Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Inoizko garraio luzeenak bi bidaia egingo ditu datozen egunetan Gipuzkoako errepideetan

Inoizko garraio luzeenak bi bidaia egingo ditu datozen egunetan Gipuzkoako errepideetan

Pasaiako portutik irten eta Oiartzungo Arkalera iristen bi gau beharko ditu 98,100 metro neurtzen dituen mega garraioak

2017/03/23
Aintzane Oiarbide

Hilabete gutxiren barruan, beste ezohiko garraio bat ikusiko dugu datozen egunetan Gipuzkoako errepideetan. Nahiz eta pisuz eta zabaleraz azaroan izan genuen garraioa baino txikiagoa izan, datorren astelehen gauean, Pasaiako portutik aterako dena luzeagoa izango da, eta 98,100 metrorekin, orain artean gure errepideetan ikusi den garraio luzeenean bilakatuko da. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuak adierazi du garraio hori aurrekoa baino “zailagoa” izango dela eta, horren adibide, 16 kilometroko ibilbidea egiteko bi etapa beharko dituela. “Oraingoan ez da gaitasun handiko errepideetatik joango eta egokitzapen ugari egin behar izan dira tamaina horretako garraioa pasa dadin. Errenteriatik Irunera doan GI-636 errepidean eta Oiartzunetik Irunera Kateatik doan errepidean (GI-2134) egingo du ibilbidearen zati nagusiena. Dena den, AP-8an joan-etorriko maniobra bat egin beharko du estruktura baten galiboak derrigortuta”, gehitu du Oiarbidek. “Gauez mugituko da, trafikoan ahal den eragin txikiena izan dezan; baina, hala ere, saihestezina izango da erabiltzaileen artean izango duen eragina. Errepideen geometria kontuan izanda, garraioa mugitzen den lekuak erabat moztuta egongo dira trafikoarentzat”, zehaztu du Bide Azpiegitura diputatuak.

Bi bidaia egingo ditu garraio berezi honek Pasaiako portua eta Oiartzungo Arkale artean. Bi transformadore eramango ditu, bat bidaia bakoitzean. Astelehen gauean abiatuko da Pasaiako portutik Arkaleko azpi-estaziora lehendabiziko transformadorea. Bi etapa beharko ditu helmugara iristeko, baina ez dira jarraian egingo. Lehendabiziko gauean portutik Lintziringo poligonorainoko bidea egingo du, eta bertan geldituko da asteazken gauera arte. “Garraio honek aparteko zailtasunak ditu. Errepide lokaletatik joango da gehien bat, eta  ibilbideko bihurguneak direla eta, garraioaren konfigurazioa eraldatu egin beharko da. Horregatik, astearte gauean ez da errepidera aterako aldaketa guztiak egin ahal izateko”, zehaztu du Aintzane Oiarbidek. 

Lehendabiziko etapan 98,10 metroko luzera, 5,5 metroko zabalera, 4,80 metroko garaiera eta 654 tonako pisua ditu. 38 ardatzeko garraio bat prestatu dute pieza eraman ahal izateko. Bi trakzio buruk tirako dute aurretik eta beste batek bultzatuko du garraioaren atzeko aldetik. Bigarrengo etapan, Lintzirinetik helmuga duen Arkalerako azpi-estazioraino iritsiko da. Hau izango da etapa luze eta korapilatsuena; 12 kilometro inguru egiteko, 8 ordu beharko direla aurreikusten da. “Moldaketa ugari egin dira ibilbidean zehar garraio hau pasa dadin: biondak, seinaleak, semaforoak, medianak, irlatxoak … kendu edo egokitu dira. Hala eta guztiz ere, lau tramutan garraioaren norabidea aldatzeko trakzio buruak lekuz aldatu beharko dituzte”, aurreratu du Silvia Perez Errepideetako zuzendariak.

 “Gipuzkoako orografia ez da egokiena horrelako garraioak egiteko, baina lurraldean ditugun enpresek gero eta teknologia aurreratuagoa erabiltzen dute eta gero eta behar bereziagoak dituzte. Gainera, ezin dugu ahaztu Pasaiako portuarentzat eta horrelako garraio erraldoia antolatu duen enpresa gipuzkoarraren lehiakortasunarentzat, aparteko negozio-aukera dela. Gipuzkoako Foru Aldundiak gure errepideen bidez lagunduko du lurraldearen sustapen ekonomikoan”, gehitu du Aintzane Oiarbidek.

Neurri eta ezaugarri antzekoak dituen bigarren garraio bat egingo da apirilaren 2ko eta 4ko gauetan. Lehenengoaren ibilbide bera egingo du, eta bi garraioetan Ertzaintzak zuzenduko du trafiko operazio guztia.

  

1818