Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ingurumeneko diputatua gazteekin elkartu da klima aldaketaren arazoa aztertzeko eta haien proposamenak jasotzeko

Ingurumeneko diputatua gazteekin elkartu da klima aldaketaren arazoa aztertzeko eta haien proposamenak jasotzeko

“Gazteen ikuspegia ezinbestekoa da klima aldaketaren arazoari aurre egiteko"

2017/10/24

 “Millennials: gazteak eta klima aldaketa” topaketak Euskal Herriko Unibertsitateko, Usurbilgo Lanbide Heziketako Institutuko eta Mondragon Unibertsitateko 86 ikasle bildu ditu Kursaal aretoan.

Jardunaldiak helburu nagusitzat du klima aldaketaren inguruan sentsibilizatzea, gaia ezagutaraztea eta aurrera egitea.

Klima aldaketaren Nazioarteko Egunarekin batera, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua unibertsitateko gazteekin elkartu da klima aldaketaren arazoa aztertzeko eta zuzenean ezagutzeko gazteek zer iritzi duten eta zer nolako proposamenak dituzten planetako ingurumen erronka nagusiari aurre egiteko. Jardunaldian parte hartu duten ikasleak, 80tik gora, EHUn eta Mondragon Unibertsitatean ari dira ikasten. Jardunaldietan izan dira, orobat, Usurbilgo Lanbide Eskolan ikasten duten Lanbide Heziketako ikasleak ere. 

Jardunaldiak helburutzat du, besteak beste, ezagutzea “millennials” belaunaldiko gazteek nola hautematen duten klima aldaketaren arazoa, zein den gaiarekiko daukaten ezagutza maila, nondik jasotzen duten horren inguruko informazioa, zer jarrera eta jokabide daukaten erronka horrekiko, ba ote duten egoera hobetzen lagunduko duten jokabideak aldatzeko aldez aurretiko jarrerarik, eta zer jarduera proposamen egiten dizkioten administrazioari arlo horretan. Gaur egin duten saioan, dokumental bat proiektatu da, arreta gaur egungo gizarteak berokuntza globalari lotuta dituen erronka nagusietan jartzeko. Ingurumeneko diputatuak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundia arazoari aurre egiteko zer estrategia eta jarduera ari den martxan jartzen. Ondoren, parte-hartze dinamikoko tailer bat egin da, eta, hari esker proposamen ugari bildu dira. Proposamen horiek departamentuan aztertuko dira, eta, ondoren, arlo horretan egin asmo diren ekintza planetan eta sentsibilizazio kanpainetan sartuko.

Gazteekin egindako topaketa hau Foru Aldundiaren Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoan lehen aldiz martxan jarri duen Klima Aldaketaren Aurkako Ekintza Programaren parte da, abiarazi dena Klima 2050en (Klima Aldaketaren 2050 Euskal Estrategia) definitutako estrategiak tokian-tokian garatzeko asmoz. Klima aldaketari buruzko foru programa honen xedea da laguntzea lehengaien eta erregai fosilen kontsumoa gutxitzen, isurketak murrizten, eta laguntzea, halaber, klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasak (BEG) gutxitzen. Ildo horretan kokatzen dira, hain zuzen, departamentuak argindarra aurrezko sustatzen dituen politikak (Argitu programa), eraikuntza publikoetan energia berriztagarriak ezartzeko sustatutakoak, hondakinen prebentziorako garatutako estrategiak eta Birziklatzearen Klusterra. Jarduera horiek Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzeko plan batekin batera doaz, eta, gazteekin egin den jardunaldiaz gain, aurten, trantsizio energetikoari buruzko jardunaldia eta “Klima aldaketa eta hondakinen kudeaketa” udako ikastaroa ere egin dira. 

Asensiok nabarmendu duenez, klima aldaketa “arazo globala da, baina tokiko konponbideak behar ditu, eta belaunaldi berrien papera ezinbestekoa da horretarako”. Gainera, adierazi du politika horiek guztiek bat egiten dutela etorkizunean martxan jarriko den Gipuzkoako Klima Aldaketaren eta Energia Berriztagarrien Zentroaren xedearekin eta haren parte izango direla. Zentro hori Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programaren barruan sustatzen duen proiektu estrategikoetako bat da. 

 

  

1651