako bat da».
Xavier Curto Zafra Surfrider Españako intzidentzia politikoaren eta enpresarekiko harremanaren arduradunak adierazi duenez, "Ingurumenaren Europako Agentziaren arabera, urtero 10 milioi tona hondakin iristen dira. Datozen urteetan, gure ahalegin guztiak bideratu beharko ditugu benetako konponbideak ahalik eta azkarren aurkitzeko». Maria Ballesteros Surfrider Españako hezkuntza eta boluntariotzaren arduradunak esan duenez, «guztiok jar dezakegu gure hondar aletxoa, eta horregatik, «Kostaldean eta Zu» proiektuan parte hartu duten pertsona guztien lana eskertzen dugu, bereziki boluntarioena. Lan horri esker, gure kostaldearen egoera hobeto ezagutzeko eta gure ohiturak nola aldatu jakiteko aukera dugu».
1670