Ingurumeneko Departamentuak eta TECNUMek web plataforma bat garatuko dute Gipuzkoan lehengai berriak egiteko
Ingurumeneko Departamentuak eta TECNUMek web plataforma bat garatuko dute Gipuzkoan lehengai berriak egiteko
Ingurumeneko Departamentuak eta TECNUMek web plataforma bat garatuko dute Gipuzkoan lehengai berriak egiteko
“Circular Market” web plataformak Gipuzkoako enpresek izan ditzaketen sinergiak eta elkarlanerako aukerak antzemango ditu.
José Ignacio Asensio: “Ekonomia zirkularrak baliabideak aurrezten ditu, isuriak gutxitzen ditu eta Gipuzkoak ekonomia berderantz aurrera egiteko aukera ematen du, 2030a baino lehenago 10.000 lanpostura iristea lagundu dezakeena”.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Raúl Antonek, TECNUMeko Ikerketa Zentroko zuzendariak, Gipuzkoako Foru Aldundian hitzarmena sinatu dute, Gipuzkoako enpresek elkarlanerako dituzten aukerak aztertzeko, sortutako hondakinak baliabide eta lehengai gisa erabiliz. Ikerlanak lehengaiak fabrikatzea helburu duen hondakinen merkatua sortzeko oinarriak finkatuko ditu. “Circular Market” aplikazioaren bitartez gorpuztuko da. Plataforma honek hondakinak, baliabide gisa, trukatzea erraztuko du, horrela, eskaria eta eskaintza sortuz, eta baliabideen zikloak amaitzen lagunduz. Azterlana Tecnumek egingo du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak finantzatuko du 20.000 euroren bitartez.
Era berean, ekimen zirkularra garatzerakoan sortzen diren sinergiak hautemango dira, eta parte hartzen duten enpresen ezaugarriak, irizpideak eta beharrak aztertuko dira, desberdintasunak azalduta. Plataformaren xedea izango da espazio bat izatea enpresen artean produktuak eta azpiproduktuak trukatzeko, eta makinen edo ordezko piezen alokairua edo salerosketa errazteko, eta, horrela, berrerabilera sustatzeko. Halaber, esparru bat edukiko du, instalazioak edo zerbitzuak partekatzeko interesa duten enpresak harremanetan jartzea errazteko. Horrez gain, espazio bat egongo da, enpresek ekonomia zirkularrari xedatutako lankidetza proiektuak proposatu ditzaten, eta, azkenik, arrakasta izan duten kasuak, praktika berriak eta ekonomia zirkularraren ereduak argitaratuko ditu.
Sinatutako hitzarmenak ikerketaren baitan ondorengo lanak garatuko direla ezartzen du: plataformari eragiten dioten lege alderdien azterketa; proba fasea, gerta daitezken gorabeherak antzemateko; workshop bat egitea, enpresei plataforma nola erabili behar den erakusteko eta abantailak ikustarazteko; plataforma elikatzea, enpresen baliabide eta beharrekin; plataforma nola erabili eta hobekuntzak egitea; plataformaren bidez eskuratutako datuak aztertzea; eta emaitzei buruzko txostena egitea eta zabaltzea.
Asensiok azaldu du hiru ardatz nagusi dituen ekonomia zirkularreko ereduan aurrera egin behar dela: ingurumenaren ardatza, Lurrarekiko errespetua duena eta jasangarria dena, berotegi efektuko gas gutxiago isurtzen duena eta gertutasuneko ekoizpen eta fabrikazio jasangarria sustatzen duena; gizarte ardatzarena, ekonomia zirkularraren sustapenean estrategikoki kokatzen diren herrialde, lurralde eta hiriak enpleguaren motorra izan daitezen; eta azkenik, ekonomikoarena, ekonomia zirkularrean oinarria duena eta gure enpresa zein industriarentzako hazkunde aukera dena. Honen inguruan foru arduradunak adierazi du “ekonomia zirkularrak klima aldaketaren alorren zeresan handia duela, “indarrak batu behar ditugu eta hondakinak zein klima aldaketa aberastasuna eta enplegua sortzeko aukeran bilakatu behar dugu Gipuzkoa jasangarriagoa lortuz”.
Ekonomia zirkularra eredu ekonomiko berri bat da, garapen ekonomikoa era ingurumenerako jasangarrian bideratzea bilatzen duena. Eredu honek, ekonomiaren oinarrirako, proposatzen du baliabideak ziklo biologikoetan eta teknikoetan erabiltzea eta errekuperatzea erauzketa, eraldaketa, banaketa eta kontsumoaren faseetan, horrela material fluxuen erabilera eraginkorragoa eta hondakinen minimizazioa bilatzen da eta sinbiosia sustatzen da.
Ingurumeneko Departamentua aurrera egiten ari da ingurumena hobetzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko lanean, eta horretarako, Gk Recycling birziklatze klusterra eta GK Green Fashion moda jasangarriaren klusterra sortzeko urratsak egin ditu. Bere aldetik, TECNUM ikerketa zentroak aspaldi honetan ari da lanean enpresak eredu linealetik eredu zirkularrera igarotzeko trantsizioaldi hori ondo egin dezaten informatu eta sustatu beharra nabarmentzen, eta, ildo horretan, enpresa txikiak eta ertainak ekonomia zirkularrera atxiki daitezen.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak nabarmendu du ekonomia zirkularrak baliabideak aurrezten dituela, isuriak gutxitzen dituela eta “Gipuzkoak ekonomia berderantz aurrera egiteko aukera ematen duela, 2030a baino lehenago 10.000 lanpostura iristea lagundu dezakeena”.
1431